2013(e)ko urriaren 29(a), asteartea

AHOTS GRABEAK

Sestaoko Orfeoiko kideak jende artean kantari
 



“Santurtziko enbaxadoreak” izatearren sarituak izan gara berriki Zarama taldekoak, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko “loriak” omentzeko antolatzen den urteroko ospakizun batean. Horrenbeste urte pasa eta gero honelako sarien txanda heldu omen zaigu. Urte bakar batean Santurtzikoa eta Ezkerraldekoa. Gidoia, kasu bietan, oso antzekoa: ohiko gala txaloz josita, tokiko artista batek egindako koadroa eskuratu eta familia-argazkia egin ondoren denok luntxera bapo jan eta edatera. Tira, esker oneko gizasemeak izaten irakatsiak gara eta edozein aitzakia da ona lagunekin elkartzeko eta “ezer merezi duenik konta” bizitzeko, are eta gehiago gure sorterri kuttunean denean.
Sestaoko Musika Eskolan ospatu zen emanaldi hau. Oholtzatik joan ginen pasatzen besteak beste, rockero zaharrak, ibilbide luzeko merkatariak, arraunlariak, Katxete estiloko birlearen lagunak, ehun urte bete dituen ehorztetxe baten arduradunak...
Galari ohorezko itxiera emateko Sestaoko Orfeoia gonbidaturik zegoen. Astiro-astiro haren berrogei bat  kide nire aurretik pasatu ziren agertoki bidean. Denak serio demonio, batez beste hirurogei urte inguruko gizonezkoak. Horietako aurpegi askotan luzaroan egindako lan gogorraren arrastoa,  burdingintzaren semeak, dudarik ez.  
“Eskerrik asko, pozik gaude benetan sarituak izateagatik, baina aprobetxatu nahi dut aukera hau arreta pixka bat gehiago eskatzeko hedabideen aldetik eta ez bakarrik non abestuko dugun aipatzeko...”. Orfeoiaren izenean Paco Cabo horrela aritu zen saria hartzerakoan. Gero saioari ekin zioten. Egundoko ekitaldia.  
Gaztetandik entzun dut etxean Orfeoiaz mintzatzen. Aita eta bere familia sestaoarrak ziren eta etxean orfeoiaz egiten zutenean berba, harrotasuna eta errespetua ziren beti nagusi. Egia esan, aretoan bertan konturatu nintzen ordura arte sekula ez nituela zuzenean ikusi izan. Inoiz ere ez zitzaidan burutik pasako horrenbeste gozatuko nuenik. Pedro Urkiza-ren gidaritzapean “Boga Boga” eta “Euskal Herriko” konposizioak jo zituzten. Ospakizun-aretoa mutu. Osteko txaloaldia gaueko beroena eta sentituena izan zen, ezbairik gabe, eta zenbaiten begietan nabaria zen emozioa.
Gero “pintxo saioan” eta era informalagoan, zuzendaria aulki batera igota, habaneren eta bilbainaden txandari ekin zioten, nahi zuenak kantuz lagun zezan.        
2006. urtean ehun urte bete zuten eta Cabok esan zidanez, etorkizunari begira ez dute baikorrak izateko arrazoirik. Gazteen artean kantatzeko ohitura erabat galduta dago eta urtez urte Orfeoia uzteko beharrean daudenek ez dute ordezkorik.
Baina hau ez da haien lehenengo egoera larria. Haien webgunean irakur daitekeenez:
Vatikanoko kontzilioaren ondoren, liturgia aldaketarekin batera, parrokietako koruak indarra galduz joan ziren. Gure korua hil-hurren ibili zen 1971ko martxoaren 8ra arte. Egun hartan berrantolatu eta birsortu zen indarberriturik gaur ezagutzen dugun Sestaoko Orfeoia, parrokiarekin inolako loturarik izan gabe. Teobaldo Guerrero, 1981eko urriaren 29ra arte, eta Santiago Allende, gaur arte, izan dira Orfeoiaren zuzendari eta haren ospe, duintasun, adiskidetasun eta seriotasunaren bultzatzaile handiak”.
Duintasuna, adiskidetasuna, seriotasuna... horiek ziren, hain zuzen, ahots horiek transmititu zizkigutenak. Sestaoko gaueko kale hutsetan zehar auto bila nindoala, oroitzapenak entzundako soinuekin nahasten ziren nire eztarria gogortuz. Urteak pasa ahala biguntzen ari ote naiz?    

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina