2015(e)ko ekainaren 21(a), igandea

MARRA GORRIAK



Joseba Asirón, Iruñeko Alkatea, jaendetzari agure egiten
A zer egun ederrak, pasatakoak, fikziozko argumentu borobilak eratzeko. Gidoi on batek izan behar dituen ezaugarri guztiak biltzen dira hemen: amodioa, mendekua, traizioa... Izenburu ugari datozkit burura: “Alkate oheratu eta zinegotzi altxatu zen gizona”(edo alderantziz, nahi izanez gero). “Boto Zuria, intentzio beltza”,  “Zinegotzi txiki-handia”, “Boto eskukada batengatik”...  Bitxiak, baita ere, honelakoetan ematen diren titularrak. Irabazi arren gehiengoa lortu ez duenak dio: “Eskua zabalik daukat”. Alderdi askoren arteko paktu batengatik alkatetza galdu duenak: “Demokraziaren kontrako atentatu bat da hau”. Arrazoi berdinagatik alkatetza irabazi duenak: ‘Batzuek ez dute ulertzen demokrazia akordioen jokoan oinarritzen dela’. Ezusteko galant bategatik ezusteko alkate bihurtu denak: ‘Denon alkatea izan nahi dut’... Beste hauteskunde batzuk baino askoz entretenigarriagoak izan dira hauek eta  batik bat politika-kuxkuxeroen gustukoenak dira. Gainera badirudi batzuetan esaera zahar hori inoiz baino gehiago egikaritzen dela: ‘Kontuz desiratzen duzunarekin, betetzea gerta daiteke eta’. Vaya Semanita telesaioan, Donostiako alkate ohia poz-pozik antzeztu zuten  ‘kriston marroia’ gainetik kendu zuelako, 2016ko Kultura-hiriburutza beste arduradun baten eskutan izango baita. Eta zer esan hurrengo Sanferminez. Egongo al da ikurrina balkoian, beste banderen parean?, Izango al da istilurik gabeko Riau-Riau bat? Baina oparirik pozoitsuena Madrilen gertatu da: Polizia Podemosen eskuetan. Imajina dezaket nola egongo diren pozez txoratzen zenbait hedabideren erredakzioetan. Azken finean, jakina denez,  mitinetan botatako bost ogerlekoko egiak, erdira etortzen dira praktikan jartzeko orduan. Gauza bat predikatu, beste bat praktikatu, esaera zaharrak dioen bezala.                                                                                                            Negoziazio prozesuan prentsan ikusi dudan  islarik onenen artean Forgesen txiste bat zegoen. Begi-zulo ederrak daramatzan tipo bat etxetik irteten ari da, bere bikotea ematen duenak  honela dio: ‘boto gehien lortu duen hautagaia, hiru marra gorri dituzu ipurmasailean’ eta berak; ‘Horrelakoak dira negoziazioak’. Lehenengo egunetan marrazten diren marra gorri horiek, azken egunetarako intentzio-deklarazio batean gera daitezke. Nire lankide Joserra Morejonek, larunbatero ekartzen dizkigu iraganeko lekukotzak ‘Cinta Abierta’ Radio Euskadiko irratsaioan. Joan den larunbateko saioan, orain dela hogeita bost urteko alkateen adierazpenak aditzeko aukera eman zigun. Harrigarria. Ahotsengatik izan ezik, gaur egungoak zirela ematen zuen. “Gure erronkarik handiena politika-jardunaren  berrikuntza  da”. “Bermatu behar dugu herritarren benetako partaidetza”. “Ustelkeriaren kontrako borroka da gure lehentasuna”.                                                                                                                                                             Garaiko euskal hirietako alkateen intentzio-adierazpenak eta egunotan aditzen direnak, guztiz antzekoak dira.  Orain baditugu batzuk “politika zaharra” salatuz datozenak. Ez dakit nik hemendik hogeita hamabost urtera horren ‘berria’ ikusiko den, gaur iragartzen dutena. Niri behintzat “Politika Berria” entzun eta Mein Kampf liburuaren ale bat agertzen zait sudur aurrean. Ezin dut saihestu.
      
              



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina