2015(e)ko azaroakren 1(a), igandea

HAZIAK ETA LOREAK




Juanma Bajo-Ulloa, aurtengo Serantes saria
Zinemaldi handien distiraren atzean, horrenbeste zarata sortzen ez duten beste batzuek bizirik diraute. Jaialdi hauen antolatzaileek urtero ahalegindu behar dute aurrekontuak ixteko, eta desagertzeko arriskua beti dago hor, etengabeko mehatxu. Dendaz denda, zinegotziz zinegotzi, tabernaz taberna (“Iñakiak” bezala) diru eske ibiltzen dira, horrelako ekimenak eskatzen dituen gastuei aurre egiteko.
Aurten Santurtziko herrian Blue Karramarro elkartekoek Santurzine izeneko lehiaketaren hirugarren edizioa egin dute. Aurreko edizioetan bezala, film laburraren irabazleak argitzen duen gala ospatu zen, Serantes Kultur Aretoan, Oskar Terol aktore eta umoregilea -urtero legez- aurkezle izanik: “Urtez urte hemen betikoa agertzean, nire hondatzearen lekukoak zarete, kabroi horiek. ‘Aurten potoloago dago’, ‘iaz baino zaharrago ematen du’ esango duzue... ba nire burua zaintzeko asmoa daukat, izorratuko zaituztet, bai zera!”.   
Aurtengo edizioan nabaria izan da antolatzaileek ikuskizun erakargarria (eta orekatua) gauzatzeko egin duten ahalegina. Hunkigarria benetan Miguel Angel Senner eta Feli Manzano adineko aktore sarituen hitzak entzutea, horrelako ekimenak eskertuz, lau katuk ikusiko dituzten lanak goraipatuz, Santurzine eta antzeko zinemaldi umilak defendatuz.
“Inor ez da guztiz gaiztoa eta inor ez da guztiz ona, eta jakina, denok merezi dugu bigarren aukera bat” , Miguel Angel Senner aktorearen hitzak izan dira (gehien bat Samuel J. Jacksonen ahotsa bikoizteagatik ezaguna)  “nazio mailako” aktorerik hoberenaren  sardina-trofeoa jasotzerakoan.
Nik ere hartu nuen parte ospakizunean. Aurrekoetan epaile gisa izan ondoren, aurten sari-emailearen papera egokitu zait.  Nire zeregina, Juanma Bajo-Ulloari Serantes saria ematea. Gure etxe mailako “Donostia Saria”.
Aldez aurretik bertoko lagunekin geratu nintzen aretoko inguruko tabernetan. Baina... nondik sortzen da horrenbeste jende? Ezkerraldera itzultzea berriro jendetzarekin nahastea da. Agurrak, aspaldikoak, nahitaezko topaketak. Galiziar zentroaren ondoan “Blue Karramarroak” daude JuanmaBajo-Ulloarekin. Azkeneko ikusi nuenean El Capitán Trueno y el Santo Grial pelikularen prestaketan zebilen. Irratian elkarrizketatu nuen eta ilusio handia zuen egitasmoarekin. Alferrik galdutako ahaleginak: “Oso esanguratsua izan zen. Proiektu serio eta ongi jorratuari uko egin zioten eta gero lardaskeria bat egin zen, gure haurtzaroaren ikonorik kuttunenari horren omenaldi ziztrina eskainiz”.
Juanmak ere bere txanda aprobetxatu zuen ekimena bultzatzeko: “Hemen dago gure zinearen etorkizuna eta ez Tele Cincon edo Antena Tresen”.
Bat nator berarekin. Horren gustuko ditugun “loreak” lortzeko, haziak erein behar dira eta horretarako, goitik, instituzioetatik etorritako ekimenak garrantzizkoak dira, ezbairik ez, baina herriko zaletuengandik sortutakoak ezinbestekoak dira, benetako harrobia finkatzeko. Herriko antzerki eskolak eta jaialdiak, zine-klubetan antolatzen diren proiekzioak, zinegile berriak ezagutarazteko lehiaketak... horiexek dira zinemagintzaren “Lezamak” hain zuzen, gure zineman eta telebistan biharko berri onak ekarriko dizkigutenak.
    


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat