euskarazko artikuluak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
euskarazko artikuluak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2021(e)ko maiatzaren 28(a), ostirala

DANBA!

Hemen gertatu zen

 Igandean, 10.45ean, arin-arin nindoan Bilborocken ospatzen zen disko-azokara. Bizkarrean motxila bat neraman, irratirako transmisioa egiteko aparailuekin, eta nire ondoan Eder zetorren, praktiketan dagoen lankide gaztea. Mesedetako Kaiatik aurrera gindoazela, bat-batean azalera handiko horma-irudi eder bat ikusi nuen. Ez ziren ohiko grafitiak. Marrazki handi eta koloretsu hura maitasunez eginda zegoen, originala zen oso eta xehetasunak erabat zainduta zituen. Gerora jakin dut Ruth Juan izeneko artistak indarkeria matxistaren aurka egindako salaketa dela, Bilboko Udalak babestua. Baina une hartan ez nekien ezer. Hain oharkabetuta nengoen kolore biziei begira, non ez bainion erreparatu lurrean zegoen porlanazko mugarri madarikatu bati -zeinaren funtzioa oraindik ez dakidan-. Bat-batean: danba!, ustekabeko estropezu bat, eta segundo batean airean hegaka ikusi nuen neure burua.

Eroriko inozo bat izan zen, ondorio larririk gabea, baina baita ustekabeko gertaera bat ere, zenbait egunetan minduta eduki nauena eta arrautza koloretsu bat nire eskuineko begi gainean ikusgai utzi didana. Handik pasatzen ari zen bikote bat ikara aurpegiaz etorri zitzaidan laguntzera, eta Eder, ziztu bizian, inguruko taberna batean eskatutako izotzez beteriko poltsa batekin agertu zen. Ez zen oso larria izan. Minutu batzuk barru azokan nengoen. Antolatzaileak, nire zain zegoenak, nire itxura galanta ikusi bezain laster lagundu ninduen. Minutu gutxiren buruan zuzenean sartu nintzen, buruko zauria eta belauna garbirik nituela. Uste dut nire zorabiotxoa ez zela batere nabaritu. Horrelakoetan ohikoa denez, hurrengo egunetan aspertu egin nintzen azalpenak emateaz.

Zauria ez zen aparteko gauza, punturik ere ez zidaten jarri behar izan, baina bekokian nuen 'Kandinski' horrek itxura patibularioa ematen zidan, eta azalpen bat eskatzen omen zuen. Birbobina dezagun: aurreko ostegunean,irrati-saioko bileran, gaiak erabakitzen ditugun horretan, igandean egingo zen disko-azoka bisitatzea proposatu nuen. Igande goizean berandu egin zitzaigun oinez joateko, eta metroa hartzea erabaki genuen. Zazpi Kaletako geltokian jaitsi eta kaleen artean igaro ginen Erriberako Merkatutik gertu ateratzeko. Beraz, esan dezakegu erabaki-kate baten ondorioa izan zela nire kolpea.Konexio hori erabaki izan ez bagenu, metroa hartu izan ez bagenu, kale horiek zeharkatu izan ez bagenitu, horma-irudiari erreparatu izan ez banio, baliteke orain buruan dudan koskor handi hori ez erakustea, baina nork ziurtatzen dit dena ondo aterako zela? Eroriko larriagoa izan zitekeela ere pentsa dezaket. Egun batzuk lehenago, garondoan kolpe handia hartuta hildako idazle baten liburuaren aurkezpenean egon nintzen. Norbaitek gu jaiotzea erabaki zuenetik, gure erabakien emaitza gara. Zalantzarik gabe, lehenago edo geroago akatsen bat izango dugu. Galtzada gogorraren gainean bat-batean barregarri eta minduta nire burua ikusi nuenean, antzerako eszena bat gogoratu nuen, ama protagonista zuena, urte batzuk lehenago. Nire erorikoa baino itsusiagoa izan zen hura, odol eta guzti, eta ospitalera joan ginen azkenean. Zorionez, ez zen horren larria izan. Ruben Blades handiak abesten zuenez: «Erabakiak egunero/ batzuek irabazi, batzuek galdu/Ave María / Erabakiak/Guztiak du bere kostua/ Egin apustua, herritar jende prestua!»

2013(e)ko abuztuaren 2(a), ostirala

DIONISIO ETA BAKEROAK


"Cowboys & Alliens" pelikularen irudia
Arratsaldero bezala Dionisio jaunak bakeroekin dauka hitzordua. Normalean bakar bakarrik hausnartzen ditu pelikulak. Beste batzuetan, Elisa, bere andrea, alboan jartzen da puntua eginez. Estatu Batuetako mendebaldeko mundu mitiko hori, nahiz eta oso urrutiko herrialde batena izan, haren mundua da nonbait. Zintzo eta zakar jokatzen dutenak argi ezberdintzen dira, nahiz batzuetan zenbait zalantza izan kontaketa hasieran. Dionisioren “Second Life” horietan, gizonezkoak beti dira gizon. Inork ez die esango noiz erre ahal duten edota noiz mozkortu. Lehenago edo beranduago kristoren liskarra lehertuko da “saloom”ean eta hor barruan denek jakingo dute zein den haien zeregina: protagonistak eta bere lagun minek muturrekoak banatuko dituzte trebeziaz. Ostiko bakoitzak beti txisteren bat lagun. Piano-jolea, erabat izututa, musikaren bidez saiatuko da piztiak mantsotzen, baina alferrik. Gutxien espero duenean bikote borrokalari batek bere instrumentu preziatu gainean jausiko dira eta erdibitu egingo dute. Aulki hegalarien artean elkarri mokoka ariko dira, festa giroan, poker jokalariak, herriko mozkortia eta betiko alprojak. Soinu banda modura koristen oihu histerikoak. Ordena eta legea ordezkatzen dituen sheriffa garaiz agertuko da, erabateko bukaera inposatzearren.

Dionisiok sekula ez du armarik aldean eraman, bere aspaldiko soldaduskan mosketoi zaharra erabili zuenetik. Dena den, badago zerbait unibertso horretan oso bere egiten zaiona. Inguru horretan lana eta ohorea dira nagusi, emakumeek argi eta garbi dakite zein den haien lekua eta autoritatea, John Waynek eta honen tankerako aktoreek irudikatua, askotan kolokan agertu arren, beti jakingo du bere arrazoiak inposatzen.

Benetako orduan hor egongo dira aurrez aurre ongia eta gaizkia duelu erabakigarrian. Duda barik gaizkilea bere maltzurkeria erabiltzen saiatuko da, baina alferrik. Bakeroen munduan justizia beti da garaile.

Eguneroko tarte horietan Dionisioren baloreek merezi duten lekua hartzen dute. Sheriffa, apaiza, urre bila doazenak, indiarrak, emakumeak, gaizkileak, herriko mozkortia... denek dakite zehazki zein den beren papera.

Pelikula amaitu ostean albistegia dator. Gay harrotasunaren eguneko desfilea, Lloret de Mar-eko mokorraldiak, ustelkeria, politikarien arteko miseriak... aspaldiko partez benetako mundua arrotza egiten zaio. Kirolak ezik egunkaria ulertezin bihurtu da eta arlo horretan ere, dopinak, fitxaketa milioidunek eta horrenbeste neurrigabekeriek atsekabetzen dute gure laguna.

“Cowboyen” pelikulak (harritzekoa zenbat egin diren) ETB 2ko eskaintzarik sendoena dira bazkalosteko programazioan azken hamabost urteetan. SOFRES telebista-entzuleria neurtzeko enpresaren arabera, gizon helduak dira kontsumitzaileen artean jaun eta jabe.

Azken bolada honetan beste hainbat telebista katek pagotxa aurkitu dute eta tiroketa aukerak ugaritu egin dira arratsalde partean. Dena den, “western”en produkzioa, saiakera ugari izan arren, maldan behera doa Hollywooden, horrenbeste Dionisioren etsipenerako.

 

     

  

2013(e)ko ekainaren 17(a), astelehena

EUSKADI SEKRETUA


Banksyri leporatutako irudi bat

“Matematika moderno”etan irakasten ziguten eta hala da, dena multzotan banatu daiteke. Euskobarometroak eta horrelako inkestak gure joeren mapa marrazten ahalegintzen dira. Hauteskundeak ere, aukeratu nahi dugun botere politikoaren erakusgarri dira. Hor daude, baita ere, manifestazioak, sare sozialak, hedabideetan emandako iritziak... Badirudi, bada, nolako gizartea dugun jakiteko tresna ugari dugula eskuragai. Baina dena ez dago inkestetan. Adreiluen azpian ez dago hondartzarik, isilpeko gizarte oso bat baizik. Honako hauek dira, besteak beste, isilean izan litezkeen -gintezkeen­- biztanleak:
Real Madrileko isilpeko hooliganak. Ezkutuko Esnifatzaileak. Maitia-zaborra-jaistera noa-ko erretzaileak. Bake prozesua, bizitzeko behar dutenak. Hormetako artista ezezagunak. Greba egunetan lan egiten duten grebazaleak. Gogorik gabe greba egiten dutenak. Egunero ispiluaren aurreko irudi hori gorroto dutenak. Gehiegi maite dutenak. Gogoko duten egunkaria ezkutuan irakurtzen dutenak, beste bat erosi arren. Inkestetan ikusten ez duten telebista ikusten dutenak eta entzuten ez duten irratia aditzen dutenak. Inork asmatuko ez lukeen alderdiari botoa ematen diotenak. Jainkoarekin mintzatzen diren ateoak. Jainkorik gabeko kristauak. Haien burua ezkertiartzat hartzen duten eskuindarrak. Ezkerreko eskuindarrak. Ezkutuan bere egoera larria daramana. Ezkutuan bere egoera ezin hobea daramana. Euskara oztopo sentitzen duten abertzaleak. Lapur arimako poliziak. Jimenez Losantosen fan gorriak. Interneten asteburuko aktibista anonimoak. Interneten gaueko lizunak. Beren burua “pijotzat” hartzen duten makarrak. Makarra izan nahiko luketen “pijoak”. Sekula musukatuak izan ez direnak. Halabeharrez txortan egiten ez dutenak. Halabeharrez txortan egiten dutenak. Beste toki batean gustura biziko liratekeenak. Abizenak aldatuko lituzketenak. Abizenak aldatu dituztenak. Iraganean bizi direnak. Iraganean geratu zirenak. Miresten zaituzten etsaiak. Langileak gorroto dituzten sindikalistak. Sindikalistak gorroto dituzten langileak. Bizirik egon nahiko luketen hildakoak. Hilik egon nahiko luketen bizidunak. Gerra maite dutenak. Euskaditik at bakarrik euskaldunak sentitzen direnak. Gorroto zaituzten lagunak. Ezagutuko ez ditugun lagun-minak. Balizko hiltzaileak. Isilik egon beharko luketen hiztunak. Hitz egin beharko luketen isilak. Mamuekin bizi direnak. “Txoria txori” entzuten duten bakoitzean ehiza egin nahi dutenak.  Infernuan bizi direnak (ez dute nahi inork jakiterik). Beste garai batekoak direnak. Isilpeko maitemindu bakartiak. Gustura ustelduko liratekeenak (baina aukerarik ez). Suediarrak izatea nahiago luketenak. Andreak maite ez dituzten gizonezkoak. Feministak gorrotatzen dituzten andreak. Kiniela jokatzen duten komunistak. Lagun Ikusezinak dauzkatenak. Hauetariko eredu askorekin identifikatu direnak. Bakar batekin ere egin ez dutenak.                 

2013(e)ko ekainaren 10(a), astelehena

GORRAK ETA BATURROAK

Gaizka Fernandez Soldevillak argitaratu berri duen “Héroes, heterodoxos y traidores. Historia de Euskadiko Ezkerra” liburuak nire lehenengo militantzia urteak ekarri dizkit gogora.

Gazteak ginen. Uste genuen baino askoz gazteagoak.  Bizitzaren udaberrian beste udaberri bikain bat eskaintzen zigun historiak: demokrazia. Egia esan, horren kontzeptu potoloaren mugez eta ezaugarriez ez ginen jabetzen, baina guri bost! Urte gutxian, atzerritik etorritako pelikuletan amestutako lilurak gurean zeuden: antzerki alternatiboa, rock & rolla, kantautoreak, paradisu artifizialak, liburu debekatuak, manifestazioak eta alajaina: hauteskundeak ere bai. Inguratzen gintuen letra-zopa zorabiatzeko modukoa zen. Egunero agertzen zen pintadaren bat edo kartelen bat alderdi berri batek sinatuta. Jabetzen ginenerako bazen beste zatiketa bat, alderdiaren kinta-esentzia aldarrikatuz.

Izan ere, garai mugikor haietan ez zen arrotza izaten buruzagien aurpegiak siglaz aldatuz ikustea. Euskadiko Ezkerrako hasierako mitin batean, esaterako, Periko Solabarriaren eta Rosa Olivaresen hitzaldi sutsuak entzuteko aukera izan genuen. Handik gutxira, bilerak, karteladak eta pankartak eguneroko behar bihurtu ziren, gaztetan bakarrik eskaintzen den eskuzabaltasunez.

Trantsizioko lehenengo urteak zeharkako ekimenenak ziren. Gureak onenak ziren, nola ez, baina gero hor zeuden ikasleen asanbladak, Lemoizen aurkako manifestaldiak edo auzo elkarteak, gainontzeko militanteekin moldatzeko. Etsai komunaren kontra dena zen errazago. Baina bozketaz bozketa bakoitzaren indarrak agerian geratu ziren. Ezker abertzalean Herri Batasunak eskuratu zuen tartaren zatirik handiena. Bere mezua ezin garbiagoa zen: Espainiako demokrazia gezur hutsa da eta Euskal Herrian ez da trantsiziorik izan. Gerran gaude eta hau bukatzeko era bakarra autodeterminazioa bermatuko duen negoziazioa izango da. Bitartean Euskadiko Ezkerrak Gernikako estatutua babestu ez ezik, ETA (pm)ren desegitea bultzatzen zuen. Kalean “Brianen Bizitza” filmean horren fin islatzen diren egoerak gurean ere gertatu ziren:

_ Gu gara Juduen Batasuna, zeintzuk dira gure etsaiak?

_ Erromatarrak, jakina.

_ Ez memelo hori, Juduen Herri Frontekoak dira!

Guretzat haiek “baturroak” ziren eta haientzat gu “gorrak”. Haien goitizena berez azaltzen da. Gurearen azalpena siglatan datza (E.E.) eta norbaitek aurpegiratu zidana: “Herriaren oihua entzun nahi ez duzuelako”.

Salbuespenak salbuespen, denak ginen oso gazteak eta guztiz trebatugabeak. Politikan  esperientzien bila sartzen ginen eta praktikan teorian baino askoz interesatuago geunden. Denboraren poderioz sorburuko Euskadiko Ezkerra desagertu zen, baina ez  gure gizartean hark zuen esparrua. Oraingo Ezker Abertzalea hainbat instituziotan dago bortxakeria aldera utzita. Badirudi, aldiz, batzuek nahiago luketela hura iraganera itzultzea (bai, Otegirekin gertatu denaz ari naiz).

 

 

 

  

 

2013(e)ko apirilaren 18(a), osteguna

ARESTIREN ITZAL LUZEA

Aurten Gabriel Arestik 80 urte beteko lituzke
Ezagutu zintudan, nola ez, zure poema ospetsu honengatik: “Nere aitaren etxea, defendituko dut, otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra...”. Eskegita zegoen herriko “gorrien” tabernaren paretan, non garai hartan, 70eko hamarkadaren bukaeran, progre edo subertsibo kutsua zuen guztia biltzen zen. Itzulpena irakurtzean, abertzale sutsu baten aldarrikapentzat hartu nuen, are gehiago Fernando Unsainen ahots erabatekoaz entzun nuenean.
Geroxeago, Oskorriren emanaldi batean zabaldu nuen zerrenda. Umorea, alaitasuna eta bizitzeko grina sumatu nuen baita ere, zure olerkietan oinarritutako abesti horietan. “Guretzat berdin dira, astea eta jaia, lana bihurtzen dugu, kantatzeko gaia” abestu genuen hor bildutakoek, Natxo de Felipek irakasten zigun moduan (edo). Baina ekitaldi horretan gehien heldu zitzaidana, elepea erosiko nuela erabakitzeraino, “Maldizio Betikoa” izenekoa izan zen: “Zuei, Bartzelonako euskaldun, unibertsidade mutilok, egian dioxuet, zuen artetik batek, baldin eta esplotatzen badu, hemendik hamar edo hiru urtera, beraren anaia, obrero edo kondadorea, hori, zuen arteko hori, nire maldiziorik borobilenarekin, hornituko dudala, sikula-sikulorum, mundu honetako, puta semerik semeena bezala”. Errekoino! Euskarak bazituen hitz gordinak botatzeko baliabideak.
Hortik gutxira, fakultateko Literatura tailerrean zure lanaren inguruan, eztabaida galanta sortu zen. “Testu azterketa” egin ondoren, tailerraren arduradunak nahiko ondorio txarrak atera zituen zure idatziez: “Estilo eskasa, eta erlijioak erabat eragindakoa” atera zuen ondorioa. Tailerraren kide batzuek hanka egin zuten, haien haserrea garbi erakutsiz, eta ez ziren itzuli.  
Baina zure figurarekin behin betiko eskegita geratzea “Harrizko Aresti Hau” antzezlana ikusi Harrizko Aresti Hauondoren izan zen. Maskarada taldeak, maitasun osoz egindako lanaren sentikortasunez, zure poliedroaren aurpegiak marraztu zituen: Bilbao menperatu batean poeta izan nahi duen kontadorea; euskara bere kasa ikasten duen langile porrokatua; Blas de Otero eta beste poeta erdaldun eta gorriekin kafea eta miresmena banatzen dituena; Euskaltzaindian euskara batua defendatzen duena, mesprezu eta kritika ozpindu guztien gainetik; 42 urterekin, lan guzti horren fruituak jasotzeko ordua heldu zaionean, hiltzen dena...
Hil zinen, Aresti, 1975. urtean, Franco diktadorea baino hilabete batzuk lehenago. Zuretzat ez zen izan ez Suarez ez Carrillo, ez ikurrina legalik, ez trantsiziorik. Sekula ez zenuen jakingo euskararen gramatika batua euskal semeen irakaskuntzan ardatza izango zela eta zure Bilbao maitatu horretan, zure izena daraman euskaltegiak “Kafe Antzokia” izeneko euskaldun biltoki jendetsua zabalduko zuela.
Baina nolabait ere bazenuen idatzita utzi: Ni hilen naiz, nire arima galduko da, nire askazia galduko da, baina nire aitaren etxeak, iraunen du, zutik.               
      
        

2013(e)ko apirilaren 2(a), asteartea

WIKI-MAILUAK

“Wiki” izena Hawaiitik omen dator. “Azkarra” esateko erabiltzen da haien hizkuntzan. Ez da harritzekoa. Wiki-munduan dena ziztu bizian gertatzen da. Egun batean Google-ek Wikipediaren inguruetara eramaten zaitu eta bi asteetan ez duzu egun oso bat igaroko bisita egin barik. Gutariko askoren bizimoduan ezinbesteko bihurtu da. Egongelako armairuan pilatzen diren liburukote entziklopediko horiek, aspaldiko partez mutu geratu dira, minuturo eguneratzen den entziklopedia baten eraginez.
Baina, ba al da guztiz fidagarria Wikipedia? Ba al da benetan posible jakinduria elkar banatzea guztion artean musu-truk? Ba al gara gai definizioak idazteko eta aurkitzeko kontzeptu guztientzat, muga ideologiko eta erlijioso guztien gainetik?
Ekimen honen berri lehendabizi izan nuenean ez nuen sinistu ibilbide luzeko gauza izango zenik. Haien definizioan: “Wikipedia eduki askeko entziklopedia bat da, lankidetzaz editatua, eleanitza, Interneten argitaratua, Wikimedia Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundeak sustengatua. Wikipedia mundu osoko boluntarioek idazten dute. Internetera konektatutako edonork parte har dezake artikuluetan, aldatu lotura sakatuz” .
Edonor sartzeko eta zuzentzeko gai bada, nola saihestu erasoak, bandalismoa edo zentsura? Hauxe da haien erantzuna: “Nahiz eta hasieran arazo larri bat zirudien, orokorrean bandalismoak ez du Wikipedian aurrera egiten. Publikoaren parterik handienak intentzio onak dituenez, eta normalean eguneroko edizioen artean bandalismoa gutxienena denez, hauek ez dute luzaro irauten norbaitek ezabatu edo aldatu gabe”.
Hala ere, duela gutxi Fernando Pascual kazetariak argitaratu duen ikerketa baten arabera, baditu hain ikusgai ez ziren ahuleziak: “Erraldoikeria” eta “Gaurkotasunkeria”.
Azterketa honetan agertzen diren zenbait zifra (2012. urteko abenduan jasota) arras esanguratsuak dira: “Libiako Historia” bilatuz gero, orrialde gutxiko artikulua aurkituko duzu. Ordea, “Libiako gerra 2011. urtean” klikatzean, ondo landutako eta bibliografiaz osaturiko lana agertzen zaigu. Bitxia bada ere, Messiri eskainitako artikulua (208 erreferentzia) Napoleoni dagokiona (9 erreferentzia) baino askoz luzeagoa eta landuagoa da. Kasu hauetan denboran izan duten gertutasuna izango litzateke arrazoia, baina badira beste zenbait non arrazoia ez dagoen horren garbi: Parmenides filosofoaren artikuluak 252 erreferentzia ditu eta oso bibliografia zabala; Platonenak, aldiz, 42 erreferentzia besterik ez ditu eta bibliografia eskas samarra da.
Zuzendaritza editorialik ez duen proiektu batean, honelako akatsak halabeharrez gertatzekoak dira. Berriro ere sareen sarea mintzagai denean, horrenbestetan gertatzen den legez hor dago koska: Beharrezkoa al da nolabaiteko kontrola, hori guztia orekatzeko? Baliteke hala izatea, egia esan, baina aukeratzekotan nik behintzat nahiago dut akastuna, askatasun gabekoa baino.