Banksyri leporatutako irudi bat |
“Matematika moderno”etan irakasten ziguten eta hala da, dena multzotan
banatu daiteke. Euskobarometroak eta horrelako inkestak gure joeren mapa
marrazten ahalegintzen dira. Hauteskundeak ere, aukeratu nahi dugun botere
politikoaren erakusgarri dira. Hor daude, baita ere, manifestazioak, sare
sozialak, hedabideetan emandako iritziak... Badirudi, bada, nolako gizartea
dugun jakiteko tresna ugari dugula eskuragai. Baina dena ez dago inkestetan.
Adreiluen azpian ez dago hondartzarik, isilpeko gizarte oso bat baizik. Honako
hauek dira, besteak beste, isilean izan litezkeen -gintezkeen- biztanleak:
Real Madrileko isilpeko hooliganak. Ezkutuko Esnifatzaileak.
Maitia-zaborra-jaistera noa-ko erretzaileak. Bake prozesua, bizitzeko behar
dutenak. Hormetako artista ezezagunak. Greba egunetan lan egiten duten
grebazaleak. Gogorik gabe greba egiten dutenak. Egunero ispiluaren aurreko
irudi hori gorroto dutenak. Gehiegi maite dutenak. Gogoko duten egunkaria
ezkutuan irakurtzen dutenak, beste bat erosi arren. Inkestetan ikusten ez duten
telebista ikusten dutenak eta entzuten ez duten irratia aditzen dutenak. Inork
asmatuko ez lukeen alderdiari botoa ematen diotenak. Jainkoarekin mintzatzen
diren ateoak. Jainkorik gabeko kristauak. Haien burua ezkertiartzat hartzen
duten eskuindarrak. Ezkerreko eskuindarrak. Ezkutuan bere egoera larria
daramana. Ezkutuan bere egoera ezin hobea daramana. Euskara oztopo sentitzen
duten abertzaleak. Lapur arimako poliziak. Jimenez Losantosen fan gorriak.
Interneten asteburuko aktibista anonimoak. Interneten gaueko lizunak. Beren
burua “pijotzat” hartzen duten makarrak. Makarra izan nahiko luketen “pijoak”.
Sekula musukatuak izan ez direnak. Halabeharrez txortan egiten ez dutenak.
Halabeharrez txortan egiten dutenak. Beste toki batean gustura biziko
liratekeenak. Abizenak aldatuko lituzketenak. Abizenak aldatu dituztenak.
Iraganean bizi direnak. Iraganean geratu zirenak. Miresten zaituzten etsaiak.
Langileak gorroto dituzten sindikalistak. Sindikalistak gorroto dituzten
langileak. Bizirik egon nahiko luketen hildakoak. Hilik egon nahiko luketen
bizidunak. Gerra maite dutenak. Euskaditik at bakarrik euskaldunak sentitzen
direnak. Gorroto zaituzten lagunak. Ezagutuko ez ditugun lagun-minak. Balizko
hiltzaileak. Isilik egon beharko luketen hiztunak. Hitz egin beharko luketen
isilak. Mamuekin bizi direnak. “Txoria txori” entzuten duten bakoitzean ehiza
egin nahi dutenak. Infernuan bizi
direnak (ez dute nahi inork jakiterik). Beste garai batekoak direnak. Isilpeko
maitemindu bakartiak. Gustura ustelduko liratekeenak (baina aukerarik ez).
Suediarrak izatea nahiago luketenak. Andreak maite ez dituzten gizonezkoak.
Feministak gorrotatzen dituzten andreak. Kiniela jokatzen duten komunistak.
Lagun Ikusezinak dauzkatenak. Hauetariko eredu askorekin identifikatu direnak.
Bakar batekin ere egin ez dutenak.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina