2013(e)ko abenduaren 30(a), astelehena

EZ DAGO ILUSIO FALTSURIK


Siriako gerran hartutako irudia
Txiki-txikitan gertatu zitzaidan. Daukadan oroitzapenik zaharrenetarikoa da hau. Eskolako laguntxoen artean, jolas-orduan, “jaieguna zela” imajinatzera jolastu genuen. Ordu erdi geroago, txirrina jo zutenean, buru belarri geunden mundu liluragarri batean murgildurik. Amets batetik esnatuko baikinen izan zen. Gelara itzultzea benetan latza egin zitzaigun, inoiz ez bezala. Noizean behin pasadizo horretaz gogoratzen naiz, fantasia batean bizitzera gonbidatzen gaituztenean. Astearte gauean eta asteazkenean, urtero bezala, Jaungoikoaren urtebetetzea (alajaina) ospatu zen nonahi eta etziko beste ustezko gertaera aparta bat dugu zain: urte baten bukaera, beste urte baten hasiera. Beste egun bat besterik ez dela pentsa liteke -izan ere 1582. urtetik hona ospatzen da data horretan-, baina ez da hala. Egundoko eztandek eta mozkorraldi itzelek, Gabon Zahar gauaren ezin ukatuzko garrantzia gogoraraziko digute berriz. “Ez dago ilusio faltsurik” abesten zuten Hertzainak taldekoek, baina beldur naiz ilusio asko ez ote diren izango faltsuak bezain beharrezkoak. Bienvenido Mister Marshall, Good Bye Lenin eta Aupa Etxebesteren tankerako pelikuletan “ilusio faltsuak” antolatzen ziren. Lehenengoan Ipar Amerikako agintariei herri “tipycal spanish” batean zeudela antzezteko. Bigarrenean luzaroan konorterik gabe egondako andre komunista bati Ekialdeko Alemanian horma jausi ondoren guztiak berdin jarraitzen zuela irudikatzeko eta hirugarrenean, herriko jendeak jakin ez zezan, familia “ospetsu” bat hondamendian zegoela. The Truman Show izeneko filmean harago daramate iruzurra. Bizitza bera gezur itzela da Truman gizagaixoaren inguruan, “reallity” batentzako asmakizun zekena. Baina ez da zinean bakarrik gertatzen. Latinoamerikan asko antzinako indiarren eta ez konkistatzaileen ondorengoak direla konbentzituta daude. Beste alde batzuetan mota guztietako sarraskiak egiten ari dira jainko ezberdinek “agintzen dutelako”. Gurean ere ez dira falta fantasiak, sinistu nahi dugu euskarazkoa lehenengo katea dela, edo gaurko arazoak Nafarroako Erreinuaren garaian sortu zirela. Agian denok noizbait sinistu izan dugulako “ongi portatzeagatik” opariak etxera ekarriko dizkigutela, neguaren heltzearekin batera gure sinisteko gaitasuna etengabe handitzen dela dirudi. Eta bai. “Egun maitagarri hauetan” sinistu behar dugu. Ehun urte beteko dira laster Lehenengo Mundu Gerra hasi zenetik eta sinistu behar dugu (ametsetan bada ere) izandako eskarmentuak akats berberak ez errepikatzeko balioko dutela. Sinistu behar dugu demokrazia ez dela bakarrik izenburu eder bat, ezin dela geratu noizbehinka egiten diren bozketetan, tresna baliagarria bihurtu behar dela guztion eskubideak ahalbideratzeko eta arazoak konpontzeko. Sinistu behar dugu badela pobrezia, langabezia eta bazterkeria borrokatzeko ahalmenik, gazteentzako etorkizunik, finantza-lapurrak eta ustelak harrapatzerik... sinistu behar genuke, baita ere, Siriako edo Hego Sudaneko gerrak nazioartean geldiarazterik badagoela ... Bai badakit, agian askoz aproposagoa zatekeen zutabe hau atzoko inozente egunean argitaratu izana –agian egun hauetan ospatzearena ere ez da kasualitate hutsa– . Nolanahi ere, ilusioz beteriko urte berri ona opa dizuet! Bihotzez.

1 iruzkin: