A GIRI IN THE MORNING
Richard Vaughan |
Bere goizeko “espitx”etan 61 urteko texastar hau Bibliaz has daiteke mintzatzen, bigarren mundu gerrara abiatzeko, tartean Cervantes eta Santimami aipatuz, naturaltasun osoz eta pedantekeria aldera utzita.
Lehenbiziko aldiz 1972. urtean Madrilera joan zen enpresaria –orduan irakaslea baino ez zen– goizeko bidaiari askoren erreferentea bilakatu da. Bere bakarrizketen ardatza hizkuntza da, baina, bide batez, ezagutzarekiko maitasuna eta izandako esperientzia agerian geratzen dira. Bere estiloa goizaldeko ordutegian agintzen duten irrati-izar porrokatuengandik guztiz urrutiratua da. Ikasle garaian izan nituen gogoko irakasle gutxi haiek ekartzen dizkit gogora.
Batzuetan, Richard ikasleek inguraturik agertzen zaigu. Horietan irakasle lanetan izandako eskarmentua nabaria da eta azalpen eta barreak ez ezik, ez dira falta errietak eta belarri berotzeak ere.
Hainbeste komunikatzaile xarmadunen antzera, Richard Vaughanen erakargarritasuna ez da bere begikotasunean bakarrik oinarritzen. Batzuetan maitagarria dirudi, beste batzuetan gorrotagarria eman dezake, baina badauka zerbait bere portaeran fidagarria dela esaten diguna. Klaseko ikasleak ere arretaz izan dira aukeratuak. Aspalditik hizkuntza ikasten orduak eman ditugunok erraz bereizten ditugu ezagututako ikasle motak: ez dakien arren kontrakoa uste duena, inguru-minguru ibiltzea gustuko duena, hizkuntzak ikasteko jaioa ez dena (baina klaseak oztopatzeko bai)... Richardek haietako bakoitza erabiltzen du hainbat maila kudeatzeko eta irratsaioa umore txinpartez osatzeko.
Izan ere, sarearen foroetan osteratxo bat eman ondoren, bere aldeko eta kontrakoen iritziak gori-gori azaltzen dira nonahi. Batzuen iritziz esataria, tipo harroputza eta handiustekoa besterik ez da “bertokoei nola jokatu behar dugun irakatsi nahi duena” eta beste batzuen ustez “benetako iraultzailea da ingelesa irakasten”.
Bere irudia lehenengoz ikusteko parada izan nuenean, irudikatzen nuenetik oso gertu suertatu zitzaidan. Ceciliak kantatzen zuen hitzetan esateko: “un hombre más bien de pelo cano, sonrisa abierta y ternura en las manos”. Ez dakit nondik norako fenomenoa izango den hau, baina hitz egiteko gaia –gero eta gehiago– izango delakoan nago.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina