2015(e)ko martxoakren 1(a), igandea

LUR-ZIZAREA, GERRA KRIMENA ETA PINGUINOAK



Olga Rodriguez "Kazetaritza eta Giza Eskubideak" sariaren irabazlea


Egun batean, gaurkotasun-albisteak eta ‘gertaerenak’ erabat mugaturik zeuden. Izan ere, bigarren hauek ez ziren berri-emankizunetan agertzen, benetako tragedia handiak ez baldin baziren. Noizbait istripu larriak, lapurretak edo bortxaketak audientziak igotzeko orduan zer errentagarriak izan zitezkeen deskubritu arte. Zenbait katetan horrelako berriak, irudiek sortzen duten zirrararen arabera aukeratzen dira. Publizitatea bizirauteko erabatekoa den kateetan, halako hondamenen bideoak harribitxi bilakatu dira. Horrelako zerbait gertatu da, baita ere, bitxikeriei buruzko albisteekin.
Nightcrawler (lur-zizarea) izeneko pelikula apartekoan, Dan Gilroy kaliforniarrak zuzendua baita, horrelako albisteen sorbururaino eramaten gaituzte.     
Los Angeles lotan dago. Louis Bloom, lur-zizareen antzera, gauez bakarrik azaleratzen da, legearen bazterretan mugitzen diren ogibideak helburu. Louis tipo bakartia da. Interneten bidez ekintzailearen egia sakratuak ikasi ditu, baina lapurreta txikiak eta txatarraren salmenta ez dira, hain zuzen, beraren ikasketak bideratzeko ekimenik egokienak.
Baina egun batean, txiripa hutsez, auto-istripu baten lekuko da. Han telebistako free-lanceak nola aritzen diren ikusteko aukera dauka eta bere buru gainean bonbilla pizten da.
Louisek ez du inolako eskrupulurik izaten bere ekimen berrian. Kamera ziztrin batekin hasten du bere karrera, baina, beste kameralariek ez bezala, berak ez du inolako arazorik izaten etxeetan barruraino sartzeko, gorpuak lekuz aldatzeko, edota, behar izanez gero, lehiakideak garbitzeko. Lortzen duen “arrantza” apartekoa izaten da eta laster, behar duen arreta mereziko du.
Nina, goizaldeko albistegiaren arduraduna da erdipurdiko telebista-kate batean. Louisek ekarritako material preziatua mailaz igotzeko pasaportetzat hartzen du. Bion interesak batu egiten dira lasterketa ero batean.
Baina badago beste zerbait. Louis, zinema-kritikaren batek esan duen hitzetan esateko, “makarra ilustratua” da. Hasieratik interneten ikasitako kapitalismo basatienaren oinarriak bere zereginera aplikatzen ahalegintzen da. Miseria gorrian bizi den gazte bat hartuko du laguntzaile, gupidarik gabe esplotatzeko, heriotzaraino eraman arte. Eta ez, ez du izango ez damurik ez zigorrik, hain zuzen. Horrelakoa omen da oihanaren legea.
Olga Rodriguez, ibilbide luzeko kazetaria, giza eskubideekin oso konprometitua, aurtengo “Kazetaritza eta Giza Eskubideak” izeneko sariaren irabazlea izan da. Berriki, Nazioarteko Amnistia erakundearen aldizkarian elkarrizketa egin diote. Hizpide dugun gaiari buruz honela hitz egin du: “Azken boladan denbora-pasa moduko informazioaren aldeko apustu garbia dago, hortaz gero eta espazio gutxiago daukazu kalitatezko kazetaritza egiteko. Telebistan lanean ari nintzela, gerra krimen baten berria nola baztertzen zuten ikusi nuen, oso pinguino atsegin baten irudiak emititu behar ziren haren ordez. Egun hartan, bertatik alde egin behar nuela ohartu nintzen (...), hedabideak zorretan sartu dira eta banketxeak haietan sartu dira. Botere ekonomiko hauek dira orain hedabideetan irizpideak markatzen dituztenak. Dagoeneko informazioa ez da oinarrizko eskubidea edo zerbitzu publikoa, ahalik eta etekin ekonomiko handiena eman behar duen salgaia baizik”.
                

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat