2015(e)ko otsailaren 22(a), igandea

UNIBERTSO PARALELOAK




Jakin behar zenuke, morroi. Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako erasoa ez zen, egiatan, islamista erradikalen eraso bat izan,  ez zen adierazpen askatasunaren aurkako sarraski bat izan. Ez. “Bandera faltsuko” erasoa izan zen eta benetako helburua musulmanak mendebaldeko herrialdetan baztertzean datza. Ez al zara konturatu, moxolo hori?                                                                                                                                           Burutik pasa al zaizu  Errusiaren aldeko matxinatuek  ez dituztela onartzen Ukraniako hausteskundeen emaitzak? Errusiako gobernua beren atzetik dagoela?  Agian Errusiaren laguntza mutur-sartze onartezina dela? Ez. Engainu hutsean bizi zara. Ukraniako gobernuan faxista hutsak daude eta indarrean dagoena faxismoaren kontrako  kanpaina bat da. Besterik ez.  Zenbat eta lehenago jabetu hainbat hobe.                                                                                                                                                        Beste gezur bat, oso zabalduta dagoena, zu  hartaz jabetu ez bazara ere, honako hau dugu: “Estatu Islamiarra” Estatu Batuen eta hauen aliatuen kontra dagoela. Benetan uste duzu, zabaldu izan diren exekuzioen irudiengatik edo, Israelen dardarka daudela haien erasoren baten beldur? Ba hori behar den moduan aztertu ez duzulako da. Estatu Islamiarrarenatzean sionismo hutsa besterik ez dago. Ez al zara konturatu ez dutela inolako erasorik egin juduen kontra? Ilargian bizi al zara?...  Bai motel. Albistegietan agertzen diren basakeriek, edozein izanda ere, beti ezkutuko azalpenak dituzte. Sekula ez dira diruditena. Hogeita lau ordu ere ez dira pasako eta sare sozialetan norbaitek argituko dizu jakintzaren bidea. Eta ez dira gutxi sinesteko prest daudenak. Izan ere, nire lagunartean badaude honelako teoriekin su eta gar tematzeko gai direnak. Argibidea beste konspirazio handiago batean kokatzen dute: komunikabide guztiak -banaka batzuk izan ezik- juduen edo iparramerikarren edo txinatarren (puntu piloa irabazten ari dira hauek berriki) zerbitzu sekretuen eskuetan daude. Honela ni bezalako inozoak konbentzitu dituzte gizakia ilargiraino heldu dela edo dorre bikien kontrako erasoen egileak Al-Qaedakoak izan zirela.  Hau guztia ez da dirudien bezain berria. Guda hotzaren garaian “mehatxu gorria” zegoen beti eskura, edozein gertaera azaltzeko orduan eta denboran urrutira joan gabe hor dago martxoaren 11n gertatutakoa. Kasu honetan konspiranoia besterik ez zena Espainiako Gobernutik zabaldu zen eta luzaroan babestu zuten zenbait komunikabidek.                                                                                                                              Konspiranoiak erabat erakargarriak izaten dira.  Ikusi besterik ez da nola hedatzen diren sarean zehar eta zenbat atxikimendu lortzen dituzten. Historian zehar ez dira gutxi guztiz argitu barik geratu diren gertaerak eta kontuan izatekoak dira, baita ere, denboraren poderioz -eta datu berriak ezagutu ondoren- itxuraz aldatu direnak.  Albiste gehienetan icebergaren zati txikia besterik ez dugu ikusten eta mamitsuena, askotan,  itsasopean ezkutatzen zaigu.                                                                                                                  Baina ez dakit ez ote den izango beste azalpen bat ere. Agian gure subkontziente kolektiboak ez du onartu nahi karikatura bat marrazteagatik horrelako astakeria bat antola daitekeenik, ez zaigu burutik pasa Estatu Islamiarra edo Errusiaren aldekoak horrenbeste errugabe garbitzeko gauza izan ahal direla. Nahiago dugu azalpen bitxietan sinistea, nahiz eta esperientziak , gizakiaren portaera zein baldar izan daitekeen irakatsi. Arrazoirik ezari, labur esanda, arrazoiak bilatu nahi dizkiogu.   

                        

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina