Maite ditugun objektuez inguraturik bizitzea atsegin dut... edo hori sinetsi nahi nuen,
orain dela gutxi arte.
Betidanik kontrakoaren alde egin arren, gero eta hobeto ari
naiz dekorazio minimalista ulertzen.
Azken bolada honetan etxeko gauzek nirekin hitz egiteko
ohitura hartu dute, eta, gehienetan, ez dira oso kalaka gozoak izaten, egia
esan. Askotan, nire ipurdi nekatua mugiarazi besterik ez dute egin nahi, kabroi
zikin horiek.
Nire biniloen bilduma, adibidez, beti matraka berdinarekin
dabil, jo eta su: “Aizu, bada garaia gutaz arduratzeko, ez? Zer uste duzu,
hautsa pilatzeko besterik ez dugula balio ala? Ba hori dirudi azkenaldian. Bai,
badakigu denak ez garela zure gustukoak. Gurekin tartetxo bat igarotzen duzun
bakoitzean haserretu egiten zara, zure diskorik gogokoenak ez direlako inondik
ere ageri, baina tira, hori ez da gure erruagatik izan. Auskalo nori utzi
zenizkion eta zer helbururekin. Gu gara geratu garenak eta gutariko batzuk
balio handikoak izango ginateke, bigarren eskuko orrialde batean salgai jarriz
gero... mugi zaitez txo!
Gero liburuak daude, mezu ezberdinekin. Nire begirada
telebistako pantailatik pitin bat desbideratuz gero, hor agertzen dira guztiak.
Batzuk oroitzapen onez beterik daude eta haien izenburuekin topo egitean, irribarre
lelo bat marrazten zait aurpegian: “El Otro Árbol de Gernika”, “AltaFidelidad”, “Guillermo y el Cohete a la Luna”..., baina bat-batean, hor daude
besteak, adarra jotzeko ohitura dutenak. “Hil Baino Lehenago Entzun BeharDituzun Mila eta Bat Disko” izenekoak, esate baterako, egundoko nekea sortzen
dit. Norbaitek oparitu zidan munduko intentziorik onenaz, ezbairik ez, baina
kasu egingo banio, hemendik aurrera eta nire heriotzaren eguna arte disko
horiek entzutea baino ez nuke egingo. Ez, eskerrik asko. Batzuetan, edozein
orrialdetan zabaltzen dut liburua, eta hor agertzen dira, ezinbestean dastatu
behar ditudan jakiak: “ABBA- The Visitors” edo “Laibach: Opus Dei”... benetan
ez ote dut gauza hobeagorik egiteko, disko horiek eta gainerako bederatziehun
eta laurogeita hemeretziak entzutea baino?
Oraintsu, argazkiak ditut temati samar: “Aizu, astapotro
hori, noiz arte egongo gara kutxa ziztrin honetan gorderik? Ez al duzu ikusten
zure lagunik txukunenek egiten dutena? Gaur egun oso liburu politak egiten dira
gurekin. Bakarrik denbora pixka bat behar dugu, eta jakina, inbertsio txiki bat
ere bai... Horrela jarraituz gero zure oroitzapenak betiko galduko dira. Hori
da nahi duzuna, tentel horrek?”.
Batzuetan, amesgaizto bat izango bailitzan, denak batera oihuka
hasten dira: Kartoizko kutxetan pilatuak ditudan CDak, alabek ahaztutako DVDak,
tiraderan usteldutako kaseteak, ganbaran galdutako aldizkariak, etxeko
dokumentu gorrotagarriak, sekula zabaltzen ez diren entziklopediak, jotzen ez
diren musika tresnak, aspaldian paretatik jausi ziren koadroak... “Lasai” -xuxurlatzen
diet orduan- “badakizue oso lanpetuta nabilela. Laster oporrak etorriko dira
eta banan-banan zuetaz, guztiez arduratuko naiz, benetan”. Oihuz eta txistuz
erantzuna datorrenean badakit: horixe bera da kalera ihes egiteko unea. Azkar
gainera.
Urte hauetako San Joan gauren batean konponduko dugu
afera betiko, arraioa!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina