2016(e)ko urtarrilaren 9(a), larunbata

URTE BERRI, ASMO BERRI



Bozka urtea gezur urtea diosku herri jakinduriak

Asmo onetarako egunak dira hauek. Bizitza -John Lennonek esan omen zuenez- beste planak egiten ditugun bitartean gertatzen zaiguna da. Hala ere ezinbestekoa da. Planak amaitzen zaizkigunean, hauek oso umilak izanda ere, bizitzak bere zentzua galtzen du. “Eguberri ondorengo lehenengo sei egunak nolako, hurrengo urteko lehenbiziko sei hilabeteak halako”...diosku esaera zaharrak. Kasurik egitekotan datorren hilabeteak jendetsuak eta zorabiagarriak izango dira niretzat eta ekainerako ehun eta berrogeita hamar kilo inguruan ibiliko naiz (ibiltzerik badago, ordurako). Baina herri jakinduriak, zorionez, guztion nahien neurriko aholkuak baditu eta gaur honako honekin geratuko naiz: “urte zahar galtza zahar, urte berri galtza berri” (bat baino gehiago, espero dut). Hortaz, hor doakizue nire helburuen zerrenda:
Senideei eta lagunei denbora gehiago eskainiko diet, Whatsappean edo Facebooken baino, haiengana hurreratuta.
Ez dut solasaldirik izango entzuten ez dakitenekin. Nik esateko dudana ez bazaie axola, ispiluarekin hitz egin dezatela.
Denbora gehiago gordeko dut maite ditudanekin egoteko, musika entzuteko, zinea ikusteko eta liburuak irakurtzeko, eta denbora gutxiago galduko dut telebistan “botatzen dutena” ikusten.
Metroa eta garraio publikoa askoz gehiagotan erabiliko ditut eta kotxea, aldiz, ahalik eta gutxien.
Ez dut denbora gehiegi galduko eztabaidetan, are gutxiago gai politikoak direnean.              
Osasuna pixka bat gehiago zainduko dut: zenbait ariketa egin, otordu artean ezer ez jan eta ahalik eta toxiko gutxien sartu gorputzean.
Bizitzak eskaintzen dituen gozamen aukera guztiez, orain arte egin ez dudan moduan gozatzea (ez dakit azken bi hauek oso bateragarriak diren, baina tira).
Ez naiz futbolaren erruz haserretuko. Athleticek irabazten badu jai, eta irabazten ez badu ere jai. Eta kitto.
Euskara egoera gehiagotan erabiliko dut. Nire inguruko euskaldunekin euskaraz egingo dut beti eta gutxienez euskaraz idatzitako hiru liburu irakurriko ditut.
Ingelesarekin  ere ahaleginak areagotuko ditut noski, Vaughan Radio nire lehenengo aukera izango da autoaren irratian eta SpeakUp aldizkariaren artikuluak komuneko zeregin luzeetan irakurriko ditut. Horretaz aparte ahalik eta pelikula gehien jatorrizko bertsioan ikusiko ditut.
Gure planeta zaintzeko erabateko neurriak ere hartuko ditut: nire janaria, janzkera, bidaiak eta abarreko ohiturak sostengarriak izango dira eta edukiontzi marroia erabiltzen hasiko naiz.
Ekintza sindikalean aritzeaz aparte, ekimen solidario gehiagotan hartuko dut parte.
Gitarra klaseak hartzen jarraituko dut eta datorren Gabonetarako ordubeteko errepertorioa jotzeko gai izango naiz (barkatu familia, lagunak).
Pertsona hobea izango naiz inguratzen nautenentzat. Ganbara behingoz antolatuko dut. Leihoak bernizatuko ditut. Zainduko dut maite dudan guztia...
Ez didazue sinistuko. Hau idazten dudan bitartean irratian entzun dut: Estatu Batuetan auto istripu batean hil da bere urteko helburuak Facebooken sartu berri zituen mutil bat...
Bada, ez dut ezer esan. Herri jakinduriak beste hau ere badio: “Bozka urte, gezur urte” eta hasi dugun urtea hauteskundez josita omen dator.
Urte oparo eta ahaztezina opa dizuet txapa hau guztia jaso duzuen guztioi. Musu. 


3 iruzkin:

  1. Zerbaitetarako balio badizu, hemen idazten dizun pertsonak, zure "txapa" eta intenzioak irakurtzen ari zen bitartean, izerdi txiki bat sentitu du bizkarrean, pentsatzen, hau ez da ezagutzen dudan Roberto.Hemen bihurkide bat egongo da. Eta behar bada auto istripuarena egia izango da, baina esaerak dioen bezala, hemen gezur asko entzungo ditugu urte honetan. Eta planei buruz, nik neure esperientzian, garai batean, gauzak guztiz planeatu eta programatzen nituen. Osa gaizki joan zaizkit gauzak, ez horregatik sustraiean eta literalki, baina horrek lagundu du; zeren nere burua engainatzen eta pisu handia hartzen nuela jakin gabe, dena ondo planeatuta neukanean pentsatzen bait nuen dena lotuta zegoela. Bai, bai, neure burua lotzen nuen. Nere osaba Joxek "sobre la marcha" esaten zuen bizitzari buruz azkoitiko azentu ireki batekin. Nik ez nekien nola zen "egunean" edo "al día" bizitzea. Azkenean, bizitzaren itsasoak arroka baten kontra botatzen zaituenean, pentsatu gabe, planeatu gabe, muga geihegirik jarri gabe, "egunean" edo "al día" bizitzen hasi naiz naturalki, eta ez zegoelako beste irtenbiderik. Eta nahiz eta ni neu zulo batzutan sartzen naizen, ateratzen ikasi dut ere. Baina ez pentsa, euskaran libururik ez irakurtzeak kulpa moduko bat sartzen dit.Zure zerrendan irakurtzean zera esan diot nere buruari, ostras, ez dut ia hitzegiten ere; beno euskeraz idaztea zerbaitxo bat bada. Eta gauza gozo geihegi hartzen ditut ansiedadea konpentsatzeko modu okerrenean. Ea behintzat horretan, zerbait egiten dudan, indartsu banago behintzat. Zaharrak berri.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Traducir jartzen duen lekuan klick egin eta benetan oso dibertigarria da ateratzen dena. "Voy a caminar alrededor de junio de ciento cincuenta kilogramos (que viajan ya)", eta horrelako harribitxiak ateratzen dira. Humore absurduan sekulako arrakasta izango lukete robot honek testua gaztelerara itzultzen duenean sortzen diren esaldi izugarriak.

      Ezabatu
  2. Kotxe ispripuarena egia omen da. Eta nire intenzioak, nolabait, ere bai. Gero errealitate gordina dator dena izorratzera eta orduan, "Virgencita que me quede como estoy" inposatzen da. Aldaketa, gutxi gora behera, itzultzailearenak egiten duen antzekoa da.

    ErantzunEzabatu