2015(e)ko urriakren 11(a), igandea

MIRARIA BERRIZ




Labrit abeslaria
Urriak 4, igandea. Goizeko hamaikak aldea. Haize boladak, euri mehatxua, “Tots els colors del verd sota un cel de plom”, Raimonek abesten zuen moduan.
Neska baten ahotsa, gitarra batez lagundurik.  Taula handi baten gainean, berdegune luze baten aurrean ari da kantuka. Banaka batzuk kontzertua ikusteko bildu dira talde txikietan, han eta hemen. Beste batzuk korroan jesarrita daude, edaten eta erretzen, taulari so egin barik. Txosna luze batean txorizo-taloak eta sagardoak etengabe doaz eskurik esku, ahorik aho.
Usurbilen ikastolen festa ospatzen ari da. Bost kilometroko zirkuitu bat, adin guztietako ekimen eta ekitaldiz betea. Goizeko bederatzietarako heldu behar izan dut, irratian lehenengo konexioa egiteko. Arnasestuka baina hor nago. Urbilen dagoen parking batean kotxea utzi eta gero (“Urbilen” dago, baina urrun samar ) “lotura-garraio” batek sarreraraino eraman nau. Gorantzako aldapa gainditu ondoren ikastolaraino ailegatu naiz. Bertan irratiko soinu-teknikaria eta jaiaren arduradun bat zain ditut. Uf. Dena kontrolpean.
Hamabiak eta erdietan daukat bigarren hitzordua. Kale elkarrizketak bildu nahi ditut inguruetako giroa helarazteko. Horrenbeste urtetan irratigintzan aritu naizen arren, oraindik ere jende artean iritzi eske ibiltzea gogorra egiten zait. Hain goiz izanik, ikus daitezkeen gehienak, goiztiarren bat salbu, petodun antolatzaileak edo saltzaileak dira. Nire pausuek, euren kabuz, zirkuituaren zuzenbidea segitzeko erabakia hartu dute. Usurbil ederra gogoratzen nuen; are ederragoa ikusten dut bere aitzineko etxe dotoreak erabat berriztuta. Ibilbidean apaindutako zonaldetan zenbait kirolari entrenatzen, soinu probak, artisauak eta eko-dendariak muntaketan... haizeak txiringito baten teilatua irauli egiten du ziztu bizian, anabasa txiki bat sortuz. Mutiko talde bat saskibaloian ari da. Munduko beste edozein antzeko taldek bezala, barre egiten dute, elkarri bultza egiten diote eta bat-bateko haserreak izaten dituzte, baina kasu honetan badago bereizten dituen zerbait: gurpil-aulkietan jokatu behar dute. Zalantzaldi bat gainditu ostean, elkarrizketa ezberdin baten bila noakie. Mutiko atseginak, irria ahoan erantzuten dute, bizitzak emandako ezohiko heldutasuna erakutsiz.
Zirkuitua bukatu orduko ikastola inguruan bildutako jendetza nabaria da. Familiak, lagun-taldeak, ume koxkorrak... nik emandako pausuak errepikatzera doaz. Gutxien espero dudanean zortea nire bila dator. Agurtzera datorkit, nor eta Josu Ergüin , “Kilometroak” festa asmatu zuena hain zuzen, alaba eta bilobak lagun dituela. “Estatu Batuetan nengoela ezagutu nuen nik, dirua ateratzeko ospatzen zen antzeko festa bat, hogeita bost urte nituela. Beasaingo ikastolan proposatu nuen eta nire harridurako, kasu egin zidaten. 1977. urtea zen eta orduan kapazuan eramaten nuen alaba”.
Tarte txiki baten buruan kontzertuaren lehenengo notak entzun dira. Labrit eszenatokian. Soineko gorria, ahots ederra, hitz intimistak, bera eta bere gitarra bakarrik elementuen kontra. Txaranga eta zanpantzar guztien gainetik, bozgorailuetan behin eta berriz errepika dabilen aurtengo ereserkiaren gainetik, jendetzaren zurrunbiloaren gainetik... Hasierako lau katuak ugalduz doaz eta azken kantuetarako  berrehun bat lagunek txaloka eskertzen dugu musikariaren ausardia eta ongi jorratutako ikuskizuna. Miraria berriz gertatu da.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat