2015(e)ko urriakren 18(a), igandea

BI ERGEL OSO BIZKOR




Fernando Trueba eta "El Gran Wyoming" "JA"-Bilbao jaialdian solasean
Bi auzokide solasean, taula baten gainean, Bilboko antzoki handi bat betetzeko gai izan litezke? Ba, bai. Auzokide horiek Fernando Trueba eta “El Gran Wyoming” baldin badira, jakina. Campo antzokia kolkoraino bete zuten eta berrehun lagun baino gehiago kanpoan geratu ziren, sartu ezinik. Eta ikuskizuna, horretan zetzan hain zuzen. Haien hitzetan: “gure etxeetako egongelan askotan egiten duguna, baina mila gonbidaturekin”.
Ekitaldia “Ja, Bilboko Barrea” jaialdiari bukaera emateko antolatua zegoen. Wyoming bizitzen ari den ospe momentuari, Truebak Donostian astindu zituen hautsak gehitu zitzaizkion. “Inoiz ez naiz espainiar sentitu” esateko ausardia izan zuen, sari bat jasotzerakoan. Horrez geroztik kritikak eta aipu kentzeak etengabeak izan dira. Morboa bermaturik zegoen.
Goizean Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Truebak argi utzi zuen bere jarrera: “Batzuk beti dabiltza nazionalismoa gorroto dutela esanez, baina, antza, besteen nazionalismoaz ari dira. Ni nazionalismo guztien kontra nago eta horregatik etsenpluaren bidez predikatu nahi dut”. Gaia hizketan agertu zen, noski, baina gainerako guztien antzera, beti ironia-geruza batez margotua. “Serio demonio dabilen jendea ez da batere fidagarria” ere esan zuen Truebak.
Bi lagunen arteko elkarrizketa bazen ere, Fernando zen gaueko protagonista,“Ja” saria jasoko zuena. Wyomingen galderen bitartez zinegilearen bizipenez ohartu ginen. Auzo umil batean bizitako haurtzaroaz ez ditu oso oroitzapen ederrak: “Kolperen bat jasotzea eguneroko gauza zen. Eskolatik irtetean bi ibilbide neuzkan etxera joateko eta bietan auzoko ‘gaiztoak’ zeuden ni bezalako gizagaixoak jipoitzeko prest. Gainera, larunbateko futbol partiduetan ohikoa zen korrika amaitzea, ijitoek ez zutelako nahi guk ‘euren’ lurraldeetan jolastea”. Auzoko zineak, gustuko ez zuen errealitatetik ihes egiteko tresnarik preziatuena bihurtu ziren. Gero unibertsitatean “progre” giroan murgildu zen, “ez nuen ulertzen maiz erabiltzen zen hitz magiko hori: ‘alienatu’. Suposatzen zen zinea eta telebista gure etsaiak zirela, buruan izan behar genituen gaietatik atera nindutelako. Gustuko nuen zinea ‘alienatzen’ ninduena zen, gorroto nuen bizimodu petraletik atera ninduena hain zuzen. Horrexegatik komedia genero guztien gainetik maite nuen, eta nolabait, nire salbamendua izan zen”.
Bere lehen film laburra, mailegatu zioten kamara batekin egin zuen, “zine beltza” omen zen, pelikula errebelatzean den-dena iluna agertu zelako. Inori ez zitzaion bururatu detaile txiki bat: argiak erabili behar ziren.
Baina lehenengo filmarekin, “Opera Prima”izenekoa, lagun artean egina, Truebaren zortea erabat aldatu zuen. Publiko zabal bat zegoen horrelako zerbait dastatzeko prest eta amestu ere egin gabeko arrakasta eskuratu zuen, Hollywoodeko oscarretara eramango zuen ibilbide bat hasiz.
Pelikula oso bat mereziko lukeen kontakizuna, Fernandorena. Gozatu genuen ikuskizuna ez zen bakarra izan, barreari eskainitako jaialdian. Berriro ere, zerbait kontatzeko gai diren bi solaskideren arteko berriketa zein interesgarria eta dibertigarria izan daitekeen konturatu ginen. “Dos tontos, muy tontos” –Bi ergel oso ergel– izango litzateke zinta honen izenburua, Fernando Truebaren hitzetan. Ba, horrela bada, ez dugu bizkorrik behar.        






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat