2016(e)ko azaroakren 6(a), igandea

KATUAK ETA TXAKURRAK




Oasis Taldea
Behin eta berriz errepikatzen den historia da hau. Auzo tristeren bateko gazte banaka  batzuek rock talde bat sortzea erabakitzen dute. Arrautza-kutxa eta posterren artean, oinarrizko tresneria bilduko dute euren ametsa jorratu nahian.
Normalean halako ekimenek ez dute ibilbide luzea izaten: lagunarteko ekitaldiren bat, grabazioren bat akaso eta aurrerapauso gehiagorik ez badago... etsipena.
Jakina denez, onespenak eta arrakastak ez dute beti talentuarekin zerikusi zuzena izaten. Taldearen zereginak ez badu garaiz etekinik ematen -nahiz etekin morala besterik ez izan-, zailtasunak eta bizitzak inposatzen dituen logikak taldea baino pisu gehiago izango dute eta urte horiek horitu egingo dira, argazki bilduma ahaztu batean.
Familia, ikasketak, harremanak, lana lortzeko beharra... hauek eta beste horrenbeste oztopok, talde askoren etorkizuna mozten dute. Lehenengo AC/DC taldekoek abesten zuten bezala: “It’s a long way to the top if you wanna Rock & Roll”. Oso ibilbide luzea -eta gogorra- da arrakastarena. Bitartean engainatuko zaituzte, lapurtuko dizute, gezur pilo bat esango dizute, eta bihurgune bakoitzean dena popatik hartzera bidaltzeko arrazoiak aurkituko dituzu.
Oasis taldearen biografia, beste edozein galdutako talderena bezalakoa izatear zegoen. Urte mordoan, Manchesterretik irten gabe entsegu eta ekitaldi txikien artean igaro ondoren, ondoko egoitzan entseatzen zuten ahaztutako neska-talde bateko kideek Glasgown elkarrekin jotzea proposatu zieten. Horietako neska baten mutil-laguna diskoetxe bateko exekutiboa zen eta halabeharrez, egun hartan, galdutako pub horretan azaldu zen. Gau hartan bertan Oasis taldeak bere lehenengo kontratua sinatuko zuen.
Hori eta beste pasadizo harrigarri batzuk,  Mat Whitecross-en “Oasis Supersonic” filmean daude ikusgai. Taldea gustuko izan ala ez, pelikula hau ohiko “biopic”etatik urruntzen da eta ikuspuntu ezberdin askotatik guztiz gomendagarri deritzot.
Oasis taldearen historia, bi anaien historia da. Liam eta Noel Gallagher anaiena. Eurek “katua eta txakurra” bezala deskribatzen dituzte euren buruak eta filmean ekoizle exekutiboak izan dira. Hor, pausoz pauso, arrakasta masiboaren handitasunak eta miseriak zerrendatzen dira xehetasun ttipirik ere aldera utzi barik.
Jendetzaren onespenarekin batera hor agertuko dira jarraitzaileen eromena, lo egin barik igarotako gauak, egoen arteko lehiak, hoteletan eta Ferry batean sortutako iskanbilak, prentsa horiaren azpijokoak -batez ere Britainia Handiko tabloideena- drogak, aitarekin izandako arazoak, eta azkenean, industriaren interesen kontra borrokatzeko ezintasuna.
Talde bakar bat ikusteko jende gehien bildu zuena izan zen Oasis, Knebworth-en 250.000 kide bildu zituztenean. Jaialdi honekin hasi eta bukatzen da pelikula hau. Bitartean anaien inguruan mugitzen ziren ahots ugarik –amarena eta hirugarren anaiarena barne- ibilbide eroa bezain korapilatsua kontatzen digute. Amy Winehouse-ren biopicean gertatzen zen legez, harrigarria da benetan lortu duten irudien ugaritasuna. Nabaria da etxeko-bideoaren belaunaldia dela eurena eta honen atzetik bilketa lan aparta izan dela.
Joan den mende bukaerako anaiarik ospetsuenak -onerako eta txarrerako- nolabait elkartu dira film onest eta interesgarri bat bultzatzeko. Ez ninduke batere harrituko laster berriro oholtza gainean elkarrekin ikusteak. 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat