2014(e)ko martxoaren 17(a), astelehena

OILARREN ARTEKO LEHIA




Luzaroan ibili dira Ruben Blades eta Willie Colon, Goenkaleko Lasa anaiak bezala, “elkarri mokoka”. 70eko hamarkadan Siembra eta Canciones en el Solar de los aburridos elepe historikoak konposatu eta grabatu zituztenak gerra zikin bezain lotsagarrian aritu dira, lehen epaitegietan eta orain zenbait gizarte-saretan.
Silvio Rodriguezen semea, "Silvito el Libre"
Eztabaidaren sorrera diru-kontua omen da, 2002ko urtean elkarrekin egin zuten biraren ondorengo desadostasunak direla eta. Baina harrez geroztik beste esparru batzuetara eraman dituzten amaigabeko ika-mikak. Puerto Ricoko tronbonistak argazki bat eskegi zuen bere Twitter-kontuan zeinean Bladesek eta Hugo Chavezek eskua ematen zioten elkarri, jendaurreko ekitaldi batean. Iruzkin bakarra: “Sin palabras”.
Baina askoren harridurarako, duela gutxi Rubenek Nicolas Maduroren politikaren aurkako kritika bortitza argitaratu zuen bere web orrialdean. Bere iritziz Madurok duen gehiengoak ez dio behar besteko zilegitasuna eskaintzen “nahi duen eredu ekonomikoa inposatzeko”. “Ez dut eredu hori epaitzen, baina argi dago zure herriaren baitan daukazun laguntza ez dela nahikoa hura martxan jartzeko” idatzi zuen. “Benetako iraultza -jarraitzen zuen Rubenek- jendearen bizimodua hobetzen duena da”. Bladesen hitzek oso mindu zuten Venezuelako presidentea. Erantzun agiri luze batean Madurok bere herrialdea bisitatzera gonbidatzen zuen “benetako Venezuela ezagutzearren”, bere aberrian bizitzen den egoera “ez delako inperialistek erakutsi nahi dutena”.
Izan ere Ruben Blades ez da Venezuelako egoerarekin kezkati agertu den artista bakarra. Juanes,  Paulina Rubio, Alejandro Sanz, Ricardo Montaner, Cher eta Madonna abeslariek, besteak beste, hitz gordinak erabili dituzte presidentea protestak  zapaltzeko erakusten ari den jarreraren kontra. Baina Rubenen jarrera da erantzun zuzenik merezi duen bakarra Maduroren aldetik.   
Hautsak nahiko harrotuak izan ez eta, Kubatik ere SilvioRodriguez azaldu da Bladesen jarrera gogor gaitzetsiz: “¡Qué fallo!” izenburupeko eskutitz luze batean Nueva Trova Cubana-ko sortzaile izan zena samintasunez zuzentzen zaio:  “Ezinezkoa da iraultza bat bi taldeentzat zorionekoa izatea. Iraultzak justizia ekarriko du eta justizia egitea ez da urtebetetze jaia” . “Denetarako azalpenik daukat -esaten du jarraian- baina tristatzen nau zeharo pentsatzeak inoiz ez dudala Amerikako kantorea izan nahi zuenaren musika era berean entzungo”.
Baina Silvioren aberriaren egoera ere zenbait musikariren dianan dago azken bolada honetan. Bitxiena kasu honetan, irla barnetik sortuak direla ahotsak. Los Aldeanos izeneko raperoak eta haiekin batera Rodriguezen izen bereko semea “Silvito el libre” izenez agertzen dena. Kontinente osoan izugarrizko oihartzuna lortzen ari dira Kubako gobernuaren kontrako hitz zorrotzak erabiliz.  “Háblame” abestian adibidez honelako harribitxiak aurki daitezke: “Hitz egin iezadazu /zure trikimailuez, zure lerdokeriez/ zure interesekin nahastutako komunismoaz/ zure horrenbeste ergelkeria entzutearren hazten ari den gorrotoaz/ eta miseriaz/ herriak ez du merezi eta...”
Pentsa daitekeenaren kontra, “Silvitok” argi eta garbi azaltzen da bere aitaren alde eta hartaz galdetzen diotenean beti “harro dagoela” erantzuten du. Horrexegatik Miamiko kubatarren komunitatea erabat banaturik agertzen da fenomeno berri honen aurrean.
Pablo Milanesek abesten zuena: “Vuelve a sacudirse el continente”.    


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina