2014(e)ko ekainaren 30(a), astelehena

SINETSI NAHI DUT




Pablo Iglesias
Garai agnostikoa, bizi dugun hau. Egun batetik bestera errege-erregina berriak ditugu, baina ez dirudi monarkiaren onarpena sasoirik onenean dagoenik. Izan ere, aldeko iritzi gehienek ez dute instituzio bera hainbeste goraipatzen, dakartzan ustezko onurak baino. Madrilgo parlamentuan ikusi genuenaren arabera, gure ordezkari askorentzat, Felipe eta Letizia, patuak ekarri digun nolabaiteko betebeharra dira.
Eta honelako jarrera ez da koroarekin bakarrik gertatzen. Gure legebiltzarra, sorburu duen estatutua gustuko ez duten politikariz beteta dago. Berez, urriaren 25ean zer ospaturik ez dagoelako iritzia inposatu da. Europako Parlamentua, Europar Batasuna gaitzesten duten ordezkariez goraino bete da, eta gure udaletxeetan ere “partaidetza-asanbladak” udalbatza ezerosoak baino nahiago dituzten zinegotziak ugaldu dira. Bestalde, denon ahotan dagoen Podemos indarraren eledun Pablo Iglesias, “partiduen sistema” eta ezker-eskuinaren dialektika gainditzeaz mintzo da. Asko omen dira, azken aldi honetan, boterea eman dien sistema suntsitu nahi duten boteretsuak.
Bitxia bada ere, esan liteke munduko diktadura odoltsuetatik ihes egiten dutenak direla, gure sistemaren onuran sinesten duten bakarrak. Horregatik besterik ez bada ere, asilo politikoa mereziko lukete horiek.
Agian diktadura ezagutu nuelako eta Europako demokraziei inbidia izan genien belaunaldi bateko kidea naizelako, sistema honen kontrako horrenbeste jarrera nonahi entzuteak ez nau batere lasaitzen. Antonio Tabucchiren Pereirak dioenez eleberria datorkit burura. Hor ere, protagonista, “agnostikoen” kopurua bere inguruan etengabe nola handitzen den jabetzen da, eta, esan gabe doa, askatasuna izango da galtzailea. 
Batxilergoan izan nuen historia irakasleak, Manuel Menendez jaunak, orduan militante sozialista ezkutuko, behin eta berriz errepikatzen zigun mantra berbera: “Abizena duten demokraziez inoiz ez fidatu: organikoa, zuzena, proletalgoarena... berdin dio, denak dira diktadura mozorrotuak”. “Egiazko demokrazia” eta antzekoak aditzen ditudan bakoitzean, ezin dut saihestu hitz haiek gogoratzea.
Demokrazia hitzak horren ospe handia du, ezen agintari bakar batek ere ez duela onartzen bere herrialdekoak beste izen bat merezi duenik. Fidel Castrok berak Kuba “Antzinako Grezia” bezalako demokrazia dela aldarrikatu zuen bere amaigabeko hitzaldi horietako batean. Baina nabaria da sistema hau non dagoen benetan finkatuta eta non ez. Non dauzkan “fededunak” eta non “desleialak”. 
Horrekin ez dut esan nahi daukagun sistema ezin egokiagoa dirudidala. Guztiz kontrakoa.  Theodore Roosevelten hitzetan: “Aurrera ez doan demokrazia handi batek, utziko dio handia izateari edo utziko dio demokrazia izateari”. Legeak erabili behar dira ordezkaritza benetakoa izan dadin, hautagai ugari ahalbideratzeko, ustelkeria ekiditeko, politikariak hurbil eta kontrolpean edukitzeko, erabaki garrantzitsuetan kontsulta zuzenak antolatzeko, Konstituzioa behar den alde guztietan moldatzeko, alderdien finantzaketa neurtzeko…
Lau urteroko hautestontzietan giltzaperatuta dagoen demokraziak, izena besterik ez dauka. Elikatu egin behar da demokrazia, gosez hil ez dadin. Bestela -historiak irakasten digunez- abizenzaleak gailenduko dira.    
  
                   



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina