2016(e)ko azaroakren 4(a), ostirala

COOL NAGUSI


Paul McCartney eta Mick Jagger, berriki egindako ardazki batean.


“Guay” omen da “cool” izatea. RAE-ko akademikoek papichulo, amigovio edo chupi bezalako bitxikeriak onartzen dituztenean; Planeta eta Nadal sarikoek Lucia Etxebarria irabazle aukeratzen dutenean edota Bob Dylani Nobel saria ematen diotenean. Ez naiz ni izango merituak kenduko dizkiona Minnesotako trobalariari, baina kasu hauetan guztietan ez dakit nik ez ote den izango, beste arrazoien gainetik, epaimahaikoek euren buruei emandako dominak, munduari  “begiratu zein molonak garen” esateko era bat. Azken honen inguruan sarean irakur daitezkeen txantxak ildo honetatik doaz: “Dylanentzat  literatura nobel saria, Obamarentzat bakearena...kalimotxoren asmatzailea urduri dabil, kimikarena emango ote dioten”.
Futbol partida bat entzuten nengoela, esatariak Messiren gola “artelantzat” jo zuen... “ez ideiarik eman” izan zen burutik pasa zitzaidan lehena.
“Cool” izatearena, antza, erabat garrantzizkoa bihurtu baita garai honetan. “Cool” izan nahi du “cool” hitza erabiltzen duenak (“moderno” eta beste antzekoak baztertuz) , “Cool” da “complicado” esatea “difícil” esan ordez. “Cool” izan nahi zuen, baita ere, ezkurraren I-phoneak, Apple-en ikurra moldatu zuenak, eta jakina, nonahi ikusgai diren tatuaje eta piercingek “cool” itxura eman nahi dute, gehiegitan, lortu duten ala ez nahiko eztabaidagarria izan arren. Gurean ere oso “cool” bihurtu da “Basque Country” “edo “Label” tankerako anglizismoak erabiltzea. 
Orain dela gutxi arte honelako komerietan nekez ikusten ziren kolektiboak, nolabait ere, sartzen ari dira “cool”tasunaren uhinean.
NAGUSI izeneko azokan egon ginen irratirako saio berezi bat egiten eta ez ziren gutxi bertan sumatutako seinaleak. BECen bildutako standetan, ohiko eskaintzekin nahasturik, bazeuden beste batzuk agure “cool” mota berri bat erakutsi nahi zigutenak.
Erretiratu berrien erreinuan txapelak “out” geratzen ari dira, amerikar estiloko biserak “in” bilakatzen diren bitartean (batzuetan buelta emanda ere bai) eta andreen orrazkeretan ugaldu egiten dira kolore biziak, antzinako “kaskoak” aldera utzita. Gazteek teknologia berriak irakasten dizkiete aitona-amonei eta Jane Fondaren irudi sasi-gaztea zahartzaro berri baten ikonotzat erakusten da. Medikuntzak luzaroan sexurako gai izatea ahalbidetu nahi digu eta “pilates” eta “zumba”ren bidez gure gorputzen malgutasuna bermatua omen dago.      
Heldu berriak (hobe horrela izendatzea, “hirugarren adinekoa” edo “zaharra” erabat debekaturik geratu direlako) ez du bakarrik kartetan edo dominoan aritu behar, orain parapente eta arrisku-kiroletan ere aditua izateko gonbitea egiten zaio, nahiz momentuz, errealitate birtualean besterik ez izan (Aizu, nik parapentearen simulazioa probatu nuen eta talka egin nuen behin eta berriz mendi birtualen kontra; gehiagorik ez, eskerrik asko).
Azken finean Bob Dylan bera, Mick Jagger, Paul McCartney eta beste hainbeste ere, gazte-ikur izandakoak,  “bigarren gaztetasuna” bizi dutenen artean daude, zeinek esango zuen.
Jakina denez “cool” hitzak, ingelesez freskoa esan nahi du. Naturak behin eta berriz erakusten digunez, gaur fresko dagoena, izozten ez bada, ustelduta egongo da bihar, nahi eta nahi ez. Beharbada hor, hain zuzen ere, egon daiteke koska: zenbat eta freskoago, hainbat eta arinago ustel. Eta berriz gastatzera...
   
                    

1 iruzkin:

  1. Zeharki erlazionaturik: Behin punk mugimendua aipatu nuen eta batek zera esan zidan: "hori ez da dagoeneko eramaten (eso ya no se lleva)"eta alternatibo izatea cool izan den geihenetan, nik alternatibo pijo batzuk ilusi ditut.

    ErantzunEzabatu