Alicia Keys, Chanpiosen finalaren egunean |
Ekaina. Mota askotako ikasturteak bukatzeko
garaia. Afariak nonahi. “Triste y sola queda la universidad”. Telebistan,
urtero legez, sasoi honetan “topera” bizitzera gonbidatzen gaituzten iragarkiak
dira nagusi. “Zure bizitzaren historia idazten ari zara... zuk uste duzu
norbaiten interesekoa izango dela?”...
Ekaina. Sasi-paradisu galduetara ihes egiteko
tentazioak edonondik daude erasoka. “Hegazkina-hotela-gosaria”. Ez da inor
agertzen argazkietako hondartzetan.
Eguzkiarekin batera suari eskainitako ospakizunak
datoz. Hortxe bertan dugu, sinestezina badirudi ere, urteko gaurik luzeena,
gure haurtzaroko San Joan gau apartak gogora ekartzen dizkiguna; izandako
okerrak eta ezbeharrak sugarretara botatzera gonbidatzen gaituena; gure antzinako
arbasoekin bat egiten gaituena.
“Sua” zuen izena Mutrikuko Delirium Tremens
taldeko kantu sutsuak: “Ekainak 24/ Jon deunaren eguna/ herri guztietan ohitura
zaharra/ zakar pilo bateri eman sua/ hasi pixkat pentsatzen hobe zer izan leike
herriko puta-seme guztiak hartu eta eman sua”...
Trantsizioko Madrilen sortutako “La
Mandrágora” taldeko kide zen Javier Krahe kantautoreak ere, suteak
aldarrikatzen zituen, baina honako honetan ironiaren eskutik: “Empalamiento, lapidamiento/ inmersión,
crucifixión/desuello, descuartizamiento/ todas son
dignas de admiración/ pero dejadme, ay, que yo prefiera la hoguera/ la hoguera
tiene qué sé yo/ que sólo lo tiene la hoguera”.
“Sua” (Fire) zen, baita ere, Jimi Hendrixen
kantu kementsu baten izena. Gitarra-joleak bere tresna erretzeko ohitura zuen
zuzenekoetan, ikusleen eromena piztuz. Halako showetan
Sua zen, baita ere, Jim Morrisonen obsesioa,
“Light My Fire” edo “When The Music’s Over” abestietan islaturik. Azken honetan
sutean bertan dantza egitea proposatzen zigun: “music is your especial friend/
dance in fire as it intends/ music is your only friend/ until the end”...
Oraindik orain, sua izan zen, halaber, nagusi,
“Girl On Fire” abestiaren koreografian, “Champions”en finalaren hasierako
galan. Alicia Keys-ek atentzioa eman nahi zuen eta lortu zuen, bai: makillatu
gabe agertu zen, sare sozialak sutan jarriz. Ez zen ekitaldi horretarako
prestatutako zerbait. Aldez aurretik bazuen erabakia hartuta: “gimnasiotik
atera berria nintzen eta argazkilariak bat batean esan zidan: honela egingo
dizut azalaren argazkia. Diskoa gordina da, azalak horrelakoa izan behar du baita
ere; egia esan oso ideia egokia iruditu zitzaidan, nekatuta bainengoen beti
bikain agertzeko behar horretaz”.
Sua beti izan da hor. Lagun eta etsai.
Historiaren sasoi ezberdinetan liburuak, elizak, ustezko sorginak edo hiri
osoak erretzeko erabilia.
Baina laguntzaile ezin hobea ere bai
gaixotasunak eta negu gorriak gainditzerakoan.
Egun hauetan eztabaida sutsuak entzuten ari
gara, izan ere luzaroan gaude horrelakoak aditzen botoen aldeko lehia etengabeko
honetan. Sute hauen keak erabat itxi bihurtu dira. Batek, behin baino
gehiagotan, bere buruari galdetzen dio ez ote den hor interesen bat horrenbeste
ke sortzearren, beharbada ke-laino horrek estaltzen duena ikus ez dezagun hain
zuzen ere.
Nola edo hala, San Joan gaueko suak prest
daude berriro. Dantza egin dezagun haien inguruan... posible zaigun bitartean.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina