negua etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
negua etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016(e)ko otsailaren 23(a), asteartea

IZOZTUTA

Egun batetik bestera, bizitzak berak izoztuta ematen du
Egun batetik bestera negua heldu da. Madarikazio bat izango bailitzan urtaroko paisaiak gurean daude berriro: inauteriek ekarritako gripeak, elurrek ekarritako istripuak, olatu erraldoiek ekarritako deskalabruak...
Egun batetik bestera igogailuetan inork ez du klima-aldaketari buruz hitz egiten  eta kaleak hustu egin dira haize eta euri bortitzen eraginez.
Honen guztiaren ildotik edo, bizitzak berak izoztuta ematen du. Izoztuta geratu zen Rajoy, Esperanza Agirrek dimisioa aurkeztu zuenean. Izoztuta geratu zen Pedro Sanchez, Rajoyk eskua ez zionean onartu eta izoztuta geratu ziren iritzi sortzaile asko Pablo Iglesiasek PSOEri elkarrekin gobernatzeko egindako eskaintza entzun zutenean. Ordurako ez ginen gutxi izoztuta geratu ginenok txotxongiloen aferaren berri izan genuenean.
Eta bitartean hor jarraitzen du parlamentuak izoztuta, inondik ikusten ez den gehiengo sinesgarri baten zain.
Horrenbeste hilabetetan martxa bizian ibili ondoren, prozesu katalanak ere izoztuta dirudi gure “bake prozesuaren” antzera.
Horrela jarraituz gero, belaunaldi berriek ez dute ulertuko zertarako behar den bake prozesurik, inolako gudarik ezagutu ez duten herrialde batean.
Baina Rajoy, Sanchez  eta beste hainbaten ametsa ematen duen arren, historia ez da geldituko eta trantsizio mitifikatuan ez daukagu izoztuta geratzerik. 
Albert Rivera ez da Adolfo Suarez, Pedro Sanchez ez da Felipe Gonzalez, Urkullu ez da Arzallus eta Carles Puigdemont ez da Jordi Pujol.
Trantsiziozaleak sortzen dira orain nonahi, bigarren edizioa iragarriz. Baina gezurra dirudien arren, Franco hil zenetik berrogeita bat urte pasa dira eta garai batean konponbide bakarra ematen zuena amonaren kontu zaharra besterik ez da oraingo bozkatzaile askorentzat.  
Garai batean, hauteskundeen emaitzen ondorioz gehiengoa osatzeko zailtasunak sortzen zirenean, alderdi nazionalistekin konpontzea zen irtenbidea. Gaur horrelako paktuak pentsaezinak bihurtu dira. Nahi eta nahi ez, erabakitzeko eskubidea  erabakigarria bilakatu da eta ez bakarrik katalanentzat.
Jarrerak ezagunak dira. Aldekoak: Podemos, Izquierda Unida eta subiranotasunaren aldekoak.  Kontrakoak: Alderdi Popularra, Ciudadanos eta Alderdi Sozialista.Egia esan, azken hauek, ohikoa bihurtu denez borobilaren koadraturaren bila omen dabiltza: erreferenduma bai, baina hiritar espainiar guztiekin batera eta konstituzioaren erreformaren inguruan (estatutu berri baten oinarria izango litzatekeena).
Estatuaren politikak denboran izoztua ematen du. Antzinako mamuak berriro datoz gogora: "Prefiero una España roja a una España rota"  esan zuen Jose Calvo Sotelo eskuindarrak Donostian, 1935. urtean egindako mitin batean.  Geroxeago hil egin zuten, eta historialari askok gudaren pizgarritzat hartzen dute.
Gauzak honela jarraitzekotan ekaina arte helduko gara. Udarekin batera izotza urtuko da eta hautestontziek norantz jo erakutsiko omen digute. Ustelkeriak botoak kentzen ditu, jakina, baina ikusi dugunez, ez hauteskundeak galtzeko adina. Gerta liteke emaitzak errepikatzea (zailagoa zen CUPeko batzarrean gertatu zena) eta orduan bai izoztuta geratuko ginatekeela.
“Bi Espainietariko batek bihotza izoztuko dizu” idatzi zuen Antonio Machadok. Batzuei kosta zaigu, baina pixkanaka-pixkanaka badirudi hasia garela ulertzen...