2015(e)ko azaroaren 1(a), igandea

BELAUNALDI BAT ILARGIPEAN



Joseba Zulaikak jaso du aurten Saiakeraren Euskadi saria

Joan den mendeko azken urteetariko batean izan zen. Joseba Zulaikarekin hitzordua neukan irratian elkarrizketa bat egiteko. Aitortu behar dut normalean baino urduriago nengoela. Atera berria zuen Guggenheim museoaren inguruko liburua eta nahiko ikuspuntu kritikoa erakusten zuen bertan. Horretaz gain, lan asko zeuzkan argitaraturik eta ordurako ospe handiko antropologoa zen. Elkarrizketa aski prestatuta baneraman ere, bidean galtzeko posibilitateak ez ziren gutxi, hain zuzen.                                                                                           
 Agertu bezain laster, eskua eskaintzen zidan bitartean, lehenengo ezuste galanta gertatu zen:               
 _Nik ezagutzen zaitut. Zu ez al zinen  Zarama taldeko abeslaria?                                                                                                                                                   _ Bai... (kojonian!)                                                                                                                                                             _ Ez zara gogoratuko, baina ni nintzen antolatzailea “Euskal Musika 80” lehiaketan parte hartu zenutenean...                                                                                                                                                   _ Ah, bai?                                                                                                                                                              _ Bai, Mendiope diskotekaren bazkidea nintzen garai hartan, beste lagun batzuekin batera. Kristoren ekitaldi ona egin zenuten. Asko disfrutatu nuen...                                                                                                   Hori bai ustekabeko era, nire eskema guztiak bertan behera uzteko. Laster konturatu nintzen aurrean neukana ez zela teoriko huts bat, bere herrialdean mugitzen den gauza interesgarri guztiak barne-barnetik bizi nahi zituen ikertzaile bat baizik. Harekin hitz-egitea oso erraza suertatu zen, ia-ia aspaldian ikusten ez nuen lagun bat izango bailitzan.                                                                                                                                                                             “ViejaLuna de Bilbao” (crónica de una generación) izeneko bere azken lanean ere horrelako zerbait nabaria da. Bertold Bretchek eta Kurt Weillek konposatutako “Bilbao Song” kantua hari modura erabiliz, Zulaika gerra osteko semeen mitoez, bizipenez eta gertaerez mintzo da. Oteizaren espazioetatik Warholen zopa-poteetara, ETAren sorreratik, Ybarra familiaren dramara, “Ez dok Amairutik” “Euskal Rock Erradikalera”, HIESetik langabetuen asanbladetara...                                                                                                                                               Joseba Zulaika, Gipuzkoako Itziar herrian jaio zen 1948. urtean, Basque Studies Programe-ko zuzendaria da eta Antropologia eta Euskal Kulturako eskolak ematen ditu Nevadan, Renoko Unibertsitatean. Denboran atzera eta aurrera pausoak emanez idatzi duen kontakizunean, odol, izerdi eta malkoen urteak deskribatzen dira, anai arteko guda baten ondorioak nagusi. Belaunaldi oso bat diktadura triste baten baitan haziko da, kanpotik heltzen ziren mugimendu erakargarrien oihartzunak – Pariseko maiatza, hippyak, Kubako iraultza...-  mito helezin bihurtzen zituzten bitartean.                                                                                                                                        
Bilbao Song abestian gertatzen den legez, Zulaikak marrazten duen mundua, galdutako gazteriaren herrialdean kokatzen da maiz. Esaera txinatar batek dioenez “garai interesgarrietatik libra zaitez” . Zenbat eta gatazkatsuago hainbat eta erakargarriago, horrelakoa izaten da historia. Zulaikaren garaiak, duda barik, asko du kontatzeko. Onerako eta txarrerako, hamarkada bizi-biziak izan dira horiek. Bizi biziak eta umorearentzako espazio gutxikoak. Hortxe dago, beharbada, milurteko berriarekin etorri zaigun jauzirik nabariena. Bajo-Ulloaren lehendakari beltza, “Vaya Semanitako” Sanchez familia -non ertzaina eta kale-borrokalaria anaiak ziren- edota “Ocho Apellidos Vascos” filmaren ezusteko arrakasta, horren finko ematen zuten ikonoak beste betaurreko batzuekin begiratzeko lagungarri izan dira. Egunen batean -apustu egingo nuke-  umoreak eta umoristek gure gizartean izan duten eragina, doktore-tesietan izango da, eta merezi duten pisua hartuko dute historian. Baina hori, beste kontu bat izango da.

      



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina