2013(e)ko maiatzaren 13(a), astelehena

MONOPOLY




Monopolyn bezala ondasuna pilatzen duenak ez dauka gelditzerik
Aurten munduko taula-jokorik ospetsuenak ehun eta hamar urte bete ditu. Monopoly-ri esker edonork dirua eta ondasun mordoa pilatzea eta besteen irabaziak eskuratzea zer den -edo- senti dezake, nahiz eta bizitzan behin eta sasi-diruz baino ez izan.
Bere sorreratik kritikak eta gaizki-esanak etengabe jaso arren, 500 milioi kaxa baino gehiago saldu dira eta oraindik ere Monopolyk guztiz osasun ona du. Kritikarien iritziz, norberekeria eta elkartasunik eza besterik ez du bultzatzen. Nolabait ere, horrek guztiak eskrupulurik gabeko kapitalista izateko ametsa dugula frogatuko luke.
Baina ironikoa dirudien arren, bere sortzailearen asmoa guztiz kontrakoa zen. Mundu osoan horren arrakastatsua den joko hau 1903. urte aldera hasi ziren asmatzen.  Elizabeth Magie izeneko emakume iparramerikar baten ideia izan zen. The Landlord's Game (Jauntxoaren Jokoa) hasieran bataiatu izan zenak, lur-jabetzaren monopolioa zein kaltegarria izan zitekeen azaldu gura zuen. Baina ez zen hura jokoa sortzearekin dirua eta ospea lortuko zuena. Charles Darrow izeneko merkatariak, 1935. urtean, zenbait aldaketa egin ostean Parker Brothers konpainiari saldu zion.
Beharbada, errealitate gordinarekin duen parekotasunagatik zabaldu da hainbeste.    
Monopoly jokoan legetxe, mundu mailan batzuek ondasun ugari biltzea lortzen dute eta beste batzuek aldiz, nekez eusten diote mahaiari.
Monopolyn bezala lurra, etxeak, hotelak eta dirua pilatzen duenak ez dauka gelditzerik, jokoa ez baita amaituko partaide batek den dena eskuratu arte.
Taula-joko horretan bezala, egoera larrian dagoen jokalariak boteredunekin negoziatu beharko du bizirik irauteko eta horrelako erreskateek ez dute inolako sentimendurik, normalean ahularen azken ordua luzatzeko besterik ez dutelako balio.
Monopolyn bezala gizakiek ez dute inongo pisurik erabaki finantzarioak hartzerakoan. Parte hartzen dutenak espekulatzaileak dira. Etxetxo eta hotel horietan bizi direnak ez zaizkie axola. 
Baina taula-jokoan, atzerapausoak eta gainerako zigorrak, patuaren dadoetan dautza, justizian baino, eta ondasunen pilaketa ere zorte onaren kontua da gehienbat.
Hori zuzentzeko asmoz, azkeneko bertsioetan (Monopoly City izenekoan adibidez) hau guztia oso garatua aurkezten dugu. Orain bada posible beste jokalarien auzoetan espetxeak edo hustubide kutsagarriak eraikitzea, kontrakoaren ondasunen balioa gutxitzeko. Era berean, kapitala eskuratzen ari denak zerbitzurik egokienak ezar ditzake bere lurraldeetan.
Nazio Batuen arabera munduko populazioaren % 20ak (1.320 milioi gizaki) ondasunaren % 82a biltzen du. Aldiz, mila milioi bat pertsona, munduko % 1’4ko  aberastasunarekin irauteko premian dago. ”Monopolioa kapitalismoak berezkoa duen zerbait da” utzi zuen idatzita Karl Marxek.
 Ez dakit, irakurle kuttun hori, nolako partidak jokatuko zenituen zuk, nireetan behintzat, jokoaren jabea irabazteko gai ez bazen, kutxa hartu eta desagertu egin ohi zen marmarka.
Horrelako joerak ere berezkoak omen ditugu.  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina