2015(e)ko urriakren 2(a), ostirala

MUNDU MAILAKO LOREAK.




 Egia esan, askotan entzuten bada ere, ez dira ametsak zinemaren  fabrikan gehien produzitzen dena, emozioak baizik. Loreak filmean emozioak borborka dabiltza lehenengo eszenetatik; zirrara unibertsalak ikuslearen bihotz bila: maitasuna -eta maitasun eza-, gaixotasuna, heriotza... Hala ere pelikula honekin Jon Garañok, Jose Maria Goenagak eta lantaldeko gainerakoek lortu dutena, ametsik gozoenetan ere ez lukete irudikatuko.

Euskaraz egindako fikzioa kasik gure pantailetatik desagertu izan denean. Bikoizketa enpresak hemen eta han ixten ari direnean -aktore askorentzako nolabait bizi-asegurua izaten zena-  eta printzipioz zazpirehun mila  ikusle duen merkatu potentzial batera zuzentzen den filmea izanik, horrelako arrakasta lortzea ez da txakurraren putza hain zuzen.

Kimuak bezalako ekimenek eta nonahi antolatzen diren zine-jaialdiek -horietako asko instituzioen babesarekin- zerikusiren bat izango dute honelako lorpenekin ere.

Baina guzti honekin batera, badago azpimarratu nahi nuken zerbait, oso adierazgarritzat hartzen dudalako: Loreak ez da “gure gatazkaren” inguruko filme bat, berez  ez da inondik ere agertzen, ez eta “paisaia” moduan ere. Izan ere ez da euskaldunen izaera edo euskal ohiturak ardatz dituen pelikula. Argumentu honetan gertatzen den guztia – eta lantaldeko lan bikainari ezker guztiz sinesgarria egiten zaiguna- munduko edozein hiri txiki batetan gerta liteke. Euskaldunak izatea eta euskaraz egitea, normaltasunez gertatzen den zerbait besterik ez da.

Pertsonaien arazoak, sentimenduak, zalantzak eta erabakiak Tokion, Buenos Airesen edo Toronton koka litezke. Hori ez da horren ohikoa euskaraz egiten den zinegintzan eta guztiz berri ontzat hartu daiteke, besteak beste orain arte lortutako loreak, mezu unibertsal hori dela eta, are eta oparoago izan litezkelako. Emakumeak nagusi diren pelikula euskaldun bat zeinean euskal ohizko mitoak ez dira inondik agertzen.  

Ametsak egiteko fabrika ez al zen ba zinea? Ba egin dezagun amets.        


  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat