'Aladdin Sane' diskoaren azala ,Londreseko omenaldian |
Hamabost bat urte izango nituen. Institutuko
aldagelan geunden. Banuen goibel sentitzeko pisuzko arrazoirik: Gorputz
Hezkuntza, gehien gorroto nuen klasea, hasteko zorian zegoen eta euria ari
zuenez gero -beti gertatzen zen egun horietan- banekien zer egokituko
zitzaigun: “plinton”, “potro” eta gainerako tortura aparailuak prest zeuden
gimnasioan ni barregarri uzteko (ai hankatarteak!)
Baina zorionez egun hartan banuen pozik
egoteko zergatirik ere. Klase-kide batek, nire tankerako musikazale amorratu
batek, utzi berri zidan “Aladdin Sane”, David Bowieren diskoa, aspaldian entzun
nahi nuena, hain zuzen.
Irakasleak, aspaldian inolako kirolik
praktikatzen ez zuen lodikote gorrotagarriak, nire altxor preziatua gordetzen ari
nintzela ikusi zuen. Baimenik eskatu gabe nire poltsatik atera eta nazka keinuz,
luzaroan aztertu eta gero, diskoa
altxatu zuen denek ikus zezaten, eta honela esan zuen:
- “Mirad qué mariconazo”.
Gero, betiko astapotroen algarek harrotuta, mesprezu
handiz bota zidan:
- “Escuchando
mierdas como esta no me extraña que no puedas subir la cuerda”.
Tira, batzuk apaizekin izan zituzten arazoak
haurtzaroan. Nik, aldiz, nahiko abade jatorrak izan nituen, baina, oro har, ez
nuen horrenbesteko zorte ona izan soinketa irakasleekin. Zer egingo diogu ba.
Bada, hor zeuden biak, izoztutako irudi
batean betirako nire baitan grabaturik. Behean irakaslea, goian diskoaren
azala. Behean tipo nazkagarri bat, Falangeko bulegoren batean ikasleak
izorratzeko baimena eskuratuko zuena. Txandal ziztrin batekin jantzita, horrek
kirolariaren itxura emango balio bezala, erdi “sargento chusquero” erdi
“españolada” baten protagonista.
Goian Brian
Duffyk egindako azala. Berrogeita lau urte pasa eta gero bizirik dirauen irudi
honekin. Izan ere, ez da oso irudi
erotikoa, baina, auskalo zergatik, “tximinoa” (horrela deitzen genuen ezkutuan)
bere senetik atera zuen. Behean denak ahaztu nahi izan dugun iraganaren alde tamalgarri
bat. Goian David, behean Goliat.
Urteak pasa ahala askotan ikusi dut berriro azal
ikoniko hori han eta hemen. Agertzen zen “Control” izeneko pelikulan, Ian
Curtisen bizitzaren ingurukoan, eta “The Runaways” filmean ere bai. Bietan
protagonisten gogoko diskoen artean zeuden eta bien logeletan poster modura
agertzen zen, nirean zegoen bezala.
1973 urrun hartatik, asko dira Bowiek
emandako bueltak, joan diren egunetan soberan aztertu den legez. Hirurogeita
bederatzi urterekin, eta hogeita lau disko argitaratu eta gero, jendearen
arretari eustea ez da txakurraren putza hain zuzen, berez oso gutxitan
gertatzen da.
Garai hartan Bowie zen “Glamaren erregea” eta
berak -eta bere emazteak- asmatutako pertsonaia hori, “Ziggi Stardust”
estralurtarra, ikusten ari da nola bere eragina urtez urte handitzen doan
zaharkitze izpirik ere erakutsi barik. Glamaren heroiak (T. Rex, Slade, The
Sweet, Gari Glitter, New York Dolls...)
oro har ez zituzten beren buruak iraultzailetzat hartzen, ez zuten
esaten haiena “zero urtea” zenik , punkeroek esango zuten bezala. Glam-rockak kabareta,
rock & rolla, artea eta androginia nahastu zituen libertimendu hutsaren
izenean. Orain horrenbestetan aldarrikatua bada ere, bere garaian ez zuen oso
serio hartu kritikak. Ziztu bizian pasatu zen. Denborak justizia egiten du
nonbait.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina