2013(e)ko azaroaren 11(a), astelehena

INDEPENDENTZIAREN EGUNA




Euskal Herriaren erdialdean Goiate izeneko herria dugu. Inork ez du espero, baina gaur ezusteko ospea lortzear dago, independentziaren pizgarria izango dela eta.
Inguruko hainbat herriren antzera, Goiate ez da oso handia, ez eta txikia ere. Ez da baserritarren herrixka, baina oraindik ere zenbait baserrik bizirik dirau bertan, iraganaren lekuko.
Fermin Etxegoien
Bere aita bezala, Bixen, harakina da Goiaten. Lan honetarako kristina,  emaztearen laguntza dauka eta luzaroan elkarrekin lan egin dutenez elkarri begiratzea besterik ez dute behar elkar ulertzeko.
Bixen zoriontsua izatetik hurbil dagoen gizasemea dela esan genezake. Emaztea eta nerabezaroan dauden bikiekin gustura bizi da eta bai lana, bai herria, erabat gustuko ditu, nahiz amaginarrebarekin harremanak horren onak ez izan eta semeen bihurrikeriek burukominen bat sorrarazi.
Bixen, harakina ez ezik, zinegotzia ere bada. Azken udal-hauteskundeen ondorioz bere alderdia, “eskuineko alderdi abertzalea”, hogeita hamahiru urtez alkatetzaz zein diputazioaz jabetu ondoren, oposiziora pasatzera behartu dute.
Izan ere Goiateko udalean izan da, bai, zenbait maltzurkeria, baina konparatzerik ez Marbellan eta horrelako udaletxeetan izandako ustelkeriekin. Demagun legea ez dela bortxatua izan, noizbehinka “driblatua” baizik, izandako agintarien aldetik.
Baina azken bolada honetan  dena hankaz gora jarri da eta printzipioz oso berri ona izan zenak -ETAren su etena-  zenbait ondorio zakar ere ekarri dizkio Bixeni. Gaur bertan, esate baterako, Ertzaintzak koartelera eraman ditu bikiak, liskar batean esku hartu dutelako. Ikasleek antolaturiko independentziaren aldeko manifestazioan izan da eta aitaren alderdiari “fatxa” eta “ustela” deitu omen diote oihuka udaletxe aurrean. Atzo, aitaren alderdiak ez zuen babestu ezker abertzaleko mozioa, independentziaren aldekoa.
Baina hori ez da okerrena. Arazo burokratikoak direla medio, gaur Guardia Zibila gure Bixenen atzetik omen dabil, legez kanpoko bozketa batean parte hartzeagatik, eta horrek, erabateko astindua eragin du zinegotziaren oinarrizko sentipenetan.
Esan bezala, gaurko eguna Euskadiren independentziarena izango da. Bixenen papera ezinbestekoa izango da eta ezer ez da berdin izango aurrerantzean.
Arestiko gertakizunetik abiatuta, Fermin Etxegoien idazleak Zinegotzia eleberria idatzi du. Era honetan irakurlearen egonezinari eustea nahi izan du, egun bakar batean, harakin-zinegotziak independentzia  nola demontre lortuko duen jakiteko zain. Baina erronka horretaz gain, nobela hau ETA-osteko euskal gizartearen isla zuhurra da, batez ere indar abertzaleak jabe diren esparruetan.
Eta badauka baita ere irakurketa kezkagarriagorik. Egun batetik bestera, lagunak ziruditenak desagertu dira, zure segurtasunerako  lan egiten zutenak  zu atxilotzeko dituzu etxeko atarian. Zure alderdikideek ere ez dute telefonoa hartzen eta zure bizimodu lasaia osatzen zuen guztia, hankaz gora jarri da, zuk hori merezi izateko  aparteko ezer egin barik. Ez dugu ahaztu behar, horrelakoak gertatzen dira. Ez dago urrutira joan beharrik, hemen gertatu baitziren horrelakoak gerra garaian. Denbora pasa ahala hiritarren iritziak gaindiezinezko oztopoak aurkitzen ditu aurrera jotzeko eta orduan, benetako botereak “stop” esaten du. Norbaitek “elefanteak” bidaltzeko ordua heldu dela erabakitzen du eta demokrazia sine die aparkatua geratzen da. Demokrazia: Erabat lortuta dagoen zerbait sekula izan beharko ez lukeen helburua.            





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina