2013(e)ko ekainaren 3(a), astelehena

IBILTARIEN KODEA




Euskal Herriko herri askotan ugaltzen ari dira bidegorri eta ibilbideak
Ibiltzea. Hiriko kaleetan zehar, herri txikien inguruetan. Mendian, itsas ertzean, belar gainean, porlana gainean, basoan, bakarrik edo lagunduta, inguruko soinuak entzunez edo irratiaren laguntzaz, urratutako bideetan edo zeharka-meharka landetan barrena. Berdin zait. Bai, atsegin dut ibiltzea. Nagitasun itzela gimnasio batean sartzearekin. Erabateko nekea bizikleta bat irudikatze hutsarekin, belaunetako mina  korrikalari bat ikuste hutsarekin. Talde-kirolez mintzo bagara, mahai-futbola da, gaur egun, motibatzen nauen bakarra. Gainera ibiltzeak ez du aparteko ekipamendurik behar: oinetako aproposak eta aurrera. Populazioaren zahartzeak ibiltarien kopurua handitzea ekarri du. Batzuk nahita aritzen dira eta besteak medikuak behartuta. 
Euskal Herriko herri askotan ugaltzen ari dira bidegorri eta ibilbideak, eta maiz, batek ez daki nola aritu horrelako pistetan sortzen diren hainbat egoeratan. 
Ibiltarien gidaliburu baten lehenengo zirriborroa egin nahian, hona hemen nire ibilaldietan gertatutako batzuk:
1) Eguraldi txarreko arratsaldea da, gaur kamio osoa niretzat ezarrita dagoela esan liteke. Ttipi ttapa noalarik, bat-batean, hor aurrean, nire noranzko berean soseguz dabilen andrea dakusat. Inguru guztian entzungai diren soinu bakarrak nire pausoak dira. Arin joaten banaiz emakumea aurreratzeko asmoz... izutu egingo da?  Berarengana joateko asmoa dudanaren beldur izango ote da? Hobe geldi-geldi haren atzetik jarraitzea... baina orduan, ez al da okerrago izango? Ez al zaio burutik pasako haren atzetik noala? Egiatan diotsuet, horrelakoetan nahiago nuke itzulbidea hartzea, baina, egingo al nuke hori gizonezkoa balitz? Ez al da hori ere jokaera diskriminatzailea?
2) Zenbait txakur zaindariren aurreko portaera. Zer egin, esaterako, baserri edo txalet batetik txakurra zaunka bideraino etortzen zaizunean? Ohiko aholkuak patxadaz aritzea diosku. Denok dakigu hizkuntza guztietan erabiltzen den atsotitza eta horrelakoetan geure buruari errepikatzen diogu: “Zaunka askoko txakurrak, haginka gutxi”, eta are: “zaunka bako txakurra, hari eukiyok bildurra”, biak ditut entzunak. Baina zer egin lau oineko zaindariak bere haserrea zaunka erakusten dizunean, bi oineko jabeak bere ataritik patxadaz kontenplatzen duen bitartean?   
Lagun dudan postari bati zauri ederrak egin zizkioten, bere motorraz lanean zebilela. Niri dagokidanez, ez naiz berdin fidatzen txakur mota guztiekin, ezta jabe mota guztiekin ere.
3) Agurrak. Mendian bada idatzita ez dagoen lege bat, aurkitzen dituzun ezezagun guztiak agurtzera behartzen gaituena. Kalean erreparatu ere egin ez diezun horiek, mendian agur-gai bihurtzen dira. Babesgabe sentitzen garelako? Ez agurtzeak barregarri ematen duelako horrelakoetan?  Auskalo. Baina hori bai, agurtzea erabakitzen duzunean muzin egingo dizute eta alderantziz, Bilboko Gran Vian bezalatsu jokatzean, orduan bai, agurrak entzuten hasiko zara. Seguru.
Ongi Ibili!
                                     

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina