liburuak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
liburuak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2026(e)ko maiatzaren 13(a), asteazkena


 Atenzioa eman dit Joseba Uribe-Echebarria Otaduy izeneko autorearen HARRAPATZEN BAZAITU (Zortziko) izenburu kezkagarria duen azal beldurgarriak. Orrialde bat irekitzen dut ausaz, eta bi paragraforekin dagoeneko susmatzen dut, gutxienez, interesatuko zaidala. Ez nabil oker. Egun pare batean fantasia, antropologia eta ikararen arteko istorio bat irakurtzen dut, baina baita espero ez nuen umore-kolpeetarako tartearekin ere. Zerbait aurreratuko dizut: 

Heriotza Sarara (Lapurdi) doa asmo gupidagabe batekin: Mattin izeneko bizilagun bat eramatea. Aurrera doa urduri, ia haserre, badakielako euskaldunekin egiten den topaketa bakoitza "borondateen arteko borroka" dela. Oinez doala, lilura eta nahasmen nahasketa batekin begiratzen die: herri gogor, burugogor hori, "berari ere eztabaidatzeko gai dena". Mattin egunero joaten den herriko tabernara iristean, Heriotza zain esertzen da. Orduan ustekabekoa gertatzen da: erruak hautsitako emakume batek ezagutu eta eraman dezala erregutzen dio. Bere bizitzak zentzua galdu duela sentitzen du, familiarekin amaitu zuen istripua eragin ondoren. Baina Heriotzak bizitzen uzten dio: etorkizun garrantzitsua du oraindik, nahiz eta ezin ikusi oraindik. Azkenean Mattin sartzen denean, arduragabe, denbora pixka bat behar du nor ari zaion begira ulertzeko. Eta ulertzen duenean, antzinako zerbait esnatzen zaio: beldurra, etsipena eta bere patuarekiko erakarpen kezkagarria. Heriotzak, itxaroteaz nekatuta eta dibertitzeko gogoz, tratu bitxia proposatzen dio: kontatzen dion benetako istorio bakoitzeko, berak egun bat gehiago bizirik irabaziko du. Horrela hasten da Mattinen egonezina. Memoria kolektiboan grabatutako bizipenak, zurrumurruak, besteen oroitzapenak eta pasarteak lurpetik atera behar ditu:
• Nola bi herrik eztabaida bat konpondu zuten auzo batengatik,
• Banku bateko gertaera bitxiak,
• Igoera berezia Txindokira,
• Ohiz kanpoko lapurreta soldaduskan,
• Arrasateko Gerra Zibileko gertakari ilun bat,
• Diktadurak markatutako haur baten begirada,
• Gertaera bitxi bat Senpere auzoan,
• Santurtziko emakume baten oroitzapen bitxia bezain barregarria,
• Afari ezohikoa Paul Laxalt Nevadako gobernadorearekin.
• Herri bateko hondakinen betiko arazoa.
Hamaika istorio ia etsipenez erauziak. Hamaika egun betikotasunari lapurtuak. Kontakizun gehiagorik aurkitzen ez duenean, Heriotza urduritzen eta muga hurbiltzen hasten denean, Mattinek bere senak agintzen dion plan bakarrera jotzen du. Esango ez dizudan zerbait, irakurtzera animatzen bazara ere. Esango dizut, halaber, "Santurtziko emakumearen oroitzapen ezabaezina" nik ezagutzen nuen istorio dibertigarria dela, eta asko gustatu zaidala liburu batean ikustea.

2024(e)ko irailaren 4(a), asteazkena

PUTO BOOMER

 


"Puto Boomer" da nire bosgarren liburuaren izenburua. Liburuak argitaratzen profesionalki aritu ez naizenez, argitaratu ditudan guzti-guztiak lan geldo eta xehe baten emaitza izan dira eta beti saiatu naiz, zorte ezberdinez, benetan merezi zuela iruditzen zitzaidanean egitea, kontatzeko moduko zerbait nuela iruditzen zitzaidanean, nire istorioetan interesa izan dezaketen pertsonek osatzen duten mundu horrentzat behintzat.
 Beraz, hemen gaude berriro, aitorpenekin, "garaiko" kontakizunekin, surrealismo "magikoarekin", Gotzon Bastidaren  hitzaurre aparta batekin eta produktua mimoz eta profesionaltasun handiz jorratu duen talde batekin. Hasieran euskaz argitaratutako artikulua itzultzea zen ideia, baina askoz haratago joatea erabaki nuen zerbait berriaren bila. Informazio gehiago nahi baduzu, klikatu hemen

2016(e)ko irailaren 17(a), larunbata

APALATEGI ARTEAN

Irakurtzen ez ditugun liburuak abisuz beterik zeuden...
Eta hor zeuden berriro. Liburu pila bat, apalategi ugaritan banatuta. Honako honetan kasino zahar batean izan zen, Gironako Llagostera herrian, bilketa solidario baten ondorioz atzealdeko paretak liburu zaharrez josita zeuden. Beste batzuetan liburutegi batean izan da edo bigarren eskuko azoka batean, edota ia desagertzear dauden liburu-denda zahar horietako batean.
Gustuko dut horrelakoetan izenburuak eta autoreen izenak miatuz luzaroan aritzea, tarteka paragraforen bat irakurriz. Memoriaren zoko urrunen batean ezkutuan dauden idazleak berpiztea. Bere garaian best-seller izandakoak gogoratzea. Nire biografiarekin zerikusia izan dutenak berriro aurkitzea edo betiko irakurri barik geratuko direnekin berriro topo egitea.
Hara!, Jose Luis Martin Vigil... nerabezaroko irakurketa morbosoak: ‘La muerte está en el camino’, ‘Una chabola en Bilbao’... Miguel Delibes, heriotzarekin aurrez aurre lehendabizi jarri ninduena: ‘La sombra del ciprés es alargada’, ‘La hoja roja’... Pío Baroja eta bere Shanti Andiarekin pasatako abenturak... Luis Haranburu-Altunaren ‘Itxasoak ez du esperantzarik’, nire lehenengo euskarazko liburua, barnetegi hartako bazkalosteko irakurketa saioei betiko lotuta...
Hor daude guztiak, nekez helduko den irakurle baten zain. Dozenaka kafe. Ehunka zigarro. Milaka tekla-jotze. Orduak eta orduak pertsonaiak marrazten, kontaketak garatzen, amaierak osatzen, osasuna xahutzen.
Zenbat orri joan ziren paperontzira orrialde horiek aukeratu baino lehen? Zenbat kafe edo whisky edo farlopa-marra erabili ziren gaua ‘pixka bat’ gehiago luzatzearren? Zenbat goizalde, zenbat ilunabar izan ziren prozesu horien lekuko? Eta zertarako? Ziur aski horietako askok literatura ogibide bihurtzearekin amestuko zuten noizbait. Horietako batzuek lortu egingo zuten. Agian, lehenengo izenburu arrakastatsua eskuratu ondoren, argitaletxearekin kontratu bat sinatu eta beste zenbait eleberri idazteko aukera -eta beharra- izango zuten. Hor, tarteka, lan bakar baten egileen izenak ere azaltzen dira; lehenengo porrotaren ondorioz bertan behera utzi zutenak edo horrenbeste ahalegin nekagarri egin ondoren errepikatu nahi izan ez zutenak... edo kontaketa bakar batean, esateko zuten guztia esan zutenak... auskalo.
Denbora ez da liburuki guztientzat berdin pasatu. ‘El varón domado’, ‘Caballo de Troya’ edo ‘El escándalo de Tierra Santa’ tankerako tituluak, hamarkadetan zehar horrenbeste egongelatako altzariak apaindu dituztenak, ez dirudi gaur egun inongo irakurleren interesik pizteko gai direnik. Ordea, hor dabiltza beti harro atzoko eta gaurko ikasgeletan gomendatzen diren klasikoak: ‘Cien años de soledad’, ‘El Quijote’, ‘Luces de bohemia’, ‘Zergatik Panpox’...
Edonola ere, oraingo honetan nire kopa altxatu nahi dut autore horien guztien alde. Egun batean gizateriari zer edo zer kontatzeko irrikan sentitu zirenak eta euren bizitzako ordu luzeak zeregin horretan inbertitu zituztenak. Horietako asko ez daude jada gure artean, euren idatzien oihartzunaren berri izateko, baina nonbait, berpiztu egiten dira gure eskuetan, haien lana berriro hartzerakoan.
Juan Jose Millásek dixit: Irakurtzen ez ditugun liburuak abisuz beterik zeuden...