2015(e)ko urtarrilaren 11(a), igandea

SHELDON SINDROMEA





Sheldon Cooper-ek ez daki gezurrik esaten. Bere buruari buruzko iritzia ezin hobea du eta naturaltasun osoz adierazten dio entzun nahi duenari. Berarekin bizitzea ez da batere erraza. Hark idatzitako arauek ez dute eztabaidarik onartzen. Bere tokia etxeko sofan, bere atea jotzeko era, komunaren erabilera... den-dena dago zehatz-mehatz neurtuta eta ezinbestean finkatuta. The Big Bang Theory telesaioan, Sheldon Lee Cooper, JimParson aktoreak bikain antzeztuta, Texas hegoaldeko fisikaria da. Adimen-koefizientea 187koa du eta Leonard Hofstadter izeneko eraman handiko lankide batekin bizi da. Sheldon Cooper-en nortasuna ez da, hasiera batean, harekin maitemintzeko modukoa. Tipo narritagarria, harroa, hantustea, buruiritzia, pedante hutsa dugu hau. Artikuluren batean irakurri nuenez, gidoilariek ezin dute argi eta garbi aipatu –guztiz problematikoa izan liteke eta- baina “Asperger” sindromeak erakusten dituen ezaugarri askorekin osatu zuten pertsonaia. Asperger sindromea espektro autistaren barruan dagoen desordena bat da. Sindromea duen pertsonak giza elkarrekintzarako eta komunikaziorako zailtasunak izan ohi ditu. Horrez gain, bere gustuko jarduera eta interesak nahiko mugatuak eta kasu askotan estereotipo erakoak izaten dira.
Berriki sarean zabaldu zuten “fake” horietako bat aktorearen heriotzaren berria emanez eta minutu gutxitan mundu osoko jarraitzaileek beren ardura eta egonezina erakutsi zuten.
Fenomenoa horren apartekoa da ezen berari buruzko lanak argitaratzen baitira. Toni de la Torrek sinatutako La Vida Según Sheldon liburuan, bost ataletan banatzen dira “bizitzarako baliagarriak izan daitezkeen” Sheldonen ikasgaiak; besteak beste hauek: Inork ez dizu esan behar zu “bitxia” zarenik; zure erabakiek ziurtasunetan oinarritu behar dute; errefusatu gogobetetzen ez zaituzten arau sozialak; bilatu beti alde baikorrak; ez oinarritu zure zoriona bikotea edukitzean; izaten baduzu ez utzi haren irizpidea inposa dadin; ikasi etengabe eta ez galdu zure denbora merezi ez duenagatik negarrez...
Hau guztia horrela izanda, galdera hau da: Nolatan horrenbeste alde txar dituen pertsonaia batek lor dezake halako onarpena?
Nire ustez Sheldonen xarma bere erabateko zintzotasunean datza. Umemoko garenean, burutik pasatzen zaiguna esaten dugu, ondorioak neurtu barik. Saguek esperimentuetan bezalatsu, handitzen garen heinean karranpaz karranpa ikasten dugu gure hitzak moldatzen, ditxosozko elkarbizitza deitzen denaren alde. Guztiz zintzoa izatea ez da batere gomendagarria. Izan ere, elkarbizitza ezinezkoa izango litzateke denok beti argi eta garbi benetan pentsatzen duguna azalduko bagenu. Baina Sheldonek ezin du horrela jokatu. Edozein egoeratan bere egia, egia huts-hutsa, esateko prest dago eta egia, askotan ez da politikoki zuzena. Horrek zoragarria bihurtzen du bere portaera.
Bestalde, badago beste alde berri samar bat gai honetan. Gutxitan bezala, egiatan existitzen ez den morroi bat benetakotzat hartu du jendeak. Sheldonen esanik barregarrienak, Sheldonen ikasgaiak, webgunea, Facebook eta Twitter-eko kontuak... badirudi inori ez zaiola axola zeinek eskegitzen dituen sarrerak. Gidoilariak? Aktoreak? Telesailaren sortzaileak? Berdin dio. Eskaera badago, eskaintza sortzen da. Francis andereñoaren irrati aholkuetan gertatzen zena, baina kasu honetan egia ezkutatu barik.  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina