2015(e)ko irailaren 20(a), igandea

WARHOLEN OINATZA


Lapurtutako artelananak 2012 urtean

Andy Warhol, pop-arteko artistarik ezagunenaren artelan batzuk lapurtu egin zituzten eta hiru urte pasa dira norbait konturatu den arte. Bederatzi koadro horiek erakusgai zeuzkan galerian konponketa lanak egin direla eta, agerian geratu da iruzurra. Norbaitek ziria sartu die eta jatorrizko koadroak ez daude jada beren paretan, ordezko kopia faltsuak baizik. Lanak egiterakoan zenbaki-saila falta zutela ohartu dira. Zenbakirik ezean, auskalo zenbat denbora pasa zitekeen lapurreta deskubritu barik.
Urteak pasa dira eta hortik pasa diren aditu guztiek ez dute fitsik sumatu. Artelan batek sorrarazten duen eragina ikuslearengan berdin berdina izan omen da, benetako koadroak izango bailiran. 
Berri honen ildotik, orain urte batzuk argitaratu zen beste batekin akordatu naiz: bildumagile asko kezkaturik omen zeuden, eurek zeuzkaten artista honen serigrafiak  kotizazioa galtzen ari zirelako. Horrenbeste kopia egin zirenez -autorearen baimenarekin- ezinezkoa omen zen balorazio zehatza egitea. “Arte komertziala artea bera baino askoz hobea da” utzi zuen esanda Andyk.
Beharbada Rolling Stones eta Velvet Underground taldeekin izandako harremanagatik edo, pop estetika probokatzaile horrek zerbait pizten du nire baitan. Nik beti izan dut gustuko Warholen eskaintza. Bilboko Guggenheim museoan bere antologia erakusgai zegoela, hara bertaratu nintzen horrenbestetan ikusiak nituen irudiekin berriro topo egiteko. “Horrelako potoak baditut nik sukaldean… baina ba al da inor koadro honengatik ordaintzen duenik?” bota zuen lotsa izpirik gabe neska gazte batek. Gidariak ez zion erantzun Warhol eta bere belaunaldikoek artearen mundua irauli zutela, ez eta egunerokotasuna eta kontsumo-gizartearen ikonoak galeria eta museoetara bidaltzea lortu zuela ere. Ez zion argitu, ezta ere, “Campbell” zopa-latak eta Marilyn Monroe edo Elvis Preyslerren irudi errepikatuak betirako bere artearen ikur bihurtu zirela, ezta artea  ikusteko eta bizitzeko era berri bat finkatu zuela ere, supermerkatu eta mass-medietan inspiratua, kate-produkzioko gizartearen isla izanik. Ez, nire harridurarako, zuri-gorriz jantzitako langileak -hasieratik artistarenganako pasio handirik erakusten ez zuenak- honako harribitxi hau erantzun zion: “Ba begiratu… denetarako jendea dago”. Inoren lotsagatik ez nuen ezer esan hori aditzean, baina ezin isilik geratu Velvet Underground taldeaz “arraroa” eta “erabat ezezaguna” zela esan zuenean. Zaindu beharko lukete, zenbait kasutan, zein gidari aukeratzen dituzten, alajaina.
“Estatu Batuetan tradizio bat hasi da non kontsumitzaile aberatsenek eta pobreenek gauza berberak erosten dituzten. Presidenteak koka-kola edaten du, Liz Taylorrek koka-kola edaten du eta zuk ere edan dezakezu. Kola guztiak kola bera dira. Presidenteak badaki, Liz Taylorrek badaki, txiroak badaki eta zuk badakizu”. Warholen hitzak, ironikoki, bere artearekin egiaztatzen ari dira nonbait. Bere lanak, lapurren eskuetan daudenak eta urte hauetan erakusgai izan direnak, guztiz antzekoak dira. Berak zabaldutako irudiak gaur egun, edonoren egongelan egon daitezke jatorrizkoen guztiz antzekoak izanik. Bitxia da gero nola gertaera honek, nolabait, Warhol berari arrazoia ematen dion horrenbeste urte pasa eta gero.
“Ideia ez da betiko bizitzea -esan zuen baita ere- betiko biziko diren gauzak egitea baizik”.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina