2013(e)ko abenduaren 9(a), astelehena

ABENDUA





Abendua berriro ere. Ene baitan zerbaitek goxo-goxo besarkatzen du soberan urtero ezagutua eta beste zerbaitek –ez dakit ondo esaten zerk zenbat– errefusatu egiten du, era berean. Inor ez da ibai berean bitan bainatzen, esan omen zuen Heraklito jaunak, baina ibai berbera hor dago, bai, aski ezagututako hainbat sentsazio dituela. Hemen daude jada lehenengo seinaleak: Gabonetako argiak, kontsumitzeko premia gogoraraziz. Durangoko Azoka, euskal kulturgintzaren osasun onaren fantasia eskainiz, jendetzaren erdian “aspaldiko”ak ugaltzen diren bitartean. Konstituzioko asteburu luzea, aisia eta askatasunaren ilusioa antzeztuz.
Abendua berriro ere. Urdail eta errepide buxatuen hila, aurten beste horrenbeste buxadura artean: bake plana, Euskaltzaindia, euskal instituzioen arteko akordioa, Katalunia, abiadura handiko trena, hitzarmen kolektiboak, erretiro-pentsioak, langabezia, ustelkeria, Urdangarin, Assange, Otegi, Siria, Ukrainia...
      “Marmotaren hilabetea” izenda genezakeen abendu hau, zeinetan urtero-urtero eta  amesgaizto bailitzan, hainbat erritu jendetsu errepikatzen diren:
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala, Barakaldoko kaleak euskaltzalez betez eta, egun batez, futbol-zale hainbat bertsozale  dauden itxura emanez.  Santo Tomaseko Azoka, egun batez benetako baserritarrak nolakoak diren gogoratzeko parada eskaintzen diguna, ohiko 5 euroko talo-txorixo astuna barnean buxatzen zaigun bitartean. Gabonetako Haur Parkea: umeentzako paradisua, gurasoentzako ezinbesteko buruko-mina. Beti beste batzuei tokatzen zaien loteria, duda barik urtero zenbait aktorerekin antzezten diren ospakizun horiekin. Patxanga giroko Euskal Selekzioaren partidua, non jai-giroa eta alferrikako ahaleginen malenkonia nahasten diren (askotan ke berde artean).
Abendua berriro ere. Urtero bezala gizartearen ardatzak finkatzeko garaia: etxea, familia, herria. Oparotasun itxura elkartasunarekin nahasten da, nahiz bata eta bestea gero eta sasikoago ageri. Sasi-pinua berriz ateratzeko eta apaintzeko unea, urtez urte nola denbora horren arin pasatu den gure buruari galdarazten diguna.
Baikortasunari gonbita egiten dioten mezuek ez dute behar besteko isla eguneroko zifratan eta albistegiek, nahi eta nahi ez, kutsu garratza uzten digute egunero.
Eta hilaren bukaeran turroia, eta mazapana, eta xanpaina, eta angulen prezioa, eta hamabi kanpaikada eta mahastiak eta su-ziriak eta sakelako  mezu lerdoen zaparrada ...
Abendua berriro ere. Artilezko txano eta bufanda arteko oroitzapenak. Haurtzaro galduen mira. Ezinezko bidaien hasperena. Mendira igotzeko egunik magikoenak. Beheko sutarako grinak. Beste mundu baten ametsa.
Egun batean errege magoak gameluetatik jautsi zitzaizkigun. Beste batean “Jesusitoren” jaiotzaren egunarena Elizaren erabaki bat izan zela jakin genuen eta iaz, abenduko ikurrik kuttunena ere, aparteko ordainsaria, batere bermatua ez dagoen zerbait dela jabetu ginen. Argi dago ba, Marmotaren Hilean hobe da aldaketa handirik ez izatea. Etor daitezela Pub Ibiltaria, Raphaelen gala, Erregearen mezuaren inguruan urteroko eztabaida, perfume eta jostailuen iragarkiak eta elkartasunaren maratoiak.  “Gauza bakoitza bere denborako, arbi errea abendurako”. 
Abendua berriro ere. Gaztainak erre artean txipli txapla pun.      


Roberto Moso

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina