2015(e)ko irailakren 13(a), igandea

BERTOKOA EZ BANAIZ ERE…


Irudia: Niko Vazquez

Irratian Irunera bidali ninduten 1985. urtean San Martzialeko alardea zuzenean transmititzeko. Aurreko egunetan horren inguruan ahal nuen guztia irakurri banuen ere, bertan ikusteko aukera izan nuenak harritu ninduela aitortu behar dut. Goizean goiz milaka gizon, denak traje eta gorbatadun, txapel gorria buruan, txilibituak batera joka eta eskopetaz armaturik. Konpainia bakoitzaren aurrean neska poxpolin bat, beti irribarretsu eta abaniko bat eskuan.  Gudarienak ez zuen inolako zerikusirik ordura arte beste hainbat euskal jaietan nik ikusitakoarekin. Donostiako eta beste herrietako danborradak desfileak dira baita ere,  baina Bidasoa aldean ikus daitezkeenekin konparatuz, inauteriak ematen dute. Argi geratzen zen hasieratik herrian oso finkaturik zegoen tradizio baten aurrean nengoela. Kantinerena aldiz askoz ezagunagoa egin zitzaidan. Nolabait herri askotan -nirea barne- aspaldian izaten ziren “ohorezko damen” antza sumatu nien.
Urte hartan ez zegoen soldaduz jantzita ateratzen zen neskarik, baina nik, egiatan diotsuet, bat ikusi nuen. Alardea amaitu eta gero irratirako elkarrizketatu nuen. Emakume horrek kontatu zidanez bere koadrila barnean egin zioten erronka eta berak, bitan pentsatu gabe, mozorrotu eta alardearekin bat egin zuen, inork kontrako iritzirik edota irainik bota gabe horregatik. Neska horrek naturaltasunez esan zidanez “multzoan sartuta eta honela jantzita zeinek asmatuko zuen espaloitik neska ala mutila naizen?”.
Urtero, Bidasoaldeko desfileak eta eztabaidak datozenean,  bitxikeria honekin gogoratzen naiz. Horrez geroztik gertatu izan dena ikusita, batzuetan ametsa besterik ez ote zen galdetzen diot nire buruari. Baina ez. Jakin izan dudanez aldarrikapena sortu baino lehenago baziren beste aurrelari batzuk.
Aurten ere erakunde publikoen ordezkariek ez diote harrerarik egin alarde mistoari, “bere presentziak tentsioa areagotuko zuelako”. Emakunderen eskuetan uzten da presentzia instituzionala,  emakumeen arteko arazoa bakarrik bailitzan.   
“Zu ez zara bertokoa, ezin duzu iritzia eman” entzun behar izan dut noizbait. Horren arabera, agian, Manganesos de la Polvorosakoa ez bazara ezin izango duzu ezer esan ahuntza kanpandorretik botatzeari buruz. Burkina Faso edo inguruko herrialdetakoa ez bazara ablazioa ez da zure kontua izango, eta holokaustoari buruzko iritzia emateko alemaniarra edota judua zarela ziurtatu beharko duzu.
Ba bai. Badaukat iritzia eta hura agertzeko eskubidea. Bere garaian ere izugarrizko iskanbilak izan ziren zezenketetan zaldiek babesturik atera behar zutela erabaki zelako. Jende askori gustatzen omen zitzaion zaldien tripak zezenek ateratzea. Gaur egun guztioi basakeria hutsa irudiko litzaiguke horrelako ikuskizuna. Agian egunen batean zezenak jasaten dituzten torturak ere, iragan basati eta jasanezinaren lekukotza besterik ez dira izango. Agian egunen batean “tomatinan” edo “ardo batailan” jaiaren izenean alferrik galtzen den  elikagai hori guztia lotsagarritzat hartuko dugu, minuturo bost ume gosez hiltzen den mundu honetan eta bi gizakien arteko ukabilka aritzea, horietako batek konortea galdu arte, ez da erakundeek babestutako kiroltzat hartuko. Roberto Carlosek abesten zuenez: “Zibilizatua izan nahi nuke, animalien antzera”.      





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat