2020(e)ko urriaren 2(a), ostirala
POTROJORRAN
Igande arratsalde oso bat dut nire aurrean. Sinestezina. Ahaztuta neukan sentipen hau. Astroak nire alde lerrokatu dira eta gaur, aspaldiko partez, nire denboraren jabe izan naiteke, datozen orduetan behintzat.
Egongelako sofa honetan jesarrita, ditudan aukerei errepasoa emango diet. Horietako asko hemen bertan ditut, aurreko apalategietan: entzuteke ditudan diskoak, irakurtzeke ditudan liburuak eta horrenbeste aukera ematen duen telebista. Albo batean ordenagailua,
gaurko egunean behintzat, gozatzeko modu bat bihur daiteke. Ertz batean, erdi ezkutaturik, gitarra dut zain. Aukera ona izan daiteke hau abestiren bat konposatzeko edo arpegio madarikatu horiek lantzeko... baina ez. Gaurkoa ez da denbora lanari eskaintzeko eguna. Gaurkoa aisian bizitzeko eguna izango da, bai jauna.
Bada, garai batean, nerabezaroan edo, gustuko zenuen igande arratsaldeko ajeak “Estrenos TV” saileko pelikula horiek ikusten pasatzea, gogoratzen? Gaur egun ere kate gehienetan ematen dituzte halako “telemovie-ak”. Behin baino gehiagotan hor gelditu zara bukaera ikusi ezinik, beste edozer egin behar zenuelako edo. Hartu egunkaria eta begiratu zeintzuk diren gaurkoak. Ikus dezagun... “Otto Berlinen hasi da lanean, familia Dresden geratzen den bitartean. Haren behar berrian erronkak eta lagunak aurkituko ditu, baita amorante bat ere”. Azken bolada honetan igande arratsaldeko filmak alemaniarrak eta frantsesak izan ohi dira. Eskaintzan egongo dira edo. “Marie eta Geraldine ia ezustean maitemindu dira. Baina oztopo bakar bat daukate haien amodioa aurrea eramateko. Biek senar bana eta seme-alabak dituzte”. Txundigarria. Amaitu orduko ia arratsaldeko zazpiak izango dira. Denbora alferrik galdu izan dudalakoan egongo naiz ordurako, ziur. Hobe zerbait irakurtzea. Baditut izenburu batzuk aspaldian nire arretaren zain daudenak. Altxa ipurdi hori eta arakatu: “ Sekula Kontatu Behar Ez Nizkizun Gauzak”, Iban Zaldua; “Lemmy, la autobiografía”, Kilmister-Garza; “Ciudad Esmeralda”, Jennifer Egan... Egia esan, datozen orduak irakurtzen igarotzea ez da burura datorkidan planik onena. Musika entzutea ere ez. Garai batean orduak eta orduak ematen nituen elepe bati bueltak eta bueltak emanez. Orain aldiz, Spotifyn dudan eskaintza erraldoi horrekin, askotan ez dakit nondik hasi ere. Horrelako zerbait gertatzen zait Netflixen pelikula bat bilatzeko orduan... trailerrak eta trailerrak aztertzen ditut eta bakar batek ere ez nau behar beste gogobetetzen. Azkenean, nekeak jota, zerrendan dagoen zaborrik zaborrenarekin geratzen naiz. Gaur ez zait gertatuko. Hobe hemendik mugitzea. Noiz izan zen zinema bat zapaldu zenuen azkenengo aldia? Pare bat pelikula daude ikuskizunen sailean, ikusi nahi dituzunak..., baina... garai eder haiek, zinemara oinez joaten ginenekoak… Nire gustuko pelikula horiek hiriaren kanpoaldeko saltoki erraldoietan daude ikusgai. Ez, gaur ez dut autoa hartuko. Eta ez dut korrika egingo, ez naiz ibili ere egingo. Arraioa, estresatzen ari naiz!
Begitu. Sofak nire ipurdi-mokorren forma hartua dauka eta penagarria litzateke halako adostasun ederra suntsitzea. Badakit zer egingo dudan. Piztuko dut telebista hori eta dagoenarekin konformatuko naiz, edozer izanda ere. Ea ba. “Ponferradina-Numancia”. Tira. Egun bategatik, potrojorran egotearen xarma biziko dut.
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina