2015(e)ko ekainaren 28(a), igandea

NIRE BORROKA



Adolf Hitler 1929.urtean
Bai, nik bai, argitaratuko nuke. Areago. Nire ustez beharrezko irakurketa izan behar luke lehen hezkuntzan. Eta ez, ez da probokatzailearen plantak egiteagatik, Mein Kampf’ lehenengoz irakurri nuenetik jarrera honi eusten diot. Egunotan egundoko eztabaida sortu da Alemanian nazismoaren idatzirik esanguratsuena poltsiko-edizioan argitaratu nahi delako. Egia esan, ulertezina egiten zait halako iskanbila, gaur egun bi kliketan liburu osoa interneten irakurgai baitago.                                                                                                                                              Madrilgo bigarren eskuko liburuen feria batean aurkitu nuen nik aspaldi. Joan den mendeko hogeita hamarreko hamarkadako edizio argentinarra zen eta ez zeukan azalik. Nazien ikurra nabaria zen lehen orrialdean. Egia esan, ez nuen uste horren irakurterraza izango zenik. Garai hartan marxismo-leninismoaren teorikoekin lehiatzeko ohitura nuen. Gogo biziz eta borondaterik onenarekin digeritzen ahalegintzen banintzen ere, askotan galdu egiten nintzen ulertezin egiten zitzaizkidan  kontzeptu-baso horietan.  Beldur nintzen antzeko zerbaitekin ez ote nuen topo egingo berriro, baina prezio merke-merkeak liburuxka eskuratzera animatu ninduen. Idatziaren edukiak ez zuen inongo zerikusirik izan espero nuenarekin. ‘Nire Borroka’ ez da zehatz-mehatz lan teoriko bat eta dituen teoriek, sozialismoaren klasikoenek ez bezala, ez dute ez zientifikoak ez filosofikoak izan nahi. Nire harridurarako, lehen pertsona erabiltzen du, eta batik bat, bere gaztarotik aurrera izaten dituen bizipenek eta gogoetek  osatzen dute lanaren muina. Helarazten diguna ez da teoria politiko hutsa. Zabaldu nahi duen gorroto mezua  sentimenduekin nahasturik dago irakurlearen konplizitatearen bila. Bere gaztaroan Adolf margolaria da ‘bere nagusitasuna galdu izan duen’ Austrian. Oraindik ez dago politikan sarturik,  baina baditu zenbait iritzi sendo. Hautatutako ordezkari politikoak ez ditu gustuko. Demokrazia parlamentarioa ahula eta zentzunbakoa iruditzen zaio: ‘hor ez dira benetako agintariak aurkitzen’ eta ‘parlamentuan banaka batzuk bakarrik daude benetan konpondu behar diren arazoetan adituak’. Gainera jendetzak ‘berezkoa du jeinu gorengoarekiko ezinikusia’. Gero Berlinera doa eta lehen mundu-gerra sortzen da. Hitler Weimar Errepublikako armadan engaiatzen da eta larri zauritzen dute, gas eraginagatik ikusmena galtzeko zorian egoteraino. Berlinera bueltan, hiriburua ‘frontean ikusten ez ziren juduez beteta dagoela’ ikusiko du, ‘denak euren negozioetan buru-belarri gu hiltzen ginen bitartean’… Aberriaz estimu handia ez egitea ezinbestekoa da, bere iritziz, alemaniarren porrota ulertzeko eta hortik abiatuko da bere mendekua. Abertzaletasun falta hori langile marxistetan ere sumatzen du, haientzat ‘ez baitago aberririk’. Etorkizuneko Alemania Handia arraza ariarren eskutik bakarrik etor daiteke.                                                                                                                                          Benetan sinestezina da zein ondorio ikaragarriak izan zituen  horren argudio zentzunbakoak Europako eta munduko historian. Ez, ez du ematen asko ikasi dugunik. Oraindik ere badaude euren burua berezitzat hartzen duten Estatuak, badaude nazioarteko zuzenbidearen gainetik euren mugak armen indarrez handitzen dituztenak eta badaude horren aurrean ezer ez egitea nahiago dutenak ere. Bai ironia ederra. Badirudi Israelen inon baino hobeto ikasi dituztela nazien ikasgaiak.                


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina