2013(e)ko otsailaren 26(a), asteartea

MY GENERATION



Murrizketako gabon hauetan ezusteko galantak bizitzeko aukera izaten ari gara. Freixeneteko burbuilak EREn daude, El Corte Ingleseko ohizko izarra erdi-ezezaguna dugu aurten eta Xabi Alonsori ez omen zaio heltzen benetako angulak erosteko…batzuei Olentzerok soldata murriztu digu, baina hori bai. Beste gobernu bat ekarri digu trukean.   
2012ko Eusko Jaurlaritza
 Eusko Jaurlaritzako Sailburu berrien profilak irakurtzean, denak nire belaunaldiaren bueltan daudela ohartu naiz. My Generation boterean dago. Zeinek esango zukeen. Bataz besteko sailburuen jaiotza-urtea 1960 da (horietako lau, urte horretan bertan jaioak dira hain zuzen). Horrek, halabeharrez, baterako bizipenak edukiko ditugula esan nahi du.
Sailburu-tipo hau ETAren garaikidea izan da bere jaiotzatik. Hamar urterekin Burgosko auziaren berri izango zuen eta hamahiru urterekin, aho bete hortz, “telediarion” Carrero Blanco almiranteren kontrako ekintzaren irudiak ikusiko zituen. 1975. urtean frankismoaren azken fusilamentuak –eta kalean izandako erantzunak- argi eta garbi gogoratuko ditu, baita hurrengo urteetan Lemoizen aurkako mobilizazioak eta hilketak ere.
Belaunaldi-kideak hemeretzi urterekin autonomia estatutua bozkatzeko aukera izan zuen, ikurrina legalizatua izan zenetik soilik bi urte pasa ondoren.
Gogoan izango ditu ere berunezko urteak eta Miguel Angel Blancoren bahiketa eta hiltzea, ahaztea nahiago lituzkeen arren.
Baina zorionez, gurea ez da bakarrik “gatazkaren aroa” izan. Argazkian daudenek, ziur aski, amets egin zuten unibertsoko konkistarekin , Armstrong izeneko gizonezko batek lehenengoz ilargia zapaltzen zuen bitartean. “Somos malos malasombra” abestu zuten txikitan gaizto aurpegia jarriz eta igandeko saioetan Cantinflas, Tarzan, bakeroak eta Biblian oinarritutako pelikula mordoa irentsi beharko zituzten, besteak beste.  Eurobisioan, Massielen ezusteko garaipenaren lekuko izan ziren. Gaztaroan Errealak eta Athleticek ligak nola irabazten zituzten gozatzeko aukera izan zuten, munduko normalena izango bailitzan. 1980eko hamarkada horretan ere fabriken itxiera, HIESAren izurritea eta heroinak eragindako sarraskia ezagutu zuten, punk mugimendua eta “disco-music”a norgehiagoka ari ziren aroan.
Euskara “putzu sakon eta ilun batetik” zelan irteten zen bizitzeko parada ere izan dute eta Urko, Lertxundi, Laboa eta beste hainbesterekin batera ospatuko zuten kantaldi jendetsuetan.
Haien soinu-bandan, ezinbestean, hor egon dira baita ere Rolling eta Beatles, Raphael eta Mocedades, Itoiz eta La Polla Records…
Ia konturatu barik esku-telefonoa eta Internet guztion bizimoduan betiko sartu ziren eta horren futurista egiten zitzaien 2000. urtea iraganean geratu zaie.
1965. urtean The Who taldeak “My Generation” plazaratu zuen. Gaztaroan bakarrik erakusten den harrotasun horrekin horrela ari ziren: “Jendea gu baztertzeko ahaleginean dabil/Soilik hor gaudelako/ Egiten dutena ikaragarri da hotza/ Zahartu baino lehen zendu nahi nuke...”. Bai kantaria eta bai konpositorea bizirik daude, hirurogeita hamar urtetsurekin. Berriro ere: “Bi urte mintzatzen ikasteko, bizitza osoa isiltzen jakiteko”.
Zorte on guztioi. Bihotzez.   


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina