2015(e)ko irailakren 27(a), igandea

EMAITZA EDOZEIN IZANDA ERE




Lerro hauek irakurtzerako, beharbada Katalunian izan diren hauteskundeen emaitzak jakinak izango dira. Portzentajeak nola banatu diren jakin barik, banago asko eta asko direla, aldez aurretik susmatu ditzakegun ondorioak.
Emaitza edozein izanda ere adibidez, dagoeneko denok dakigu “nazionalitate” eta “nazio” hitzen arteko ezberdintasuna. Hiztegiak dioenetik haratago “nazio” bat besterik ez dago eta subiranotasuna bere baitan datza. Kitto. Egun batetik bestera “nazio” hitza erabiltzea Kataluniaz edo Euskal Herriaz hitz egiteko -duela gutxi arte inongo hautsik harrotu ez zuena- bekatu mortal bihurtu omen da. Gure ohorezko “loreontzi txinatar” nagusiari, Felipe Gonzalezi -berak asmatu zuen definizio hori presidente ohiak izendatzeko- hitz madarikatua aipatzea bururatu zitzaion. Hurrengo egunean gezurtapena egitera behartu zuten, baina bere grabatutako adierazpenek ez zuten berarekin bat egiten.  
 Emaitza edozein izanda ere, beste orrialde batera pasatzea, Eskozian edo Quebecen gertatu zen bezala, ez da batere erraza izango. “Hau ez da benetako erreferendum bat izan” guztion argudioa izan ahalko da. Eta ez dira oker ibiliko. Zatiketaren eta elkar gorrotatzearen atea zabalik dago.  
Emaitza edozein izanda ere, katalanen kopuru handiegi bat, berea sentitzen ez duen herritartasun batekin biziko da, halabeharrez, eta beti izango du “benetako kontsulta baten ondorioa ez dela izan” esateko eskubidea.
Jakin, jakin dugu baita ere, konstituzioa ongi ezagutzen ez duen presidente bat daukagula Madrilgo gobernuan, eta umorea ez dela gure buruzagien berezitasunik  nabarmenena (lotsaz gorritzeko modukoa benetan, “indiarrarena” egiten saiatu direnean).
Alde on bat ateratzearren, orain badakigu -aldez aurretik ez bagenekien- federalismoaren mugak non dauden. Badakigu baita ere, zer “ahal dugun” eta zer ez Podemos boterera helduz gero, eta noraino ailegatu daitekeen gure monarkia, hauteskunde kanpainan sartzea erabaki eta gero (ez dakiguna, eta ziur aski inoiz jakingo ez duguna, hau da: zeren truke lortu diren halako laguntzak). Jakin dugu, baita ere, aberriek -edozein izanda ere- ideologiek baino errazago lortzen dutela aliantzak lotzea.
Emaitza edozein izanda ere, ez dut uste zurrunbilo katalana egun batetik bestera bukatuko denik. Gaizki itxitako zauriak, zauri izaten jarraituko du, eta hori ez da inorentzat ona izango; besteak beste, horretaz mintzo garen bitartean, gai larregi geratzen direlako ukitu barik edo bigarren mailan, eta bai, aberri kontuak baino pisu handiagokoak direlako edo izan beharko luketelako hauek: langabezia, pobreziaren etengabeko haztea, gelditu barik etorriko diren errefuxiatuak eta etorkinak, ezkutuan negoziatzen ari den Europar Batasunaren eta Estatu Batuen arteko hitzarmena, mundu-mailako beroketa...
Emaitza edozein izanda ere, arazoa ez da erraz konponduko, zezenari adarretatik heltzen  ez zaion bitartean. Mehatxuak eta beldur-pelikulak baliagarriak izan daitezke epe laburrean, baina lehenago edo beranduago, konponbideak demokratikoa izan beharko du ala ez da konponbide izango. Konstituzioa aldatzeak, guztiak antzeko izaten segi dezan, ez du ezertarako balioko. Bakar-jokoan trikimailurik ez dugu nahi, arren. Ez gehiago.             






2 iruzkin:

  1. Istoria hasiberria. Orain gobernu osatu behar dute, seguruaski CUPekoekin. Nere ustez, azken finean, dena berdin dabil. Botoak polarizatu egin dute eskuin-eskuin geratu dira, zoritxarrez. Enpresarioek irabazi dute, azkenean. Lau urte gehiago murrizketekin. Bi hilaute barru betrze zirko bat izanen dugu eskuinak irabazteko :(

    ErantzunEzabatu
  2. Bai Juli. Hor dago koxka. Nola edo hala azkenean beti berberak irabazle.

    ErantzunEzabatu