Ramoncinek, 'Salvados'
telebista-programan esana: «Nik oso argi izan behar dut hau, maltzurkeria
horiek guztiak esaten dituztenak ez dira nitaz hitz egiten ari, bestela
zoratuko nintzateke. Hor badago panpina bat, nire irudia daukana, eta hori da
ahoz aho dabilen Ramoncin eta ez ni...».
Denok omen daukagu bai,
gure antza duen panpina bat besteok irudikaturik eta era berean, guztiok,
ezinbestean, besteen panpinak fabrikatzen ditugu, batzuetan dugun
informazioarekin eta beste batzuetan imajinatzen dugunarekin soilik.
Oso ezagunak ez baldin bagara,
gure panpina –tira, gure irudi publikoa– inguru hurbilean geratuko da. Beti
izango da, bai, panpinak fabrikatzen zaletasun berezia daukanik, ziur aski
haien bizitzek interes handirik ez dutelako. Hau da, esaterako, Canovas,
Rodrigo Adolfo y Guzman taldeak horren fin 'Señora Azul' abestian marrazten
zutena: «Tú no puedes apreciar con propiedad/ El color de la cuestión/ Porque
desde la barrera sueles ver/ Toros que no son/ Y parecen ser». Taldekoek ere,
ezbairik ez, andre horren inguruan egiaz eta aurreiritziz gauzatutako panpina
bat sortuko zuten.
Egun
batean oso dotore eta ederrak agertzen diren panpinak, beste egun baterako
itsusiak eta ziztrinak bilaka daitezke. Zaila da bere egunean Nadal eta Planeta
sariak irabazi zituen Lucía Etxebarriari buruzko aldeko iritziak aurkitzea gaur
egun. Besteetan guztiz kontrakoa ere gertatu da. Dolores Vázquez kartzelan
sartu zutenean, Rocio Vanninkhoffen hilketa leporatuta, ahots bakar batek ez
zuen esan errugabe izan zitekeela, benetako hiltzailea agertu zen arte. Egun
batetik bestera panpina itxuraz aldatu zen oso. Gizarte osoak irudikatzen zuen
panpina gorrotagarri horri berriro soineko eder bat jantzi behar genion.
Berriki, Joseba
Sarrionaindia bere gaurko irudiaz prentsan agertu zenean, ez ziren gutxi sare
sozialetan beren harridura erakutsi zutenak. Imajinario kolektiboan Sarrik bere
antzinako argazkikoa jarraituko zuen izaten, biziaren logikak kontrakoa
susmatzera gonbidatzen bagintuen ere.
Bai, batzuetan gure
panpinaren morroi bihur gaitezke. Jorge Martinez-ek, Ilegales taldeko buruak,
Jorge Ilegal y Los Magníficos sortu zuen, bolero, tango eta horrelako kutsu
zaharreko estiloak landuz... laster, bere panpinak betiko itxurarekin agertu
beharko zuela jabetuko zen. Bernardo Atxagak ere bere jatorrizko izenarekin
sinatuko zuela hurrengo liburua iragarri zuen, handik gutxira bere «ideiarik
egokiena» ez zela izan aitortzeko.
Badaude bai, mota
ezberdineko panpinak arrakastaz erakutsi dituztenak, agian adibiderik
borobilena David Bowie-rena izan liteke, baina salbuespenekin, «duke zuriaren»
berezitasuna aldakorra izatean zetzan hain zuzen. 'Altzairuzko Panpina' saria
Bob Dylanentzat izango litzateke noski, bere panpina suntsiezina dela sobera
frogatu duelako.
Beste asko saiakera
horretan hondoratu dira. Ezer gutxi ulertu ziren Princeren izen aldaketak eta
aukeratu zuen deitura bitxi hura: 'Lehen Prince izenez ezagututako Artista'
hark burla eta trufarako aukera ugari eman zuen.
Eta badago bai, denon
gustuko ematen duen panpina. Erraustegian etzanda agertzen den panpina
beldurgarri horren inguruan denak izaten dira laudorioak. Uste dugun baino
lehenago heltzen den une madarikatu hori heldu baino lehen, saia gaitezen gure
panpinaren txotxongiloak ez izaten.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina