El Correo 2017/10/17 etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
El Correo 2017/10/17 etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017(e)ko urriaren 19(a), osteguna

IRAINKA IKASIA


Arantxa Urretabizkaia Hondarribiko alardean (Berria)


Asko dira bai, Arantxa Urretabizkaiak eta bere azken eleberriko zenbait protagonistek bidean ikasiak. Ikasi dute, batik bat, ezer gutxi balio duela justiziak zure alde epaitzeak, zure ordezkari politiko gehienen eta herritar askoren iritzia kontrakoa baldin bada.
Ikasi dute “tradizioa” deiturikoa, eskubideen gainetik koka daitekeela, eta, alde onean, arrazoia zure alde egonez gero eta zure jarrerari tinko eusten badiozu, azkenean jende askoren errespetua irabaziko duzula eta belaunaldi berrien esker ona ere bai; denbora zure alde azalduko baita.
Izan duten ikasgaien artean, dudarik ez, euren herrikide frankoren jokaera oldarkor eta iraingarria ere badago: “Puta, zorra, bigotuda, española. Beti erdaraz, euskaldun zintzoak ez baitu euskarazko hitz zikinekin ahoa orbantzen, nahiago baitu kasu horretan gaztelania erabili”.
Urtez urte, zenbait herritarren  mesprezu eta irainak jaso beharko dituzula jakitea ez da, hain zuzen, gustuko platera izango. Izan ere, irainak eta hitz gordinak nagusitu dira, gaur egun, eguneroko bizitzan. Ohikoak dira parlamentuetan, hainbat telebista-eztabaidatan, eta sare sozialetan. Facebook, twitter edo egunkarietako iruzkinetan, ezkutuan dabiltza ehunka zirikatzaile, “second life” tamalgarri batean. Katalunian egun hauetan kazetaritza lanetan jardun dutenek ondo baino hobeto dakite.
Irainek beste garai batzuetan zuten indarra galdu dute. Iraganean horrelakoak goizaldeko dueluetan amaitzen ziren eta laido baten saria heriotza bera izan zitekeen. Gaur, ordea, dohain banatzen dira hobenak, nahiz Arantxak ederki azaltzen duenez, askotan irainak iraintzailearen beraren erretratu diren: “Inor gutxik izango du kalean ahoz gora iraindua izateko ohitura. Inor gutxi dago horretarako prestatua. Iraintzaileak ere ez du seguru asko ohitura hori, baina ekintzek frogatzen dute hobekiago egokitzen dela iraintzailea egoera berrira, berak sortua delako egoera hori, berak aukeratu duelako ekintza. Iraintzen duenak uste du, iraindua mintzeko ahalmenaz gain, iraindua umiltzeko boterea ere baduela. Kalean, zuk ezagutzen ez duzun gizon gazte batek puta esaten badizu, ez da atsegina, noski. Baina irain berak zure semearen edo bikotekidearen ahotan eragin desberdina luke. Semearenak umilduko zintuzke, kaleko gaztearenak, agian ez. Lastima ere senti dezakezu iraintzailearekiko. Irainaren ezpatak bi aho ditu, eta bigarrenak iraintzailea zauritzen du”.
Oso berri ontzat hartu dut nik Arantxaren Euskadi Saria. “Bidean Ikasia”, berak azaldu duenez, ez da kronika bat, ezta entsegu hutsa ere. Berak iraganean ezagutu dituen zenbait egiazko esperientziaren “destilazioa” egin ondoren, hoberen egiten dakiena egin du: literatura. Gure gizartearen kontraesanak ispilu aurrean ipintzen dituen literatura, oraindik irtenbiderik gabe jarraitzen duen arazo bat ezbaian jarriz, “gure arteko arazoa baita, inongo kanpotarri errua bota ezin diogun arazo bat”. Autoreak ezustean hartu zuen sariaren berria. Berak esan duenez, ukitzen duen gaiarengatik, hain zuzen, ez zuen espero aurten saria emango ziotenik.  
“Bidean Ikasia” liburuan irainak, injustiziak, gaizki esanak, umiliazioak, eta kolpeak birziklatu dira. Gezurra badirudi ere, eragileen kontrako goi mailako literatura bihurtu dira.

ROBERTO MOSO

          

GAIZKI ESANAK




DECCA disko-etxeak Beatles taldearekin sinatzea errefusatu zuen “gitarraz egindako musika modan ez dagoelako”


Guztiok, noizbait, gure gaizki esanak izan ditugu. Gehienok,  era berean, bizitzak denbora aski eman badigu, iritziz aldatu gara zerbaitetan.
Gure esandakoen hemerotekari errepaso eginez gero, denok lotsarako eta harrotasunerako baieztapenak aurkituko genituzke. Horrela ez bada, gure pentsaera denboran zehar monolitikoa eta aldaezina agertzekotan, ez dut uste gutaz gauza onik esango zuenik.
Azken garaiak oso hemerotekazale izaten ari dira. Politikarien prentsa-arduradunek buru-belarri jarduten dute arerioei buruzko gaizki esanen (eta eginen) bila, zenbait irrati-telebistatan gaueko oilategietan elkarri botatzeko asmoz.
Adibideren bat ematearren,  Jordi Évolek, Puigdemont presidenteari Kurdistaneko erreferendumari emandako kontrako botoaz galdetu zion. Argi zegoen, une hartan, galdetuak ez zekiela kazetaria zertaz ari zen ere. 
PP-k bere aldetik, urriaren bata berotu zuen, zenbait agintari katalanek esandako kutsu “hispanofoboa” zuten adierazpenen bilduma bat argitaratuz.
Whattsappeko taldeetan pil-pilean dabiltza batzuen eta besteen astakeriak, askotan inolako fidagarritasunik gabekoak eta norbait intoxikatzeko asmoz asmatuak.
Processaren hemeroteka, ezbairik ez, gaizki esanen “Guinness” errekor liburuan sartzeko gai da. 
Irakaskuntzan ibilbide luzea izan duen lagun batek esana: “Hamaika eskola eman eta gero eta milaka esaldi esan ondoren, ikasle ohi batek beti gogoratuko dizu ahaztuta daukazun lelokeriaren bat”.
Herri jakinduriak ondo badakienez, hobe isilik egotea eta babalore itxura ematea, ahoa zabaltzea eta babalore hutsa zarela baieztatzea baino.    
Historian zehar hanka-sartzeen zerrenda bitxia bezain oparoa da. Albert Einsteinek, 1932. urtean, energia nuklearra lortzea erabat ezinezkoa izango zela iragarri zuen. DECCA disko-etxeak Beatles taldearekin sinatzea errefusatu zuen “gitarraz egindako musika modan ez dagoelako”. Thomas Watson, IBM enpresaren presidenteak 1943. urtean argi eta garbi azaldu zuen: “Asko jota, munduan zehar bost konputagailurentzako merkatua dago”. “¡Qué error!, ¡qué inmenso error!” oihukatu zuen Ricardo de La Cierva historialariak, Adolfo Suarez presidente izendatu zutenean.
Urrutira joan gabe, Jon Idigorasen lerro-burua daukagu bere azkenetariko elkarrizketa batean: “Neurri polizialek ez dute inoiz ETA amaituko, hurrengo egunean milaka ETA sortuko bailirateke”, eta ez zen, jakina, antzeko zerbait esan zuen bakarra.
2003. urtean George Bush hau esatera ausartu zen: “Mundua seguruagoa da orain, Sadam Hussein eta Talibanak ez daudelako”. Hamaika urte geroago, Barak Obamak antzeko zerbait baieztatu zuen Osama Bin Laden akabatu ostean. Bitartean, Iraken gordeta zeuzkaten suntsipen masiboko armak ez dira agertu, eta, inork ez du uste agertuko direnik, baina...“no le quepa a usted ninguna duda de que aparecerán” (Jose Maria Aznar).
Arrain asko “ahotik” hiltzen dira egunero. Antzinako egunkariak lotsarazteko moduko tituluz beteta daude. Hemeroteka agintari askoren etsairik nagusiena bihurtu da, nahiz nabaria denez, horrelako astakeriek ez duten, normalean, inolako ordainik izaten.
Xabier Leteren hitzak datozkit burura, horrelakoak entzuten ditudan bakoitzean: “Haunditzen zeranean/ ikasiko duzu/ isilik egoteak/ zenbat balio dun” .