![]() |
| Bozka urtea gezur urtea diosku herri jakinduriak |
Asmo onetarako egunak dira hauek. Bizitza -John Lennonek
esan omen zuenez- beste planak egiten ditugun bitartean gertatzen zaiguna da.
Hala ere ezinbestekoa da. Planak amaitzen zaizkigunean, hauek oso umilak izanda
ere, bizitzak bere zentzua galtzen du. “Eguberri ondorengo lehenengo sei egunak
nolako, hurrengo urteko lehenbiziko sei hilabeteak halako”...diosku esaera
zaharrak. Kasurik egitekotan datorren hilabeteak jendetsuak eta zorabiagarriak
izango dira niretzat eta ekainerako ehun eta berrogeita hamar kilo inguruan
ibiliko naiz (ibiltzerik badago, ordurako). Baina herri jakinduriak, zorionez, guztion
nahien neurriko aholkuak baditu eta gaur honako honekin geratuko naiz: “urte
zahar galtza zahar, urte berri galtza berri” (bat baino gehiago, espero dut).
Hortaz, hor doakizue nire helburuen zerrenda:
Senideei eta lagunei denbora gehiago eskainiko diet,
Whatsappean edo Facebooken baino, haiengana hurreratuta.
Ez dut solasaldirik izango entzuten ez dakitenekin. Nik
esateko dudana ez bazaie axola, ispiluarekin hitz egin dezatela.
Denbora gehiago gordeko dut maite ditudanekin egoteko,
musika entzuteko, zinea ikusteko eta liburuak irakurtzeko, eta denbora gutxiago
galduko dut telebistan “botatzen dutena” ikusten.
Metroa eta garraio publikoa askoz gehiagotan erabiliko
ditut eta kotxea, aldiz, ahalik eta gutxien.
Ez dut denbora gehiegi galduko eztabaidetan, are gutxiago
gai politikoak direnean.
Osasuna
pixka bat gehiago zainduko dut: zenbait ariketa egin, otordu artean ezer ez jan
eta ahalik eta toxiko gutxien sartu gorputzean.
Bizitzak eskaintzen dituen gozamen aukera guztiez, orain
arte egin ez dudan moduan gozatzea (ez dakit azken bi hauek oso bateragarriak
diren, baina tira).
Ez naiz futbolaren erruz haserretuko. Athleticek irabazten
badu jai, eta irabazten ez badu ere jai. Eta kitto.
Euskara egoera gehiagotan erabiliko dut. Nire inguruko
euskaldunekin euskaraz egingo dut beti eta gutxienez euskaraz idatzitako hiru
liburu irakurriko ditut.
Ingelesarekin ere
ahaleginak areagotuko ditut noski, Vaughan Radio nire lehenengo aukera izango
da autoaren irratian eta SpeakUp aldizkariaren artikuluak komuneko zeregin
luzeetan irakurriko ditut. Horretaz aparte ahalik eta pelikula gehien jatorrizko
bertsioan ikusiko ditut.
Gure planeta zaintzeko erabateko neurriak ere hartuko
ditut: nire janaria, janzkera, bidaiak eta abarreko ohiturak sostengarriak
izango dira eta edukiontzi marroia erabiltzen hasiko naiz.
Ekintza sindikalean aritzeaz aparte, ekimen solidario
gehiagotan hartuko dut parte.
Gitarra klaseak hartzen jarraituko dut eta datorren Gabonetarako
ordubeteko errepertorioa jotzeko gai izango naiz (barkatu familia, lagunak).
Pertsona hobea izango naiz inguratzen nautenentzat.
Ganbara behingoz antolatuko dut. Leihoak bernizatuko ditut. Zainduko dut maite
dudan guztia...
Ez didazue sinistuko. Hau idazten dudan bitartean
irratian entzun dut: Estatu Batuetan auto istripu batean hil da bere urteko
helburuak Facebooken sartu berri zituen mutil bat...
Bada, ez dut ezer esan. Herri jakinduriak beste hau ere
badio: “Bozka urte, gezur urte” eta hasi dugun urtea hauteskundez josita omen
dator.
Urte oparo eta ahaztezina opa dizuet txapa hau guztia
jaso duzuen guztioi. Musu.
