2013(e)ko irailaren 16(a), astelehena

HARRI FILOSOFALA


Egun oso aspaldiko batean aitak betiko argi utzi zidan. Auzoko tabernaren paretan nagusi zen  zuri-gorrien koadroa seinalatuz: “Hauek dira gureak, jokatzen duten guztiak bertokoak direlako”. Era horretan hasi zen nire Athletic-zaletasuna. Beste talde batzuena ez bezala, zaletasun hau bizia bezain eskergabea izan da.  Hasiera ezin hobea bizi ondoren -Elxen kontrako 1969ko kopa garaipena- urte luzeak etorri ziren porrotaren zapore mingotsa behin eta berriz dastatzeko, oso euforia-une gutxiren truke.

Baina azken finean guztiak oso azalpen zehatza zeukan: bertokoak dira. Kito.

Garai hartan, 1970eko hamarkadaren hasieran, egunkari honetan Athleticen historia-liburua saltzeko iragarki bat argitaratzen zen eta bertan irakurgai zegoen honako aipu hau: “Caso único en el fútbol mundial (L’l Equipe)”.

Bale. Ez ginen sekula santan txapeldunak izaten, baina gutxienez bageneukan kontsolagarri aparta: mundu osoan bakarrak ginen. Bertoko jokalariekin soilik jokatzen genuen. Hau guztia gertatzen zenean, Iribar zen Bizkaitik kanpoko jokalari bakarra eta gure talde maitea bere harrobitik eta inguruko herrietako klubetatik hornitzen zen. Hamarkada horretan hasiko ziren beste herrialde anaietako fitxaketak eta orduko agintariek “Operación Retorno” izendatuko zutena, alegia, urrutiko jokalari euskaldunak itzularazteko kanpaina.

Baina ez zen gurea kasu bakarra. Egun horietan,“Kirolak” izeneko aldizkariak poster erraldoi bat oparitu zuen bi argazki zekartzana, alde batean bat eta beste aldean beste bat: Athletic eta Errealarenak. Ezin dut gogoratu zein zen zurigorrien irudiari laguntzen zion leloa, baina bai txuri-urdinena: “Todos Guipuzcoanos”. Hara. Edurnezuri ipuinaren erreginak legez nik ere sumatu nituen nolabaiteko trumoiak barnean, sute bihurtu zirenak liga hartan irabazi zigutenean igande goibel batean, titulua eskuraezin utziz.

Hamarkada franko pasa dira eta denak gipuzkoarrak ziren horiek orain mundua dute harrobi (eta harrobia dira ere batzuetan beste batzuentzat). Gurean, ordea, ez da horrenbestetan harrobiaz berba egiten, “filosofiaz” baizik. Baina zein da zehatz-mehatz gaur egun filosofia horren “harria”?

Ezin da esan atzerritarrik ez dela fitxatzen, Frantzian hazitako jokalari bat daukagulako, ezin da esan Lezamako harrobikoak direnik, horietako asko urruneko taldeei fitxatuta ekarri direlako. Jendaurrean esaten ez dena (baina kolkorako askotan bai) hau da, filosofia hori  egiazko euskal selekzioaren papera betetzea dela. Azken hau, entzute hutsarekin, negalez zikintzen zaie aurpegia  gure auzokide euskaldunei.

Egia da, latza izango litzatekeela egun batetik bestera gainerako talde guztiak bezalakoa bihurtzea eta nirea bezalako horrenbeste aitek sinisten zutena bukatutzat ematea, baina ezin ukatu hau ere, gaur egungo “filosofia”rekin trikimailuak egiten ari garela bakar-jokoan.  Athletic ez da bere harrobian oinarritutako taldea, ez eta atzerritarrik barik osatutakoa ere. Egun, kanpoko hedabideetan nekez ulertzen da nondik norako “filosofia” den hori, eta orain gutxi arte, soilik ABC egunkariak goraipatzen zuen urtero bere lehen orrialdean “Espainiarrez osatutako talde bakarra” zela.

Ez dira falta “bigarren mailara jaitsiko garen egunean bukatuko da” esaten dutenak eta egia esan, tamalgarria izango litzateke benetan, porrotak bultzaturik “filosofia”z aldatu beharra. Agian Europan ibilbide bikaina egin eta gero, Errealak eman ahalko liguke nolabaiteko “harri filosofala”.

2 iruzkin:

  1. Zer da garrantzitsuena, bertako jatorria ala harrobian egina? Griezmann nerabea zelikan errealan jokalari, nahiz ta frantsesa izan. Athleticen berriz, jokalari ugari errioxakoak edo naparrak edo, baina beti harrobian haziak. Ta hori meritu haundi duela uste dut.

    Leioan ikasten nuenean erronka bat irabazi nuen athleticek atzerritarrak noizbait izan zituela baietz...Irabazi nuen afari bat :D

    Banekien juxtu 1911 urtean, La Coruñako deportivok (Ta errealak ere) errege koparen finalean partidua impugnatu zion athletici, hauek ingeles batzuk zituelako taldean. Egun horretatik aurrera atzerritarrak ez izatea erabaki zuten.

    http://www.linguasport.com/futbol/nacional/copa/copa11.htm

    ErantzunEzabatu
  2. Benetan interesgarria datua Estibaliz. Zenbait Athleticzaleen foroetan hasi dira nire kontra idazten (baten batek alde ere)"El Correorekin elkartu naizelako Atheticen kontra aritzeko". A zer ajea. Beitu, atzo bertan koñatarekin egon nintzen Anoetan eta Realak galdu bazuen ere oso egun dibertigarria suertatu zen. Eskerrik Asko informazioagatik.

    ErantzunEzabatu