2013(e)ko apirilaren 8(a), astelehena

BATZEN GAITUENA

Guztion gustuko eguraldi-mapa bat osatzeko ez gara ados jartzen
“Ni ere saiatu naiz auzokideari Wifi-a lapurtzen (ni ere bai, ni ere bai)”. “Nik ere gehitu nuen ama lagun gisa Facebooken eta damututa nago (Ni ere bai, ni ere bai)” . “Nik ere esaten dut Agur Ben-Hur  eta erantzuten dut Gero arte Bonaparte (nik ere bai, baita nik ere)”... “Nik ere deitu izan diot lagun bati: Patxiiiiii (nik ere bai, eta nik ere bai)”.
Honelako esaldiak entzungai dira, pil-pilean dagoen telefonia publizitate-kanpaina batean. “Ona da gauza berdin asko edukitzea” bukatzen du eslogan modura.
Egia esan, ez nintzateke ausartuko kanpaina txarra denik esatera (berez, ikusi dudanez, irabazi du sari potoloren bat). Ez dakit bere helburuak lortuko dituen ala ez, baina badu behintzat lorpen ukaezina: halako baieztapenak entzutean, nahitaez, denok galdetzen diogu geure buruari horrelakoak egin ditugun ala ez, inkesta modura funtzionatzen du. Nire kasuan, emaitza argi legoke: baldintza gehienak ez ditut betetzen. Berriro ere estralurtarren taldean kokatua omen nago.
“Ona da gauza berdin asko edukitzea” diosku. Zalantza barik, beste edozein kanpainetan egiten den modura, landuta izango dute zein esparrutara zuzenduta dagoen: “Euskal” labela izanik, bertoko publikoari heldu nahi izango diote, besteak beste, elebiduna delako. Joan den mendeko azken hamarkadetan, ziur aski, beste mota bateko amuak erabiliko ziratekeen, esate baterako: “nik ere ikurrinak eransten ditut nire koadernoetan” edota “nik ere Urkoren kantak abesten ditut dutxan”. Gaur egun gutariko asko batzen gaituena bilatzerakoan ez dute horrelakorik aukeratu, asko jota ere “Nik ere gora igo eta behera jaitsi esaten dut”, eta antzerakoak aditu ahal dira.
Hori horrela izanik, ezinbesteko galdera baten aurrean gaude: zertan ditugu euskal hiritarrok “gauza berdin asko”? Guztion gustuko eguraldi-mapa bat osatzeko ez gara ados jartzen, Aberri Eguna ez da denon ospakizuna, gutariko batzuk nahiago baitute urriaren 25ean “Euskadi Egunean” festa egitea, Ereserkia ere ez dago guztiz onartua (banaka batzuek soilik dakite abestia osorik kantatzen) eta “Euskal Selekzioa”k oraindik ez du erabaki Euskadikoa edo Euskal Herrikoa den. Futbolean, herrialde bakoitzak bere koloreak ditu eta talde bakoitzaren barruan ohikoak dira tirabirak ere, jokalari honek edo besteak jokatu behar duen ala ez aukeratzeko orduan.
Zoritxarrez euskarak ez gaitu batzen, baina gaztelera eta frantsesa ere ez dira guztion hizkuntza. Euskara batuak berak oraindik ere bere kontrakoak ditu eta ez nuke esango horiek gutxi direnik.
Egunen batean egia izan bazen ere, “euskaldun fededun” lelo hori ez dago gaur egun sasoi betean, hain zuzen. Zarama biltzeko eta birziklatzeko eraz (begiratu propaganda subliminala) hobe ez hitz egitea...
Publizitate-agentziakoak buru-belarri irudika ditzaket, euskal bezeroaren gehiengoaren gustuaren bila, alferrik. Hobe Facebooken zabaldu diren zenbait txantxa eskuratzea. Agian gehien batzen gaituena honako hau izan daitekeelako: Ez dugu batere gustuko indarrez bateratuak izatea.     


3 iruzkin:

  1. Kaixo!! Ez nekien blog berri bat zenuenik. Lanean nagoenez Bihar arte ez dut sakonki irakurriko. Euskaraz gainera. Ziur irakurriko dudala euskara bertzela galduko dudalako. Agurrak.

    ErantzunEzabatu
  2. Uahhhhh Juli, gainera zu izan zara lehenengo Iritzia idatzi duena. Historiara pasatuko zara!! bejoindzula. (Eta Eskerrik Asko)

    ErantzunEzabatu
  3. Ufsa! Sakona benetan zure posta. Hasteko, telekomunikazioetako enpresaren kontratatuko publizistak agitz onak iruditzen zaizkit. Kanpaina umoretsuak egin bait dute. "Koutarena", karatekena oso ona zela, jaaajaja.

    Nora goaz? Batek daki. Herri (hiri, Atxagaren arabera) txiki besterik ez gara. Eguraldiko mapakoa, ez dago hain gaizki nere ustez. Ikus dezakegula ze eguraldia eginen duela Castron edo Ezcarayn edota Sos del rey católicon.

    Etorkizunean agian denok alemanak izanen gara, deustsche sprechen. Ufs, euskara erdi erdoilduta daukat, hau lotsa.

    ErantzunEzabatu