2021(e)ko martxoakren 19(a), ostirala

ASTELEHENEAN MAITATUKO GAITUZTE

 


Gure alaba nagusiak animatuta, 'El Lunes Nos Querrán' liburuaren aurkezpenera joan nintzen. Najat El Hachmi marokoar jatorriko idazlearen lana da hau, azken Nadal saria eskuratu duena. Ekitaldia Bilboko Bidebarrieta Kulturguneko hitzaldi areto dotorean egin zen, irratian lagun eta lankide dudan Idoia Jauregik gidaturik. Elkarrizketan zehar jakin genuen Najat idazlea Vich hiriko errebaletan hazi zela, Bartzelonako probintzian; pisu txiki batean hain zuzen, eta txiki-txikitatik kopetan idatzitako patuaren aurka agertu zela; hau da, bere «arrazako» gizon batekin laster ezkontzea, seme-alaba asko haztea, ama eta emaztearen zereginetan soilik aritzea, kalean beti zapiz estalirik ibiltzea, eta bere senarraz aparte, gizon bakar batekin ere ez hitz egitea sekula. Najat, ordea, ikasten tematu, bere eskola publikoko «moraikastuna» bihurtu, eta unibertsitatera iritsi zen. Irakurketan, eta, batez ere, idazketan, hainbat zapalkuntza eta mespretxuren aurkako ihes-balbula egokia aurkitu zuen.

Publikotik iritsi zitzaizkion galdera gehienak bere jatorriari buruzkoak ziren: nola askatu zinen musuzapitik? Zuekin arrazistak garela uste duzu? Zer deritzezu feminista musulmanei? Najatek errespetuz eta naturaltasunez erantzuten zien guztiei, bere «moraerrebelde» izaerak morbo handia duela jakitun, baina orain, »El Lunes Nos Querrán« eleberria irakurri ondoren, konturatzen naiz horrek, hain zuzen ere, biziki nekatzen duela idazlea: »Liburua argitaratzearekin batera, leku askotatik deitzen hasi zitzaizkidan. Inork ez zidan galdetzen zein zen benetan gogoko nuen mintzagaia, orduan desira besterik ez zen hori, bizitzara, askatasunera, norberaren bizitzaz gozatzera bultzatzen gaituen desira, zeren aspalditik banekien ez zegoela besterik haraindian, bizitzaren arrosez disfrutatu behar nuela zimeldu baino lehen. Baina inork ez zidan horretaz galdetzen. Erlijioa, exotismoa, nazioarteko politika eta horrelako gaiak nahi zituzten». Beste ezeren gainetik, Nadal saria irabazi duen eleberria, adiskidetasunari egindako kantua da. Familiak eta senarrak huts egiten zutenean beti berarekin egon zen lagun-min horri zuzendutako maitasun gutun bat da: emakume ausart bat, praktikarekin erakusten ziona askatasuna posible zela, auzoko txutxu-mutxuek ezin zutela inolako eraginik izan haien gainean. Ez erlijioak, ez antzinako ohiturek, ezta «hemengoen» errezeloek ere ezingo zutela eragotzi larba horiek tximeleta eder bihurtzea. Islamari begirunea ez dion istorioa da hau, emakumeentzako harlauza bezala deskribatua, orain fundamentalismoak larriagotua, baina Bartzelonako jarrera sasi-aurrerakoiekin ere bat ez datorrena: «Ama batzuek Afrikako gizarte horiek miresten zituzten, non tribu osoak haurrak hezten zituen. Tribu bat nahi duzue? Tira, ba neurea ematen dizuet, haren ontasunak oparitzen dizkizuet, hertsatu eta mendera zaitzaten. Zuen kimuak zainduko dituzue, bai, baina hobe duzue beste guztiaz ahaztu. Ahal duten guztia egingo dute zuen duintasuna apaltzeko, zuek horrelako zerbait zenutela gogoratzen ez duzuen arte». Benetan maitagarriak egiten dira, bai, eleberri honetako protagonistak. Irakurketa amaitzean, zutitu eta txalo egiteko gogoa ematen dizu. Begietan hezetasun pixka bat saihestu ezinik.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina