2013(e)ko otsailaren 26(a), asteartea

PEOPLE HAVE THE POWER


Patty Smith

Bizitza, beste plan batzuk antolatzen ditugun bitartean egiten duguna da, esan omen zuen John Lennonek. Bizirik irautea hau da, besteak beste, haurtzaroan amesten ditugun bizimodu guztiak osatuko ez direla onartzea. Onenean ere, horietako bat gauzatuko da, eta normalean ez da zehatz-mehatz gure ametsean agertzen zen bezala izango. Ametsak amets. 
Honelako gogoetak sortu ziren “Vidas Anteriores” liburuaren aurkezpenean, Bilbo erdialdeko liburu-denda batean. Santurtziko Oscar Losa Vega idazlearen bigarren argitalpena da, lehenengo eleberria. Hor aritu nintzen aurkezle gisa eta honelakoetan gertatzen ez den bezala, ondorengo  eztabaida bizi-bizia eta zeharo interesagarria suertatu zen. Istorio honen mamia iraganean utzitako zorrak dira. Zama astun horiek, atzera itzultzera gonbidatzen gaituztenak, zauri zahar horiek sendatzerik balego bezala.
Iraganaren itzal iraunkorra, beti uste genuen baino askoz hurbilagoa, egun hauetan argitaratu den beste nobela batean da aztergai: Beñat Arginzonizen “Pasión y muerte de Iosu Expósito” liburuan, Eskorbuto taldeko gitarra-jolearen bukaera samingarriari buruzkoa izanik.
Idazle bion artean, nahi gabe, denboraren tunelean sartu naute, joan den mendeko 70-80eko hamarkadetan hain zuzen, herdoila, asaldura eta aldaketa sakoneko garai haietan, den-dena probatzea beharrezkoa zen garaian, are gehiago, subertsiboago, apurtzaileago eta “gazteago” sentiarazten zigun guztia.
Orrialde hauetan eta errealitate horietan bizi zirenen patuak, batzuetan harritzeko modukoak izan dira: kale-borrokalari sutsuak, azkenean polizia sartu direnak;  auzoko gaizkileak, gaur egun dirutza handidunen zerrendan daudenak... Orrialde horien soinu-bandan, emakume apartaren lehenengo elepeak entzungo ziren: Patti Smith-enak hain zuzen (txapelak kanpora, mesedez). Duela gutxi,  haren biografia, “Éramos unos niños”, irentsi egin nuen.  Hor benetako artearenganako grina islatzen da, Rock izarren ereduetatik urrun. Patti taula gainera igotzeko aukeratu zuten “aho batez” inguruan zeuden artista guztiek, 70eko hamarkadan, New York hirian, haren talentu eta magnetismoaz oharturik horrela erabaki zutelako.
Aste honetan, hirugarren aldiz, bere zuzeneko emanaldi bat gozatzeko parada izan dut, Guggenheim-en atarian, munduko lekurik egokienean zaudela sentiarazten dizuten ekitaldi horietako batean.
Beste behin “ibaian txiza egin genuen” elkarrekin. Beste behin “gaua maitaleentzako dela” baieztatu behar izan genuen eta sexu gaztearen zirrara berdingabea berreskuratu genuen “Gloriaren” izenean.
Bukatzeko  garrasika errepikatu genuen, behin eta berriz:  “People have the power”. Horrenbestetan esan genuen, non egiazkoa zela sinistear egon baikinen.    
Benedetto Crocek esana da: Gure garaiaren seme-alabak gara, gure gurasoenak baino gehiago.                   

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina