El Correo etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
El Correo etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015(e)ko otsailaren 8(a), igandea

GEHIEGI GOIZEGI




Desechables Taldea
Desechables taldeko ekitaldiak ez ziren rock & roll emanaldi ohikoak. Haiek nahiago zuten “meza beltzak” deitzea, eta egia esan, Tere kantariaren garrasiak entzutean El Exorcista pelikularen eszenarik bortitzenak  zetozkizun burura.
Egun hauetan zenbait hiriburutan -Bilbo barne- El PeorDios dokumentala aurkezten dabiltza. Desechables taldeko ibilbidea kontatzen zaigu bertan eta beste behin, laurogeiko hamarkadan gertatutakoak ditu oinarri.
Teresaren nortasuna besteena ez bezalakoa zen benetan. Lan honetan ikusten diren zuzenekoetan haren portaera, taula gainekoa, paregabea da oso. Terek ez du kantatzen: oihu egiten du, garrasika dabil, amorruz liskarrean dabil entzuleriarekin, mikrofonoarekin bihurri jolasten duen bitartean. Terek ez du dantza egiten, astindu egiten du gorputza, tirokatua izango bailitzan iraulkatzen da, suge antzera narras dabil eta hori guztia beti aurrez aurre jendeari begira: “Quiero pasarlo bien esta noche...” behin eta berriz errepikatzen duenean, esate baterako, soberan dakizu ez dela hori bakarrik esan nahi dizuna. Ondo pasatu nahi du, bai, baina mendeku gisa, beste norbaitek sufritu dezan bere parrandarekin. Tererena “emakume power” hutsa da: “Ni emakume bat nintzen, agertoki baten gainean, beste edozein abeslari bezala, ez nengoen hor emakumearen egoera aldarrikatzeko, hor nengoen eta kitto”.      
Desechables taldea Bartzelonan sortu zen. Hirukote modura hasieran, laster lortu zuten hedabideen arreta, haien ekitaldiak guztion ahotan baitziren. Rock giroan ez zen batere ohikoa neska bat hor gainean agintari ikustea, are gutxiago horren jarrera probokatzailea erakutsiz. Lyonen jo ondoren,  kritikaren iritziek aho batez puntaren puntan kokatzen zuenean, taldearen patua erabat okertu zen. Auto-istripu baten ondorioz, lehen diskoaren grabazioa atzeratu zen. Indarberritu zirenean, Miguel gitarra jotzaileak, plastikozko pistola batekin lapurtu nahi izan zuen bitxi-denda  bat, baina jabeak, benetako bat zuen...  Ordezko kide bat hartu zuten, baina... ezer ez zen berdin...
Desechables taldekoek, arazoak arazo, ez zuten lortu beren gustuko diskorik egitea. Beti gogoratuko dituzte, erdibidean gelditu zen egitasmo gisa, euren abiadura eta gehiegikerien biktima. Alejandro Montes, Daniel Arasanz eta Nico Tarela, lan honen zuzendari gazteek, bizirik dirauen taldeko kideak bildu dituzte berriro, belaunaldi baten erretratuaren bila. Suertatu izan zaien marrazkia ezin adierazgarriagoa da: Baby-boomaren seme-alabek, nerabezaroan, Bartzelonako herri batean elkarrekin amets egiten dute. Herriko rockeroen tabernan biltzen dira eta erdi txantxetan rock talde bat eratzea erabakitzen dute. The Cramps ezagutu ondoren argi eta garbi daukate norantz jo. Taldea egiten dutenean Terek hamalau urte besterik ez ditu. Laster taldearen kiderik erakargarriena zein den jabetuko dira. Baina hor zeuden, baita ere, hamarkadako beste klasiko batzuk: askatasun gosea, delinkuentziaren xarma, denetarik probatzeko grina...
Ametsa bukatu zen eta taldeko kideak, halabeharrez, beren bizimoduari buelta emateari ekin zioten.                       
Agian dokumentalaren zatirik hunkigarriena, taldea berriro elkartzearena da. Gaur egun duten itxurak guztiz arruntak dira. Metroko bagoian ikusi eta gero inork ez zituen “psikobilly-star” ohiak ikusiko. Baina berriro elkarrekin jotzean, barruan lotan duten pizti hori azaleratzen da. Galdutako denboraren bila. Galdutako magiaren bila.
 

2014(e)ko azaroaren 11(a), asteartea

HILDAKOAK ETA BIZI-BIZIAK

Generalitatek antolatutako kanpainaren une bat
And Vinyly izeneko britainiar enpresan hildakoen hautsak binilozko disko bihurtzen dituzte. Era horretan, joandako senide maitearen kantarik kutunenak, betiko daude eskuragai, entzungai, zirrara-gai... Era batera edo bestera, zenduak bizidun dirau, musikaren bidez ingurukoak hunkitzeko prest.

Hilen artean badaude beste batzuk abesten dutenak. Bilboko aste nagusian Raphael erregaitzaren ekitaldia ikusteko aukera izan nuen. Bere errepertorioan Rocio Juradorekin batera Como Yo Te Amo kantua abestu zigun. “Linaresko umeak”  pantaila erraldoi batean zegoen irudiari bere maitasuna aitortu eta bertatik folklorikoak gogo biziz erantzuten zion: “Yo, te amo con la fuerza de los mares, yo, te amo con el ímpetu del viento yo …” bertan egongo bailitzan, kristoren txaloaldia eraginez.

Beste hildako batzuek liburuak saltzen dituzte, dokumentaletan protagonistak dira edo telebistako iragarkietan kotxeak saltzen agertzen zaizkigu, John Lennon edo Steve McQueenekin  egin den bezala.

Forbes aldizkariak  iaz diru-sarrerarik handienak lortu dituzten hildakoen zerrenda argitara eman berri du.  Michael Jackson puntaren puntan dugu 140 milioi dolar sortu ondoren. Bigarrena, 55 milioirekin, Elvis Presley da eta hirugarren postua Snoopy txakurraren sortzailearentzat da, 2000. urtean hil zen Charles Schulz marrazkilariarentzat alegia, 40 milioi dolarreko irabaziak lortu eta gero. Hurrengoak zerrendan honako hauek ditugu: Elizabeth Taylor -25 milioi-, Bob Marley -20 milioi-, Marilyn Monroe -17 milioi- John Lennon -12 milioi- eta Albert Einstein -11 milioi-.

Hildakoak oso errentagarriak izan daitezke, bai. Izan ere, kasu askotan hil ondoren lortzen dute, bizitzan amestu baino egin ez zutena. Michael Jackson eta Kurt Kobainen salmentak, besteak beste,  heriotzari esker ugaritu ziren. Gaur egun horren mespretxatua den Ramoncin-ek, esate baterako, eskultura bat izango luke Vallecaseko plazaren erdian, txute batek garaiz eraman izan balu. “El Cid” jaunak hil ondoren  gudu bat irabazi zuenetik ongi ikasia dugu zenbaterainoko garrantzia izan dezaketen bizidunentzat hildakoek. 

Zenduek ez dute erantzuten kritikatzen dituztenean, eta norbaitek haien lagun mina zela esaten badu, haiek ez dute ukatuko. Badakigu atsotitzak dioena: Isilik dagoenak bai esaten du. Hildakoek ez dute dirurik irabazten, ez doaz oporretan, ez dute saririk jasotzen eta ez dute ligatzen; ez dute, bada, inolako inbidiarik eragiten, hortaz hobeak direla dirudi.

Eskeletako orrialdeak ikusi besterik ez duzu. Fenomeno ulertezinen batengatik, hor agertzen diren argazkietan, ez dago gaizkilerik. Denek pertsona onaren aurpegia dute, haiei gertatu berriagatik, heriotzagatik penaturik baleude bezala.

Hildakoen zama nonahi aurki daiteke: kontaketa “ofizial” baten faltan Fuego; Lasa eta Zabala; 1980; eta datorren El Santuario tankerako pelikuletan hainbat hilketa eskaintzen zaizkigu, bizi izan dugun dramaren kontrako ikuspuntuak azpimarratzeko.

Gaur Katalunian egiten ari den galdeketa horretarako ere, hildakoak erabili dituzte Generalitateko kanpainan. Iritzia eman ez dezaketenen argazkiak helburu politiko bat lortzeko erakutsi dira berriro ere. Juan Ramon Barat idazle valentziarrarekin bat nator oraingo honetan: Utz itzazue bakean hildakoak. Begirune kontua da. Besterik ez.    

 

ROBERTO MOSO   

        

2014(e)ko irailaren 21(a), igandea

SUITZA ABERRI MAITEA



Orain utopiak, izatekotan, helmen txikikoak dira. Suitza omen da helmuga


 Hara non diren mendiak, elurrak, birziklatzeko hamaika zakarrontzi, erlojugileak, esneki gozoak, txokolate finak, banketxe opakuak.
Suitza. “Europan” izan gabe, Europa erdian dagoen herrialde bitxia. Ez da inori traba egiteko bezain handia, ezta mespretxatua izateko bezain txikia ere. Haren auzokide guztiak dira ospetsuak: Austria, Alemania, Italia eta Frantzia. Mundu osoko fortunak gordetzen ditu hamaika giltzaren pean, inongo epaileren galderarik onartu gabe. Haren hogeita sei kantoien artean ez da subiranotasunaren aldeko mugimendu izpirik sumatzen.
Beste batzuk Europan sartzeagatik edozer jateko prest leudeke, baina Suitzari ez zaio halakorik burutik pasa. Zertarako?
Eta hau guztia gutxi izango balitz, Suitzak ez du herrialde karka baten itxura eman nahi. Ez. Suitza ez da Liechtenstein edo Monako edo Kaiman Uharteak. Haraino joan zen Jordi Évole, gure kazetaririk “cool”-ena hango “zuzeneko demokrazia” nola dabilen munduari erakusteko. Erreferendumak astero, loreak balkoian erakutsi behar diren ala ez erabakitzeko, edota igerilekuetako ur-tenperatura bi gradu jaisteko. Norbaitek hizkuntzen arteko harmoniaz edo kultura ezberdinen arteko elkarbizitzaz hitz egin nahi izanez gero,  ez du urrutirago begiratu beharrik. Hala ere, iaz, eskuinak bultzaturik, Europar Batasuneko langileen sarrerak murriztu ziren. Langabeziak ehuneko hirua gainditu du eta horrekin ez da jolasten. Jaungoikoak anai-arrebak egin gintuen, ez lehengusu-lehengusinak.
Baina ateak zabal-zabalik daude A klaseko milaka turistentzat, eta, “Dignitas” bezalako enpresetan beren buruaz beste egin nahi dutenentzat. Sei mila euro balio du lagundutako suizidio bakoitzak kanpotarrentzat, hiru aldiz gutxiago bertokoentzat.
“Suiza Patria Querida/ Suiza de mis amores/ Yo tengo una cuenta en Suiza/ Con muchísimos millones” abesten zuten zenbait kantautorek Forgesound izeneko disko mitikoan. Hor zeuden, besteak beste, Luis Eduardo Aute, Rosa eta Julia Leon eta  Teddy Bautista (agian ideiak hartzen), aldi hartan denak Alderdi Komunistarekin harreman estua zutenak.
Eta bai. Nazioarteko utopiak aldera utzita, Suitza litzateke “patria querida” baten eredua. Zeinek ez du nahi mendi artean bizi, erlojugintzan edo txokolategintzan aritu, 1291. urtean jaio zen aberriaren eguna urtero-urtero ospatu, gerra guztiei muzin egin eta egunkarietan berri txarrak beti besteenak direla ohartarazi? Hori bai, aldiro-aldiro paradisuko herrixka batean dozenaka gorpu agertzen dira errituren baten ondorioz.
Zeinek ez du nahi, gehien birziklatzen den herrialdean bizi? Papera, ontziak, organikoak, beira, eta batez ere, legez kanpo lortutako dirua. “Zure iruzurra, nire aurrerapena” izan liteke herrialde honen goiburua.
Ahaztuak geratu omen dira mundu mailako utopiak. Aurrerakoien ereduak ez daude jada gizateria osorako egitasmoetan. “Internazionalak” aldarrikatzen dituen “lurrean kondenatuak” eta “langile tristeak”, gogorik gabe abesten den ereserkian bakarrik aipatzen dira, zenbait alderdiren batzar nagusien bukaeran, haga erdira jaitsitako ukabilen artean.
 Orain utopiak, izatekotan, helmen txikikoak dira. Suitza omen da helmuga. Baina dena ez da hain perfektua Helvetiako Konfederazioan. Suitzak ez du itsasorik. Que se jodan.

2014(e)ko maiatzaren 19(a), astelehena

MACONDO SUTAN






Marta Gómez Bilbon


- Zer datorkizu burura Guatemala izena entzutean?
- Maiak... Rigoberta Menchú... gerra luze eta odoltsua... zapalketa... marak... narkotrafikoa...
- Gure artistaren bat ezagutzen?
- Ba egia esan... ez.
- Ikusten? Zuentzat gure aberriak ez dauka artistarik, ez idazlerik, ez musikaririk... historia eta hizkuntza komuna dituzten herrialdeak izateko, bitxia da batak besteari buruz gaur egun zer gutxi dakigun... izan ere, nire aberrian Julio Iglesias da, oraindik ere, hemengo abeslarien artean ezagutzen den gutxietako bat...
Bilboko Alhondigaren kafetegian aditu nuen elkarrizketa hori. Eta ez zitzaion arrazoirik falta Guatemalako gizon betaurrekodun horri. Anglosaxoien artean gertatzen ez dena, gure artean oso ohikoa da. Badirudi herrialde latino batzuetatik hondamenen berri besterik ez dugula eta futbolaz aparte, ezer gutxi jakiten da han, hemengo errealitateaz ere. Gizon betaurrekodun hori oholtza gainean ikusi nuen geroxeago maila aparta erakusten: Carlos Hernandez “El Gordo” (guztiz gomendagarria).
Horrelako elkarrizketak usu izaten ziren EXIB jardunaldien barruan, non ozeano atlantikoaren bi aldeetako musikariak bildu baitziren beren esperientziak partekatzeko.
Aquí Macondo irratsaioa egiten hasi nintzenetik honelako ustekabe atseginak ohikoak izan dira. Gaurko musika-egoera Iberoamerikan oparoa bezain interesgarria bilakatu da, Alondegiaren ekitaldietan frogatzeko aukera izan genuenez. Guztion buruetan dauden izenez aparte, badaude beste zenbait, kalitate onekoak eta orijinalak, eta nekez lortzen dute gure belarrietaraino heltzea. Zer edo zer aipatzeagatik: Argentinatik Tonolec bikotea, Hierbacana hirukotea eta Silvia Iriondo (Kukai Dantza, Oreka Tx eta Kalakarekin batera izugarrizko hasiera-emanaldia eskaini zuena), Venezuelatik Jose Alejandro Delgado, Panamatik “Cienfue” bakarlaria, Kubatik Eme Alfonso eta Txiletik Paula Herrera. Sinestezina da, baita ere, zein ondo moldatu ziren Mexikoko Monoblanco repentistak eta bertako bertsolariak, Igor Elorza eta Miren Amuriza. 
Hurbilago ditugun artisten artean ere, Amparo Sánchez-ek, Carmen París-ek eta Xabi Aburruzaga-k, Portugaleteko trikitilariak, egundoko emanaldia egin zuten.
Dena den, aipamen berezirik egitekotan, Marta Gómez, Kolonbiako abeslari eta musikagilearena egingo nuke. Cancioneros.com izeneko web orrialde ospetsuan “XXI. mendeko Violeta Parra” izendatu dute eta bere zuzeneko batez gozatzea aski da, aho bete hortz bertan geratzeko.
Martak kontatu zigunez: “New Yorken bizitzea oso esperientzia kilikagarria da eta edonori gomendatuko nioke, baina oso gogorra ere bada. Han konturatzen zara zure egiazko maila zein den. Metroan aritzen den musikariren bat zu baino askoz trebeagoa izan daitekeelako. Bestalde iparramerikarrentzat denbora dirua da eta eguneroko bizitzan gehienek haserre dirudite. Nire herrialdean aldiz, denok dakigunez, jendeak ikaragarri sufritu du, baina beti dauka irribarre bat ezpainetan, besteon bizitza leuntzearren”.
Martak, orain Bartzelonan bizi denak, irribarre ederra eskaintzen dizu elkarrizketan, eta, irribarrea den doinuz, sendo ari da taula gainean, kontakizun hunkigarriak esaten ahots eder bezain landu baten bidez. Horrelako ekitaldiak gozatzean, batek ezin du ulertu zergatik ez duten, merezi duten tartea gure hedabideetan. 
   
        
       

2014(e)ko otsailaren 11(a), asteartea

PHILIPEN HERIOTZEAN



Philip Seymour Hoffman


Heriotzak erretratuen begiradak aldatzen ditu. Philip Seymour Hoffmanen begietan nolabaiteko tristura izpia agertu da egun batetik bestera. Orain dela hiru aste, argazki berak beste era bateko mezuak bidaltzen zizkigun: “Oso nekatuta nago horren filmatze gogorra igaro ondoren” edota “noiz amaituko ote da prentsaurreko astun hau!”, baina bat-batean, begi urdin horietan etsipenaren seinaleak atzeman nahi ditugu.

Besteen heriotzak beti gurearen aukerak erakusten dizkigu. Istripu larri baten ondorioz hildakoen berri daukagunean, egunkarian eskelak gainbegiratzean, inguratzen gaituenetako norbait zendu denean, gure azkena zer-nolakoa izan daitekeen agertzen zaigu.

Denok dakigu gure txanda helduko zaigula, baina bada, jakina, inork nahi ez duen bukaerarik. Izan ere, ez dira ezohikoak nolabaiteko azalpena eman nahi duten iruzkinak: “gizagaixoa, ez zuen bere burua batere zaintzen”, “oso estresatua zebilen azken bolada honetan”, “sindrome bipolarra omen zeukan, bere buruaz beste egitea liberazioa izan da harentzat”... horrelako gezurtxoekin zoritxarreko heriotza baten mamua urrundu nahi genuke, nahiz eta, azken batean, denok dakigun, inor ez dagoela horrelako zerbait jasatetik salbu.

Baina Seymour Hoffmanen tankerako kasuek erabat hutsik uzten gaituzte. Zoriontsu izateko behar den guztia zeukan antza: bere gustuko lan bat, kritikarien iritziz lehen mailakoen artean egotea, neskalaguna eta hiru seme-alaba txiki, bizimodu itzela eramateko beste diru...
Milaka gizakiren ametsaren jabe izan ondoren, etsipenaren eta zorigaitzaren mezua bidaltzen digu, “ez dago ezer zure ahalegina merezi duenik” esango baligu bezala.

Batek imajina zezakeen aktorea bere papera lantzen, Truman Capote edo musikari klasiko baten nortasuna hausnartzen, ispilu aurrean keinu hau edo bestea lantzen. Ez dira gutxi
bidean geratzen direnak, pelikula pare bat egin ondoren porrot egiten dutenak...
Philip Seymour Hoffmanen kasua oso talde murritz batena da. Bazuen, 46 urterekin,  aparteko filmen zerrenda, publikoaren esker ona, bere etorkizuneko pertsonaiak hautatzeko aukera..., baina zeinek irudika zezakeen “urrezko sekundarioa”, gamelu baten bila dosi baten atzetik?        
Zer dela eta Philip? Zer ezkutatzen da orain horren goibel agertzen zaizkigun begi horietan? Ba al zeneukan ezkutatu ezin zenuen penarik? “Zaldia” al zen lasaitasuna ematen zizun gauza bakarra? Aurreregi joan al zinen gauza berriak probatzeko grinan? Heroina izan al zen zure arazo guztietarako irtenbidea?
“Papelinak saltzen zizkioten trafikatzaileen atzetik dabil polizia orain. Mendebaldeko kostaldean oso hilgarria izan den heroina bera izan baitzitekeen, Mexikon barrena Kolonbiatik ekarritako droga”. Hori da zure heriotzaren berri eman zidan artikuluaren azken lerroek ziotena. Bada beste datu bat aipatzeko modukoa. Orain Estatu Batuetan heroina papela bat sekula baino merkeago lor daiteke. Beste edozein lasaigarri legezko baino merkeago. New Yorken 6 dolarren truke eskuratzen dira dosiak, eta jakina, inolako osasun-kontrolik gabe.
Baina ziur aski arazoaren eragilea ez da, Hollywoodeko pelikuletan ohi denez, “gaizkiaren indarra”. Zu bezalako “irabazle” batek horrelako zerbait “nahita” egitea pentsaezina al da ba? Badago zerbait zure begirada horretan, azalpen sakonagoen bila garamatzana.