2013(e)ko martxoaren 25(a), astelehena

LETRA LARRIAK




“Politika handia errebindikatu nahi dut, bere duintasuna eta balioa azpimarratzeko letra larriz idatzi ohi duguna. Gobernutik nahiz oposiziotik interes orokorrean eta hiritarren
ongizatean arreta jartzen duena. Pertsonak aurrez aurre jartzearen ordez, eta dibertsitatearekiko errespetua oinarri izanik, komunean duguna integratzen duena”.
Horrelaxe, hitzez hitz, idatzita dago Juan Carlos erregearen etxeko web-gunean, Eguberriko mezuaren itzulpen gisa. Argi azaltzen ez den arren, gutxi gorabehera askok ulertu duguna honelako zerbait izango litzateke: “Kataluniako autodeterminazio bozketa, trantsizio garaian erakutsi zen batasun izpirituaren bidez saihestu behar da”.
Orain “letra larriz" idazten den politika egin behar omen da, egoera bera ere larria denean. Letra xehez idatzi da askotan, ordea, larrizko hitz hauek entzun baino lehenago.
Trantsizio garaian mahai gainean geneukana zeharo ezberdina zen. Ekonomia mailan harremanak izan arren politika esparruan Espainia estatu bakartua zen. Portugaleko Krabelinen Iraultzaren ondotik, mendebaldeko Europa osoko diktadura bakarra. Marokok izandako espainiar Sahara inbaditu zuenean oso argi zeukan hau.  Hil edo biziko gauza zen demokrazia parlamentarioa antolatzea eta bai erregea, bai alderdiak –komunistak barne- erantzun bikaina emateko gai ziren. Estatu-kolpearen saioak porrot egin ostean Joan Karlosen sinesgarritasun demokratikoa zeharo finkatu zen.
Garai hartan demokrazia hitzak hainbesteko ospea zeukan, non denon ahotan baitzegoen. Francok berak “demokrazia organikoa” deitzen zion bere autarkiari. Hautestontziak ziren gure salbamendua eta aukera guztiak hautestontzietan sartzean zetzan arrakastaren giltza.
Orain mahai gainean daukaguna erabat ezberdina da. Hitz potolo horiek erabiltzen dituenak bere herriaren errespetu maila ona galdu du zenbait zaletasun agerian geratu ostean, eta ustelkeriaren susmoa bere etxeraino ere heldu da. Generalitateko gobernuak 2014. urterako erreferenduma iragarri du gehiengo soberanista lortu ondoren. Madrildik entzuten den erantzun bakarra: Konstituzioak ez du baimentzen.
Katalunian gertatutakoa ere letra xehez idatzi da. Zapaterok ozenki aldarrikatu zuen: “Kataluniako parlamentutik ateratako estatutua onartuko dut!”, gero haren alderdikide Alfonso Guerrak harro zehaztu zuen: “Nos hemos cepillado en el congreso el Estatut como un carpintero”.
Artur Mas ere, dudarik ez, letra txikiko politikaz baliatu da bere porrotak Madrili bizkarreratuz.
Orain “letra larrien” garaia omen dator. Batzuk ez dakigu zehatz-mehatz zertaz hitz egiten ari garen: Konstituzioa erabiltzea legearen ar-lauzkak izango bailiran? Erreferenduma Espainia mailan antolatzea Felipe Gonzalezek botoa eman dezan? Legearen pisua azken hariraino eramatea?  Akordio orokor bat lortzea Estatua federal
(edo) bihurtzeko?
Nolanahi ere, trantsizioan bezala, hautestontziek eduki beharko lukete azken hitza. Tranpa egin barik.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina