2013(e)ko uztailaren 16(a), asteartea

OSPA



"La Misma Ciudad" liburuaren azala
Ihes egin, hanka egin, alde egin, itzuri, ospa egin. Zeini ez zaio burutik pasa noizbait urrutiratzeko ideia?  Lobatonek erakutsi zigunez, uste genuen baino jende gehiago desagertzen da. Egun batetik bestera, berak bakarrik dakien arrazoiren batengatik, gizaki batek ospa egitea erabakitzen du. Eguneroko prentsan aztarna handia ez badago ere, 14.000 pertsona desagertzen dira urtero Espainian. Horietatik % 90 agertzen dira, baina gainerako 1.400ak ez dira sekula gehiago itzultzen. Telesaio mitiko horretan agerian geratzen zenez, horietako iheslari asko bizitza berri baten bila dabiltza. Etxean geratzen direnentzat, horrelako desagertzeak arras mingarriak izaten dira. Baina hanka egin dutenentzat ere ez da erraza izaten. Atzetik uzten duzuna, nola edo hala, aldean eraman beharko duzulako, mamu baten antzera.
Baina zenbait kasu bitxitan, alde egiten duenak inguru-kideei hilik dagoela sinestarazi die.
Horrela, bere oroitzapena ez da horren mingotsa izaten, hildakoei izaten zaien errespetuarena baizik.
Txilen, Augusto Pinochetek estatu kolpea eman zuen egunetan, Pablo Gajardok, metaleko langile batek, egoera baliatzea erabaki zuen. Zorrez josita zegoen eta bere familiak ez zekien ezer. Antofagastan, bere hirian, ehunka desagertze zeudelarik, hankaz gora utzi zuen bere logela, guztiek atxiloketatzat har zezaten. Egun luzeetan zehar Peruraino ibili zen eta Liman jarri zen bizi izaten, nortasun berri batekin. Urte mordoan Pablo zapalketaren martiria zelakoan zeuden familian eta lagunen artean, bere benetako heriotzaren ordua heldu zen arte. Orduan, bere Limako lagun batek, ezustean, oroigarriz betetako kutxa bat aurkitu zuen bere etxean. Hor barruan zeuden, besteak beste, bidali gabeko eskutitzak eta bere emaztearen argazki bat. Dena agerian geratu zenerako bere andrea hilik zegoen eta bere semeak, ez baitzuen aita ezagutzen, gorpua ez aberriratzea erabaki zuen.
2001eko irailaren 11n Brandon Moy izeneko gizon iparramerikarrak oso antzeko pasadizo bat bizi izan zuen. World Trade Centerren kokatutako bulegora  berandu zihoala, hondamendia gertatu zen. Infernu hartan zaurituen laguntza lanetan egonik, telefonoentzako estaldurarik ez zegoela jabetu zen. Bat batean,  senide eta adiskideak ordurako hildakotzat hartuko zutela konturatu zen. Brandonek ez zeukan diru arazorik eta oso bizimodu lasaia eta erosoa zeraman bere emazte eta semearekin. Baina aspaldiko partez, ihes egiteko fantasiarekin bizi zen. Gaztaroko ametsak traizionatu zituelakoan zegoen eta asperdura zen jaun eta jabe bere egunetan.
Nahasmena aprobetxatuz ezarian alde egin zuen eta San Frantziskora abiatu zen bizitza berri baten bila.
Lehenengo gertakaria guztiz egiazkoa omen da. Bigarren hau, Luisgé Martin idazlearen La Misma Ciudad izeneko  eleberriaren argumentua. Horrexegatik ez dizut amaiera estalgabetuko. Baina bai liburua gomendatuko.

        

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina