Hitzordua Irungo Ekoetxean genuen, Plaiaundi izeneko natur-parkean, Txingudiko badian. Ingurumenaren munduko eguna zen. Egun batzuk lehenago, Ramon Eloseguik, 'SEO Birdlife' erakundeko kide beteranoak eta luzaroan gure irratsaioko kolaboratzaile izanak, proposamena egin zigun: «Plaiaundiko parke ornitologikora joan behar duzue, leku aparta da, penintsularen gainetik hegan egiten duten hegaztien % 60 bertara iristen dira eta agintariek ez dute horren garrantzia ulertzen. Hainbat proiektuk ingurua mehatxatzen dute eta espezie askori kalte larria eragin diezaiekete».
Ramon oso gizon errespetatua da erakunde
kontserbazionistan, hamarkada asko daramatza gure zeruak zeharkatzen dituzten
hegaztiak begiratzen, grabatzen, haiei argazkiak ateratzen eta katalogatzen. Eta
hara abiatu nintzen, nire motxila-transmisore, mikrofono eta guzti. Garaiz
iritsi nintzenez, inguruak ezagutzeko paseo bat ematea erabaki nuen: harbide
batek, errugbi zelai bat inguratzen duen baso batetik sartzen zaitu. Ibilbidean
zehar, hegaztiak begiztatzeko zenbait postu daude, horietako asko Bidasoaren
bokalearekin muga egiten duen eremuan; Txingudiko badian. Goizeko bederatzi eta
erdiak ziren eta dagoeneko prismatikoak eta argazki kamerak zituzten txori-zale
ugari ikus zitezkeen.
Tripodeak eta ohar-koadernoak ere ikusten ziren
nonahi. Arrazoiren batengatik, agian motxilaz kargatuta ikusteagatik, edo
ditxosozko maskarak sortzen dituen ohiko nahasmenduengatik, bidean gurutzatu
nituen gizon batzuk nireganatu ziren, betidanik ezagutuko banindute bezala.«Zozo
arrosa bat ikusi dut goizaldean, lehenengoa urteetan», esan zidan batek pozez
zoratzen. Beste batek zenbait argazki erakutsi zizkidan, espezie arraroak
atzemateko bere abileziak erakutsiz. Nik entzuna neukan Britainia Handiko
txori-behatzaileena -birdwatchers-, tribu ugaria eta oso bitxia dela,
literaturan eta zineman sarri agertzen dena. Baina inoiz ez nuen, praktika
bitxi honetaz, bertoko hainbeste zaleturekin hitz egiteko aukerarik izan.
Handik gutxira nire solaskideak iritsi ziren, Xabier
Garate eta Txema Cabrita, SEO-Donostiakoak, Ramon Eloseguiren bi ikasle sutsu,
euskal kontserbazionismoaren benetako maisu gisa gurtu dutenak; hemengo
ornitologiaren munduan gutxi bezala errespetatutako gizona da Ramon. Elkarte
honek parkeari kalte egin diezaioketen zenbait hirigintza-proiekturen berri
eman nahi zigun. Baita atletismo-pista duen estadio hori beste leku batera
eramateko beharra aldarrikatu ere. Egia esan, leku aldaketa hori erakundeen
arteko akordio batean onartu zen 1990eko hamarkadaren erdialdean, baina
diotenez, «beti dago aitzakiaren bat hori ez egiteko; orain pandemia da. Argi
dago ez dagoela benetako borondaterik«.
Konexioaren eta elkarrizketen ondoren, aukera izan
nuen gizon haiekin hitz egiteko, etengabe hainbat espezie seinalatzen zizkidatela,
haiei buruzko mila xehetasun emanez eta beren binokularrekin begiratzera
gonbidatzen nindutela. Hain zaletasun garbi eta eskuzabal horrek samurtasun
ikaragarria piztu zidan. Han ez zegoen lehiakortasunik, ez adrenalinarik, ez
inolako indarkeriarik, jakin-mina eta maitasuna baino ez, planeta honetan
milioika urtetan aurrean izan dugun senide misteriotsu horrekiko. Txoria dute
maite.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina