2013(e)ko martxoaren 25(a), astelehena

ZULOTIK AT



Zuloak Taldeko Kideak
Ez dira ez arras ugari izan emakumezkoak euskal musikaren panoraman. Hirurogeiko hamarkadan bakarra izan zen Lourdes Iriondo “Ez Dok Amairu” musikari elkarte mitikoan, Bizkaian Lupe-k, Estitxu-k eta Maite Idirin-ek beren kabuz gerra egiten zuten bitartean. Geroztik,  Haizea eta Izukaitz tankerako talde mistoek Amaia Zubiria eta beste gehitu zizkioten bizardunen zerrenda luzeari. Laurogeiko hamarkadan Euskal Rock Erradikalaren garaia inposatu zen eta berriro ere arren izen kopuruak emeena hirukoiztu zuen. Mendearen azken hamarkadan “trikineskak” agertu ziren gogoz: “Maixa ta Ixiar”, “Alaitz eta Maider” eta beste zenbaitek, loria ezagutu zuten, baina beti ere “moñoñoak” omen zirelako kontrako iritzi-korronte galanta jasota.
Milurteko berriarekin, azkenik, badirudi emakumeei dagokien lekua hartzeko garaia heldu zaiela. ZULOAK izeneko Fermin Muguruzaren dokumentalaren arabera, hala dirudi behintzat: Ines Osinaga, Anari, Mursego, Aiora Renteria, Afrika Binbang, Culebras... estilo askotarikoak, batzuetan bakarka, beste batzuetan taldean, baina oro har, argitalpen eta zuzenekoen eskaintza eginez, gurean sekula ezagutu ez den bezala.
Baina filma ez da bakarrik gaur egungo emakumezko musikarien erakusketa, izan ere argudioa talde berri baten sorreran datza. Erakusten zaigunez Arrate Rodriguez artista oreretarrak zerotik hasitako nesken talde bat sortzen du. ZULOAK izango du izena, oso polisemikoa bera: “Hole” talde ospetsuari keinu eginez (Fermin berak aipatu zuenez) eta gazteleraz hartu duen esanahi ezberdinarekin ere jolastuz (ETAk erabili izan dituen zuloak).  Prozesu osoa kamera baten bidez grabatua dago eta horrela, barneko tirabirak, zailtasunak, barreak, kontraesanak eta neskak izateagatik dituzten berezitasunak aipatzen dira, gehienetan elkarrizketen bitartez. Azkenik, zenbait bolo arrakastatsu erakutsi ondoren, haien arteko giroa usteltzen doa, taldea desagertzeraino.
Behin baino gehiagotan aipatu zaigu “dokumental faltsua” egin nahi izan dutela. Ez dakit nik hori oso lortuta dagoen. “Spinal Tab” filmean borobiltzen den umorez beteriko satira edo “Anvil”en hunkitu gintuen kontaketa ez da hemen inon agertzen. Baina badu bestalde, arreta mantentzeko mamirik. ZULOAK taldeko kideen arteko solasaldietan, kontu interesgarriak dira mintzagai: ba al du euskara moduko hizkuntza batek iraindu eta madarikatzeko baliabide nahikorik? Berdin jasotzen al ditugu arrok probokazioak emakumeengandik edo gizonengandik? Nesken arteko talde-harremanak eta mutilen artekoak antzekoak al dira? Antzekoak izan beharko lukete?
Aspaldian erabaki nuen, ez nituela liburuak irakurri edota pelikulak ikusi behar, euskaldunak zirelako soilik. Horrexegatik, egia esan, kritika txarren bat entzun ondoren, nagitasun itzela sortu zitzaidan zinera joateko. Baina berriki ikusi ondoren, oso kutsu ona geratu zait. Neska gazte, eder eta azkarra taula gainean horren jarrera ausart eta alaiarekin ikusteagatik besterik ez ba da ere, merezi du. Are gehiago tristura hainbestetan ohoratzen den lurralde zahar honetan.

          

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina