2013(e)ko irailaren 11(a), asteazkena

UNEAK


Julieta Venegas aurtengo Donostiko ekitaldian

Azken batean uneek eratzen dute gure bizitza. Azkena heltzen zaigun bitartean, gutxien espero dugunean helduko baitzaigu beharbada, uneak biltzen aritzen gara. Zortea gure alde baldin badago hor egongo dira maitasuna eta samurtasuna, barrea eta zentzumenen bidez gozatzea. Zorioneko une preziatuak, gure argazki bildumek metatzen dituztenak, argazki bildumetan ez baititugu gorde nahi une saminak.
Baina horiek ere hor daude, dudarik gabe. Egia esan “zoriontsu izan nahi dut” esaten dugunean “ahalik eta une garratz gutxien jasan nahi dut” esan gura dugu, azken finean ondo dakigulako hor daudela gure zain, isilean mehatxatzeko gertu. Kartzela-zigorra jasotzen duena, merezi duen unerik gabe luzaroan bizitzera kondenatua dago. “Ezer merezi duenik konta” Hertzainak taldeak horren era borobilean kantatzen zuena alegia.   
Zer da, bada, gure oporretako bidaietan bilatzen duguna?  Zeren esperoan gaude gure futbol taldeko bazkide-txartela berritzen dugunean edota ikuskizunen baterako sarrerak erosten ditugunean? Hainbesteko beharra dugu “momentu bereziak ” bizitzeko , ezen nekez lortzen dugun etsipena gainditzea.
Industria ugari dugu “uneak” oinarri dituena. “Unegintza” honetan dihardugu telebistan eta irratian, literaturan eta musikan, kiroletan eta zinean. Une bikainen bila gabiltza egunero, baina ez dira horren erraz eratzen. Inolako antolaketarik gabe sortzen diren momentu ahaztezinak izaten dira onenak: espero ez zenuen hizketa sakona, espero ez zenuen solaskidearekin. Ezusteko ilunabar hori. Hazten garen heinean ustekabeak urri dira eta nekez errepika daitezke umetan bizi izandakoak. Ivan Zuluetaren “Arrebato” film mitikoan, protagonista liluraturik geratzen da bere haurtzaroko kromo-bilduma bat aurkitzean. Zinegile erotuaren pertsonaiak honako hau esaten dio:
 ”Esadazu, noiz arte egon zintezkeen kromo horri begira? Gogoratzen? Eta honi begira? Eta orla honi? Eta orrialde honi begira? Urteak, mendeak, goiz osoa, ezinezkoa da jakitea. Ihes betean zinen, estasian, pausaldian eskegita, zure onetik at, begiratu!”. Uda honetan bizi izan dudan unerik gozoenetako bat Julieta Venegasen “Los momentos” izeneko biraren ekitaldia izan da, hain zuzen. Donostiako gaua ederra, Zurriola hondartzaren alboan, adin eta itxura ezberdineko jendetzaren artean, elkarrekin hau kantatuz: El presente es lo único que tenemos / el presente es lo único que hay / es contigo mi vida con quien puedo sentir / que merece la pena vivir, jakin bagenekien arren, gezurretan genbiltzala, orainaldian landu daitezkeelako –berez lantzen ditugu– etorkizuneko lorpen eta porrotak, izan ere “Los momentos” izeneko abestian, Julieta berak argi eta garbi erakutsi zuen esandakoa: Y te dejé ir / no supe luchar por ti / y cada noche me reclaman / los momentos que pasé sin ti”.
Inoiz ez dugu jakingo zer momentu mota bizi izan genezakeen beste erabaki batzuk hartu izan bagenitu. Bizi izandako uneak gurekin doaz onerako eta txarrerako, amaiera arte. Inork ez ditu bizi izaten guk bizitzen ditugun moduan eta egunen batean gurekin batera egingo dute alde. Blade Runner pelikulan Roy Batty androideak hilzorian dagoelarik esaten duena: Zuek sinistuko ez zenituzketen gauzak ikusi ditut nik. Sutan zeuden espazio-ontziak erasotzea Orion baino urrutiago, C-izpiak iluntasunean distiraz Tannhäuser atearen ondoan. Une horiek guztiak denboran galduko dira, malkoak euritan bezala. Hiltzeko ordua da”.
Ordura arte, lagunok, une onak ahalik eta gehien izan ditzagula gozatzeko.

2 iruzkin:

  1. Sakona zure posta. Zer bilatzen dugun? Etorkizunerako pentsatzen bagara ez dugu bizitzen gaurkoa...Agian, bai.

    Sagueseko kontzertuan egondu ginen, lastima ez topatu ginenik. Beste egun batean, etorkizunean, agian...

    ErantzunEzabatu