"Cowboys & Alliens" pelikularen irudia |
Arratsaldero bezala Dionisio jaunak bakeroekin dauka hitzordua. Normalean
bakar bakarrik hausnartzen ditu pelikulak. Beste batzuetan, Elisa, bere andrea,
alboan jartzen da puntua eginez. Estatu Batuetako mendebaldeko mundu mitiko hori,
nahiz eta oso urrutiko herrialde batena izan, haren mundua da nonbait. Zintzo
eta zakar jokatzen dutenak argi ezberdintzen dira, nahiz batzuetan zenbait
zalantza izan kontaketa hasieran. Dionisioren “Second Life” horietan,
gizonezkoak beti dira gizon. Inork ez die esango noiz erre ahal duten edota
noiz mozkortu. Lehenago edo beranduago kristoren liskarra lehertuko
da “saloom”ean eta hor barruan denek jakingo dute zein den haien zeregina:
protagonistak eta bere lagun minek muturrekoak banatuko dituzte trebeziaz.
Ostiko bakoitzak beti txisteren bat lagun. Piano-jolea, erabat izututa,
musikaren bidez saiatuko da piztiak mantsotzen, baina alferrik. Gutxien espero
duenean bikote borrokalari batek bere instrumentu preziatu gainean jausiko dira
eta erdibitu egingo dute. Aulki hegalarien artean elkarri mokoka ariko dira,
festa giroan, poker jokalariak, herriko mozkortia eta betiko alprojak. Soinu
banda modura koristen oihu histerikoak. Ordena eta legea ordezkatzen dituen
sheriffa garaiz agertuko da, erabateko bukaera inposatzearren.
Dionisiok sekula ez du armarik
aldean eraman, bere aspaldiko soldaduskan mosketoi zaharra erabili zuenetik.
Dena den, badago zerbait unibertso horretan oso bere egiten zaiona. Inguru
horretan lana eta ohorea dira nagusi, emakumeek argi eta garbi dakite zein den
haien lekua eta autoritatea, John Waynek eta honen tankerako aktoreek
irudikatua, askotan kolokan agertu arren, beti jakingo du bere arrazoiak
inposatzen.
Benetako orduan hor egongo
dira aurrez aurre ongia eta gaizkia duelu erabakigarrian. Duda barik gaizkilea
bere maltzurkeria erabiltzen saiatuko da, baina alferrik. Bakeroen munduan
justizia beti da garaile.
Eguneroko tarte horietan
Dionisioren baloreek merezi duten lekua hartzen dute. Sheriffa, apaiza, urre
bila doazenak, indiarrak, emakumeak, gaizkileak, herriko mozkortia... denek
dakite zehazki zein den beren papera.
Pelikula amaitu ostean
albistegia dator. Gay harrotasunaren eguneko desfilea, Lloret de Mar-eko
mokorraldiak, ustelkeria, politikarien arteko miseriak... aspaldiko partez
benetako mundua arrotza egiten zaio. Kirolak ezik egunkaria ulertezin bihurtu
da eta arlo horretan ere, dopinak, fitxaketa milioidunek eta horrenbeste
neurrigabekeriek atsekabetzen dute gure laguna.
“Cowboyen” pelikulak
(harritzekoa zenbat egin diren) ETB 2ko eskaintzarik sendoena dira bazkalosteko
programazioan azken hamabost urteetan. SOFRES telebista-entzuleria neurtzeko
enpresaren arabera, gizon helduak dira kontsumitzaileen artean jaun eta jabe.
Azken bolada honetan beste
hainbat telebista katek pagotxa aurkitu dute eta tiroketa aukerak ugaritu egin
dira arratsalde partean. Dena den, “western”en produkzioa, saiakera ugari izan
arren, maldan behera doa Hollywooden, horrenbeste Dionisioren etsipenerako.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina