2013(e)ko martxoaren 14(a), osteguna

GALDERAK




Bizitzea galdetzea da.
Txikitan galdetu besterik ez dugu egiten. Aitatasuna eta amatasuna bizi izan dugunok ondo dakigu hori. Esaldiak osatzen ikasten dugun bezain laster, galdetegia sortzen da. Alde batetik jakin-nahia gure izaeraren baitan dagoelako, eta, beste alde batetik, akaso, adituen arreta lortzeko erarik onena dela ohartzen garelako.
Zein ez da urduri jarri ume baten galderen aurrean? Txikiak gupida gabeko itaunketak egiteko moldatzen dira: “Aita, zein da indartsuago, elefantea ala tigrea?”, “Zergatik egiten du euria?” “Zergatik zahartzen gara?”, “Polizia ona al da?” “Horren txarra bada zergatik erretzen duzu?”… Atsotitzak dioenez: “Ume baten itaunei ezin hamar jakintsuk erantzun”.
Lehenago edo beranduago buruko mina saihestu nahian, denok gezur berbera esaten diegu: “Oso txikia zara hori ulertzeko, hazten zaren neurrian, konprenituko duzu hori guztia, laztana”.
Baina hazten garen neurrian, benetan gertatzen zaiguna guztiz kontrakoa da. Galdera potoloak potolotu egiten dira gu zanpatzeko gauza bihurtzeraino. Zeintzuk gara? Nondik gatoz? Nora goaz? Bakarrik al gara unibertsoan?  Zientziatik at kokatzen bagara, oinarririk gabeko fedea eta sineskeria ditugu. Zientzia-gunera bakarrik erantzunen bila bagoaz, munduko burmuinik argienek Sokratesekin batera maiz esango digute: “Dakidan bakarra da ezer ez dakidala”. Adituen arabera, Higgs bosoiaren  aurkikuntzarekin, esate baterako, erantzuten diren galderak, sortzen direnak bezain oparoak dira.  
Baina hauek ez dira izaten egunez egun kezkatzen gaituzten galderak. Gure eta gutarikoen etorkizuna izaten da gehien bat galdetegiaren ardatza: Lortuko/mantenduko al dut lana? Lortuko/mantenduko al dut maitasuna? Lortuko/mantenduko al dut etxea?...
Hots, galderak egitea gure izaeran dago. Izan ere lanbide batzuek ez lukete zentzurik edukiko galdera barik: epaile, polizia, mediku...
Kazetaritzan, azken urteotan “galderik gabeko prentsaurrekoak” ugaldu dira. Ana Botella eta Alfredo Perez Rubalcaba ere sartu dira berriki zerrenda luze eta lotsagabe horretan. Profesionalen artean 10.000 sinadura baino gehiago bildu baziren ere, oraindik ere ez da batere ezohikoa entzutea sarrera madarikatu hori: “Gaur ez da galderarik onartuko”. Ildo beretik gero eta maizago entzun daitezke honelako erantzun harroputzak: “Hori ez da gaurko gaia, beraz, beste galderarik?”. Antza denez, zenbait ordezkarik, haien lorpenen bozgorailutzat hartzen gaituzte.  
Ez dio lanbideari mesede handirik egiten, ezta ere, Jesus Hermidak eta erregeak eskaini zuten ikuskizunak. Oprah Winfrey izena entzuten dugunean, askotan “izen handiko kazetaria” edo antzeko izendapenak dira lagungarri, baina kasu honetan Hermidarekin konpara daitekeena Armstrong bera dugu. Aurretik moldatutako elkarrizketa ez da benetakoa, txirrindulariaren tour-garaipenen antzera.
Orain, galderak egiteko zuen txanda, mesedez.              
         


 
         

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina