2015(e)ko urriaren 6(a), asteartea

RUSSIA’S CALLING

RT errusiar gobernutik hauspotutako katea da
Etxean daukadan telebista-kate paketean deskubritu nuenetik, noizbehinka bisita egiteko ohitura hartu dut. 'RussiaToday'(RT), Errusia handitik gazteleraz mintzo garen herrialdeontzat egiten den katea. Russia Today, "Onak" eta "gaiztoak" betikoak izan ohi ez diren lekua.
Antonio Muñoz Molina idazleak duela gutxiko elkarrizketa batean honela zioen: "Herrialde berri batera heltzen naizenean, egiten dudan lehena telebista ikustea da. Nire ustez, onerako eta txarrerako, telebistak asko esaten du dagokion gizarteaz". Egia esan, ez dakit benetan kanpotik etorritako norbaitek gure kateetan ikusten denarekin gure izaerari buruzko probetxuzko zerbait aterako ote zuen, baina ezin ukatu: programazioari eusten dioten saioak gehiengoaren gustukoenak izaten dira, nahi eta nahi ez.
RT errusiar gobernutik hauspotutako katea da. Nolabait, mundua errusiar betaurrekoekin nola ikusten den jakiteko parada eskaintzen digu (edo errusiar gobernuaren betaurrekoekin behintzat).
Antiojo hauek ipinita, euren albistegien arabera, arabiar udaberria, adibidez, Estatu Batuek bultzatutako ekimen bat izan zen. Helburua ez litzateke izango diktadoreak kaleratzea eta demokraziak ezartzea, baizik eta yankien eragina zonalde hartan handitzea eta finkatzea. Bizi dugun errefuxiatuen krisia eta Estatu Islamikoaren haztea, AEBk eta Europar Batasunak izandako politikaren ondorioa litzateke. Era berean Venezuelan ez dago preso politikorik, politiko presoak baizik –espetxeratuak Maduroren kontrako konplota antolatzearren– eta Ukrainian botatako hegazkina, betaurreko hauekin begiratuta, ukraniar armadari leporatu beharko genioke, froga guztien arabera. Horrelako balorazioak ez datozkigu zuzenean aurkezleen ahotik, horretarako laguntzaile zerrenda luze bat daukate, euren etxeetan grabatutako balorazioak bidaltzen dituztenak. Horietako asko, bide batez esanda, euskal hiritarrak dira.
Albistegietatik at gehien aurkitzen duguna, erreportajeak eta elkarrizketak dira. Hauetan ere inon aurkituko ez dugunarekin topo egin dezakegu erraz. Berriki errusiar armadaren maniobren inguruan saio luze bat emititu dute, miliziaren baloreei ezohiko goraipamena eskainiz. Askoz interesgarriagoa izan zen Kurdistanen Estatu Islamikoaren kontrako borrokan ari diren emakumeekin egindakoa. Harritu ninduen, baita ere, Roberto Gañan, Ska-pe taldeko abeslariarekin egin zuten elkarrizketa luze eta landuak. Rockero batenganako erakusten zen errespetua ez da gainerako kateetan askotan ikusten, eta egia esan, galdetzekoa da, era berean, zergatik horrenbeste jende mugitzen duen norbaitek ez duen merezi izan elkarrizketa sakonik gainerako telebistetan.
Zalantzontzi bat eginda geratzen naiz errusiar katea ikusten dudan bakoitzean. Alde batetik, entzuten diren iritzien arabera, batzuetan badirudi Sobietar Batasunak bizirik dirauela, baina ez da horrela. Komunistek zeramaten mezua, gustuko ala ez, erabat ulergarria zen euren ideologiaren argira, baina gaur egun, zer da Errusiatik helarazi nahi digutena? Zein dira eusteko balioak? Merezi al du Putinen Errusiaren ereduak ezertarako? Ba al da zerbait gizarte-eredu horretan munduko beste potentzietatik bereizten duena? Gaur egungo gudek, bai hotzek bai odoltsuek, ez dute, antza, utopiarik behar. Garai atsekabetsuak dira.LO MÁS

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina